Herrien arteko elkartasunak piztu du 2025eko sanferminei hasiera ematen dien suziriaren metxa, Yala Nafarroa con Palestina plataformaren eskutik hasi baitira bederatzi eguneko jaiak

Herrien arteko elkartasunak piztu du 2025eko sanferminei hasiera ematen dien suziriaren metxa, Yala Nafarroa con Palestina plataformaren eskutik hasi baitira bederatzi eguneko jaiak
Dyna Kharrat Juanbeltz gazteak bota du Txupinazoa, Lidón Soriano Segarra-k eta Eduardo Ibero Albo-k lagunduta
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Zenbait segundoz zain egon behar izan badugu ere, Txupinazoaren eztandak iragarri du, gaur eguerdian, 2025eko sanferminak hasi egin direla. Yala Nafarroa con Palestina plataformaren ordezkari Dyna Kharrat Juanbeltzek piztu du urtean jendeak gehien espero duen suziriaren sokatxoa, eta hasiera eman die bederatzi eguneko jaiei. Lidón Soriano Segarra eta Eduardo Ibero Albo izan dira Kharratekin batera udaletxeko balkoian. Guztien artean hitz hauek esanda: “Iruindarrak! Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!” festan murgiltzeko gonbita egin diete herritarrei. 

Iruñeko alkate Joseba Asiron Saez izan da udaletxeko balkoian, Yala Nafarroa con Palestina plataformako hiru ordezkariekin batera. Txupinazoa bota ondoren, zapia lotu dute lepoan. Lehen bolandera jaurti dute Pirotecnia Fiesta enpresako arduradun Andrea López Lana-ren jarraibideei segituz, hura izan baita, azken zazpi urteotan, Txupinazorako erabiltzen diren suziriak jarri eta ikuskatzeko arduraduna. Lehenaren ondotik, beste batzuk izan dira.

Udaletxe plaza mukuru bete duen jendetzak kantu artean egin die harrera aurtengo jaiei. Udaletxeko ezkaratzean, Nafarroako eta Euskadiko hainbat tokitako txistularien andanak eta La Pamplonesa musika-bandak Gainza-ren “Biribilketa” jo dute, jaiei hasiera ematen dien usadiozko pieza. Gero, plazaren erdian, “Agur jaunak” ohiturazko kanta jo dute. Txistulariei gaitariek hartu diete lekukoa, eta dantzan jarri dituzte bertan zeuden milaka lagunak. 

Hiriko hainbat tokitan ikusi eta entzun ahal izan da Txupinazoa, sei pantaila erraldoi instalatu baititu Iruñeko udalak. Pantaila horien bidez, Gazteluko plazara, Sarasate pasealekura, Antoniuttira, Foruen plazara, Yamaguchi plazara eta Federico Soto plazara bidali dira zenbat hedabidek emandako irudiak. Lortu nahi izan da, horrela, jaien hasieraz goza dezaten Udaletxe plazara bertaratu ezin baina jaien hasiera gozatu nahi izan duten iruindar eta bisitariek. 

Politikaren, hezkuntzaren, kirolaren eta gastronomiaren munduko ordezkari zenbait 
Txupinazoan, udalbatzako kideak eta haien gonbidatuak izan dira udaletxe barruan; ehun pertsona baino gehiago, guztira. Administrazio publiko eta instituzioetako ordezkari batzuk izan dira, baita hezkuntzaren eta kirolaren munduko zenbait ordezkari ere, eta ordezkari sozial batzuk. Horiek guztiek topa egin dute jaiak hasi direla ospatzeko. Bertan izan dira, besteak beste, Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesias, Gobernuaren ordezkari Nafarroan Alicia Echeverría Jaime eta Nafarroako Gobernuaren presidenteorde Ana Ollo Hualde. Horiez gain, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministro Elma Saiz Delgado ere izan da udaletxean. 

Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa agertu dira, halaber, Barneko kontseilari Amparo López Antelo, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Mari Carmen Maeztu Villafranca. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente Xabier Alcuaz Andueza eta Nafarroako Kontseiluaren presidente Ana Clara Villanueva Latorre ere izan dira bertan.

Ospakizunetan parte hartu dute, nola ez, Nafarroako zenbait udalerritako udal ordezkariak, hala nola Lizarrako alkate Marta Ruiz de Alda Parla, Erriberriko alkate José Etxarri Sueskun, Zangozako alkate Javier Solozábal Amorena, Antsoaingo alkate Marta Díez Napal, Beriaingo alkate José Manuel Menéndez González, Berriozarko alkate Iker Mairezcurrena Celaya, Burlatako alkate Berta Arizkun González, Uharteko alkate Alfredo Arruiz Sotés eta Noaingo alkate Luis Maya Armendáriz, besteak beste. 

Horiez guztiez gain, Txupinazoan izan dira Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko zuzendari Teresa Imízcoz Beunza, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zein Nafarroako Unibertsitateko errektoretzetako kide batzuk; Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako buru Andrea Lusarreta Monreal; eta Juan Martínez de Irujo pilotaria eta Joana Artieda sukaldaria, Iruña markako enbaxadoreak biak ere. 

Halako egun batean ezin zuten huts egin sanferminetako kartelaren egile Sandra Nadal Vital, zeina gurasoekin etorri baita. Azkenik, eguzki-tendiduko alkate Damián Sánchez izan da Txupinazoan udaletxe barruan. 

Jaia, kalean
Jaien hasieran, udaletxea izan da jaiaren erdigune; baina sanferminak kaleko jaiak dira. Horregatik, Txupinazoa jaurtitzeaz batera, martxan jarri da uztailaren 14ko gauerdira arte iraunen duen bostehun ekitalditik gorako programa oparoa. Musikak hartuko ditu jaien lehen orduak, txarangak eta bandak izanen baitira kaleetan barrena. Ondoren, 13:30ean, folklore-jaialdia izanen da Foruen plazan.

Arratsaldean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa aterako da lehenengoz sanferminetan, autobus geltokitik. 17:00etan aterako dira. Konpartsa Zabalguneko eta Alde Zaharreko zenbait kaletan barrena ibiliko da, Kale Nagusiko Ezpeleta jauregiraino. Zehazki, honako kale hauek zapalduko ditu: Bake plaza, Yanguas y Miranda kalea, Gartzia Ximenez kalea, Tutera kalea, Binkulo plaza, Sarasate pasealekua, San Ignazio etorbidea, Francisco Bergamín kalea, Emilio Arrieta kalea, Karlos III.aren etorbidea, Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, Navas de Tolosa kalea, Arazuri Doktorearen pasealekua, Errekoleten kalea, O-ko Andre Maria plaza, Sanduandia kalea, San Lorentzo kalea eta Kale Nagusia.

Gainera, 18:00etan, haurren aisialdirako eremuak irekiko dira: Birjolastu, Taconeran, eta Hauek Festak Hauek!, Askatasun plazan. Biak ala biak zabalik egonen dira 21:00ak arte. 18:00etan, halaber, jota-erronda izanen da Entzierroaren monumentuaren ondoan. 

23:00etan, herritarrak Ziudadelara inguratuko dira Su Artifizialen Egileen Nazioarteko XXIV. Lehiaketa ikustera. Lehen saio honetan, Frantziako FC Pyro piroteknia izanen dugu ikusgai, “Fantaisies scéniques” izeneko emankizunarekin.

Bezperak eta prozesioa
Jaietako lehen egun honetan, usadiozko Bezperak izanen dira 20:00etan, San Fermin kaperan. Udalbatzako zenbait kide izanen dira bertan. Katedraleko musika-kaperak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak, Ricardo Zoco Lampreabe kapera-maisua zuzendari dutela, zenbait abesti joko dituzte, besteak beste: ‘Domine ad adjuvandum’, Mariano García-rena (1809-1869); ‘Himno: Deus tuorun militum’, Miguel Navarro-k egina (1563-1627); ‘Dijo el Señor a mi Señor’, Aurelio Sagaseta-rena (1935); ‘Baetus vir 5 v’, Mariano Garcíarena (1809-1869) eta ‘Magnificat’, Fernando Remacha-rena (1898-1984).

Horiek izanen dira San Ferminen omenezko prozesioaren bezperan, zeina Alde Zaharreko kaleetan barrena izanen baita uztailaren 7an, jaietako egun handian. Udalbatza, Joseba Asiron alkatea buru duela, 09:55ean aterako da udaletxetik Andre Maria katedralera, honako hauek lagunduta: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, La Pamplonesa musika-banda, txistulariak, gaitariak, tinbalariak, lebitadun eta mazolariak, besteak beste. Denak elkarrekin joanen dira Katedraleko kabildoak harrera egin diezaien. 

Katedraletik, segizio guztia San Fermin kaperara joanen da, kale Nagusitik. Santua prozesioan eramanen dute Alde Zaharreko zenbait kaleetan barrena: Arazuri Doktorearen pasealekua, San Anton kalea, Zapatería kalea, San Saturnino kalea, eta Kale Nagusitik kaperara itzuliko dira. Ibilbidean zehar, ohiko momentikoak izanen dira, adibidez: Canta et Yanta-ren Quieren todos cantar jota, San Anton eta Taconera kaleen elkargunean; Glorioso San Fermín jota, Kontseiluko plazan, Txantreako Santiago abesbatzaren eskutik; San Zerningo putzutxokoa, zeinetan loreak jartzen baitira santuaren idulkian, Agur Jaunak entzuten den bitartean, eta Artearen Adiskideen jota, Kale Nagusian. Meza 12:00etan izanen da, santuaren irudia tenpluan dela.

¿Te ha sido útil esta página?