1,5 milioi pertsona inguruk parte hartu dute 2026ko sanferminetako ekitaldietan

1,5 milioi pertsona inguruk parte hartu dute 2026ko sanferminetako ekitaldietan
Iruñerriko Hiri Garraioak erabiltzaileen bigarren kopururik handieran erregistratu du sanferminetan: ia bi milioi bidaia
Fitxategi
rp balance

 

Gaixoa ni! ekitaldiak amaiera eman die bederatzi eguneko jaiei, eta 1,5 milioi pertsona inguruk parte hartu dute hirian antolatutako ekitaldietan. Normaltasunak eta, batez ere, beroak, markatu dituzte sanferminak. Jaiak prebentzio guztiekin ospatze aldera, hainbat ekitaldiren ordutegiak aldatu behar izan dira, hala nola prozesioa, herri-kirolak eta haurrendako jarduera batzuk. Salaketa kopurua % 16 murriztu da, baina atxilotutako pertsonen kopurua % 19 handitu da.

Jaien balantzeari buruzko datu nagusiak Kondestablearen jauregian aurkeztu dituzte Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Endika Alonso Irisarri Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkariak eta Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Gizarte Ekintzako, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkariak.

Aurten sanferminak inoiz baino biralagoak izan dira Iruñeko Udalaren sare sozial ofizialetan. @SanferminesPamplona kontuak Instagramen eta Facebooken dituen profil ofizialek 27,3 milioi erreprodukzio baino gehiago izan dituzte, 5.900.000 kontu baino gehiagora iritsi dira eta 15 egun eskasetan 33.800 jarraitzaile gehiago lortu dituzte; Instagramen igoera % 40koa izan da. Jaietan 493 storie eta 232 post eta reel argitaratu dira bi sareetan. Guztira, 650.000 elkarrekintzatik gora eragin dituzte.

Iruñerriko Hiri Garraioak erabiltzaileen bigarren kopururik handieran erregistratu du festetan: ia bi milioi bidaia, iaz grebak markatu zituen jaien ostean. Aurtengo sanferminetan 1.989.860 bidaia egin dira hiri-garraioan, iaz baino % 20,65 gehiago. Datu hori 2012az geroztiko bigarren erregistrorik onena da eta 2024an soilik gainditu zen 2.016.957 erabiltzailerekin.

Jaietako sexu-erasoei dagokienez, 28 salaketa jarri dira sexu-erasoengatik, gehienak ukituengatik, eta 21 pertsona atxilotu dituzte delitu horiek egotzita.

170.000 lagun Gazteluko plazako kontzertuetan
Gazteluko plazako kontzertuetan 170.000 pertsona bildu ziren, 2025ean baino 4.000 gehiago. Kontzerturik jendetsuena Ojete Calor taldearena izan zen, uztailaren 11 (larunbata), 20.000 pertsona bertaratu baitziren, eta ondoren Marlena taldearena, uztailaren 10ean (ostirala), 16.000 pertsona bildu zituena. Beste lau kontzertuk 15.000 pertsona bildu zituzten: Boney M taldearenak lehenengo egunean, KOMArenak (uztailak 7), Brigade Locorenak (uztailak 7, asteazkena) eta Jarfaiter raperoarenak (uztailak 13, astelehena). La Txama eta Merina Gris taldeek 10.000 pertsona bildu zituzten uztailaren 12an (igandea), eta beste sei artista hauen kontzertuek 8.000 lagun: Isabel Aaiun (uztailak 6), Bala (uztailak 7), Motxila 21 (uztailak 8, asteazkena), Neomak (uztailak 9, osteguna), Shinova (uztailak 10, ostirala) eta Hofe (uztailak 13, astelehena). Asteartean kontzertu berezia egin zuen Etzakit taldeak agertokiaren itxieran eta 6.000 pertsona bertaratu ziren.

Compañía plazan ia 37.500 lagun bertaratu ziren programazioaren 17 proposamenetara. Lehenengo egunean, Odd Signals+CCDISCO+Celia Carrera DJek 10.000 pertsona bildu zituzten, ondoren La Mala Pékora taldeak, uztailaren 9an (osteguna), 5.000 pertsona; Sedientos de Cumbia taldeak, uztailaren 13an (astelehena), 4.000, eta Frente Cumbiero taldeak, uztailaren 7an (asteartea), 3.000. Uztailaren 13an, astelehenarekin, Izo Fitzroy konpositore britainiarraren ordez aritu zen Travelling Brothers taldeak 2.000 pertsona bildu zituen, eta kopuru bera bertaratu zen Euskoprincess, Burutik eta Tarta Relena artisten ikuskizunetara.

Orquesta Mondragon taldeak eman zuen Adinekoen eguneko kontzertu berezia Gurutzeko plazan eta 6.000 pertsona batu ziren ekitaldira. Hori izan zen gune horretako hitzordurik jendetsuena, eta guztira 38.600 pertsona bertaratu dira bertara orkestren dantzaldiez eta banden musikaz gozatzera. Bandak ikustera 5.200 lagun baino gehiago hurbildu dira eta entzule gehien izan dituena Valtierrako Musika Banda izan da: 1.200 pertsona bildu zituen uztailaren 11n, larunbatarekin. 62.500 pertsonak parte hartu zuten Antoniuttiko ekitaldietan eta kontzerturik jendetsuena Puro Relajo taldearena izan zen: 9.000 lagun bertaratu ziren uztailaren 9an (osteguna).

Foruen plazako Sound Fermin zikloak 55.000 lagun bildu zituen, eta zortzi proposamenetako batera 7.000 pertsona bertaratu ziren. Parte hartzaile gehien izan zituen hitzordua Europa FM/ Uri Farréren festa izan zen, 9.000 pertsona bildu zituen hilaren 10ean, eta horren atzetik Lucia Salas & Jberen DJen saioa, zeinak hilaren 6an 8.000 pertsona bildu baitzituen. San Jose plazan –berrurbanizazio lanak hasi aurretik Sarasate pasealekuan egiten zen– 6.540 pertsona bildu dira: 2.520, Jota-soinuak zikloan; 1.230, bertsolarien eta dantzarien erakustaldietan, eta 1.500, Paz de Ziganda abesbatzak eta Javier Errok Queen talde britainiarraren omenez emandako kontzertu berezian. Kultur Aniztasunaren Eguneko kontzertuan 1.000 lagun egon ziren.

Aurten, festarako beste gune bat ere bazen, Pompelo Civivoxa hain zuzen, eta bertan egindako hiru kontzertuetara 860 pertsona bertaratu ziren. Demodé Quartet konpainarena izan zen jendetsuena, 400 pertsonarekin. Zentzumenen Babeslekua desgaitasunen bat edo aniztasun funtzionala duten pertsonendako lasai egoteko gunea da eta 3.348 pertsonek bisitatu dute.

Herri-kirolak goizeko 11:00etara aurreratu dira aurten beroagatik, eta 3.000 lagun inguru bildu dituzte aurten: larunbata izan zen egunik jendetsuena, 700 lagun bertaratu baitziren. Txistu- eta gaita-dantzaldietan 10.000 lagunek parte hartu dute. Auzoetan antolatutako jardueretan, haurrendakoetan zein goizetako bermut musikaletan, 2.270 lagun bildu dira. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteeretan 150.000 pertsonak parte hartu dute guztira; asteartean egin zuten agur esateko ekitaldian 2.000 lagun baino gehiago.

Txupinazoa eman zuten sei pantailen inguruan 31.500 pertsona bildu ziren. Gazteluko plazan bildu zen jende gehien: 18.000 pertsonak jarraitu zuten zuzenean lehenengo suziriaren jaurtiketa; Antoniutti parkean, 8.000 pertsona izan ziren; Foruen plazan, 3.500; Arrotxapeko Anelier pasealekuan, 1.000, eta Yamaguchi plazan eta Txantreako Arriurdineta plazan, 500 lagun bakoitzean. Gaixoa Ni ekitaldian, 8.500 lagun bildu ziren.

Gazteendako eremua (Foruen plaza)
Foruen plazako Gazteendako eremuko jardueretan (uztailaren 7tik 14ra bitarte) parte hartu duten pertsona kopuruak % 9,6 egin du behera: aurten 19.881 pertsona izan dira bertan eta 2025ean berriz, 22.000. Jende gutxiago bertaratu da sanferminetako arratsaldeetan erregistratu diren muturreko tenperaturak direla eta. Gune horretan ez da gora behera nabarmenik gertatu.

Jende gehien bertaratu zen eguna asteartea izan zen (uztailak 7): 621 parte-hartzaile izan ziren; horren atzetik, ostiralean, hilak 10, 3.231, eta larunbatean, hilak 11, 3.149. 12 eta 17 urte bitarteko gazteendako proposatutako berrogeita hamar jardueren artean, honako hauek izan dira jendetsuenak: Bacardit DJ-aren saioa (1.800 pertsona), Albinaren eta Donatellaren ikuskizuna (1.600) eta Kimbambá taldearen kontzertua (800), k-pop lantegian ere kopuru berak parte hartu zuen, eta Arsenike DJ-aren saioa (700 pertsona). Puzgarrietan 400 lagun inguruk parte hartu dute egunero.

Gazteendako eremuan, halaber, hainbat informazio-gune egon dira: EGHAM elkartearena, LGTBI+ errealitateari buruzkoa, Secretariado Gitano Fundazioarena eta Antox elkartearena, mendekotasunei eta adikzioei buruzkoa –564 lagunek jo dute bertara–; Iruñerriko Mankomunitatearen ur-tabernan, berriz,2.000 pertsonatik gora egon dira jaietan.

Bildutako zaborrak % 6,4 egin du gora, batez ere beirak
Sanferminetako hondakin-sorkuntza eta -bilketari buruzko datuak nabarmen egin dute gora. 1.254.440 kilo zabor jaso dituzte guztira Udalaren garbiketa-zerbitzuak eta Iruñerriko Mankomunitateak. Iaz baino % 6,4 gehiago da, 1.178.980 kilo jaso baitziren orduan. 

Igoera nabari horren arrazoia beiraren bilketa da, % 11,29 igo baita iazko kopuruekin alderatuta. 2025ean 544.180 kilo jaso ziren eta aurten 605.600 kilo. Hondakin gehien sortu ziren egunak honako hauek izan ziren: uztailak 7 (88.920 kilo), uztailak 6 (75.400 kilo) eta uztailak 8 (71.900 kilo). 

Iruñerriko Mankomunitatearen zabor bilketari dagokionez, apenas nabaritu da igoera (% 1,18), eta 2025ko 337.420 kilotik 341.400 kilora igaro da 2026an. Bestalde, Udalaren garbiketa-zerbitzuek bildutako zabor kopurua % 3,38 hazi da: 297.380 kilotik 307.440 kilora. 

Salaketa gutxiago aurkeztu dira, baina delitu gehiago ebatzi dira
2025eko datuekin alderatuta, % 16,4 egin du behera sanferminetan segurtasun indarren eta kidegoen aurrean aurkeztutako salaketa-kopuruak. Joan den urtean 1.304 salaketa aurkeztu ziren; aurten, berriz, 1.091. Aurtengoan ere ebasketak izan dira gehien salatu diren delituak. Bi salaketatik bat arrazoi horrengatik egin da (% 49,58). Atzetik datoz, alde handiarekin, lesioengatiko salaketak (84 Sanfermin guztietan, hau da, % 7,69), kalteak (38 salaketa) eta indarkeriaz egindako lapurretak (33 salaketa). Horiez gain, 24 salaketa jarri dituzte indarra erabiliz egindako lapurretengatik.

Salaketen beherakada islatzen duten datuen aurrean, nabarmen igo da ebatzitako delituen kopurua. Izan ere, aurten 215 pertsona atxilotu dituzte, salatutako delituen ustezko egileak direlakoan. 2025ean, 180 pertsona atxilotu zituzten. Zifren arabera, atxilotuen kopurua % 19 handitu da. 

Iruñeko Udaltzaingoan egin dira kidego guztien aurrean aurkeztu diren salaketen % 32,53 (1.091tik 355) eta atxiloketen % 31.62 hark egin ditu (215etik 68). Bestalde, Udaltzaingoak 74 salaketa jarri ditu zenbait udal-ordenantza ez betetzeagatik, eta beste 49 legeak eta beste arau batzuk ez betetzeagatik. 

Zehazki, udal-ordenantzak ez betetzeagatik jarritako 74 salaketetatik 53 Gizalegeari buruzko Udal Ordenantzaren aurkako jarreren ondorio dira. Horietatik 37 bide publikoan pixa egiteagatik edo zaborra botatzeagatik. Neurri txikiagoan, 5 salaketa jarri dira baimendu gabeko hiriguneetan kanpatu eta bainatzeagatik, 4 eremu publikoan elementuak jartzeagatik eta 3 zerbitzu publikoen funtzionamendua oztopatzeagatik. Guztizko kopuruak 2025ekoak baino nabarmen txikiagoak dira, orduan 150 salaketa jarri baitziren Gizalegeari buruzko Ordenantza ez betetzeagatik. Orduko hartan, bide publikoan pixa egitea izan zen arrazoi nagusia (jarri ziren 150 salaketatik 111).

Aurten, aurrekoez gain, 16 salaketa jarri dira Terrazei buruzko Ordenantza ez betetzeagatik; horietatik zazpi lizentzia ez izateagatik eta beste bederatzi baimendutako okupazio-eremua gainditzeagatik. Horri guztiari beste bost salaketa gehitu behar zaizkio, Entzierroaren Ordenantza ez betetzeagatik. Horietatik bi abelburuak ukitzeagatik edo haien arreta deitzeagatik izan dira; beste bat, ibilbidean irudia eta soinua erreproduzitzeko eta grabatzeko bitartekoak erabiltzeagatik; beste bat, ibilbideko hesian edo atarietan geldirik geratzeagatik; eta beste bat, atariko edo lokaleko ateak irekita izateagatik. 

Era berean, Iruñeko Udaltzaingoak beste 49 salaketa jarri ditu foru-legeak eta beste arau batzuk ez betetzeagatik. Gehienak, 49tik 46, Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ez betetzearen ondorioz. Honako hauek osatzen dute jarritako salaketen kopurua: bi salaketa Itxiera-ordutegiari eta Musikari buruzko 2/89 Foru Legea ez betetzeagatik, eta Lurralde Antolamenduari buruzko 1/17 Foru Dekretuari loturiko beste bat. 
Amaitzeko, Udaltzaingoak substantziak atzemateko bost akta ireki ditu. 

Erakundeen eta herritarren erantzuna erasoen aurrean
‘Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ kanpainako informazio-puntuak 12.343 pertsona artatu ditu 2026ko sanferminetan; iaz, berriz, 15.708 izan ziren, beraz, % 21,4 gutxiagok jo dute bertara aurten. Horietatik, % 70,84 emakumeak izan dira, % 29,14 gizonak, eta % 0,016 ez-bitarrak. Generoaren araberako banaketa iazkoaren antzekoa da. 

Eraso-kasuetan jarduteko jarraibideei buruzko informazioa eta aholkularitza ematen dituen puntu horretan, 14 gorabehera erregistratu dira, aurreko urtean baino 12 gutxiago, eta bi aldiz aktibatu da laguntza-zerbitzua. Nafarroako Gobernuaren Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroan (SIAIZ), berriz, hiru pertsona artatu dituzte.
 
Gainera, uztailaren 10etik 11rako gauean, emakume batek Gaztelugibelen jasan zuen erasoaren ondorioz, Bozeramaileen Batzarrak adierazpen instituzional bat egin zuen, erasoa guztiz gaitzetsi eta emakumearenganako eta haren inguruarenganako elkartasuna adierazteko. Herritarrek ere erantzun zioten erasoari, Iruñeko Udalak eta mugimendu feministak koordinatutako deialdi baten bidez. Deialdi horretan, jaietan izandako eraso guztiak salatu ziren. Elkarretaratzea uztailaren 12an egin zen, 21:00etan, Gazteluko plazan, eta milaka lagunek egin zuten bat deialdiarekin.

Elikagaien ikuskapen gehiago eta sonometria gehiago
Udalaren Elikagaien Segurtasuneko Ikuskaritza Zerbitzuek 98 ikuskapen egin dituzte uztailaren 6tik 14ra bitartean, elikagaien establezimendu eta postuetan; urtebete lehenago, aldiz, 83 egin zituzten. Ikuskapen horien helburua da elikagaien segurtasuna bermatzea eta establezimendu eta salmenta-postuetan osasun-araudia betetzen dela bermatzea. Ikuskapenen ondorioz, 162 akats antzeman dira. Gehienak instalazio eta aparatuetako gabeziekin lotuta zeuden (54 kasu), eta, hurrena, manipulatzaileek elikadura-higieneari buruzko prestakuntzarik ez izatearekin (26 kasu) eta elikagaiak behar bezala ez manipulatzearekin (25 kasu). Horiei, elikagaien kontserbazio-gabeziei (14) eta trazabilitateari loturikoak (11 kasu) gehitu behar zaizkie. Ikuskapenetan, 16 kilo elikagai konfiskatu dira, ezaugarri organoleptikoetan alterazioak zituztenak eta, beraz, kontsumitzeko egokiak ez zirenak.

Ikuskapen horiek zenbait establezimendutan eta Antoniuttin, Basotxoan, Taconeran, Errekoleten plazan eta O-ko Andre Mariaren plazan jarritako postu guztietan egin ziren, baita Runa parkean jarritako postuetan ere.
Bestalde, aurreko ikuskapenetan egindako errekerimenduen jarraipena ere egin du Udalak, eta establezimendu gehienek antzemandako akatsak konpondu dituztela egiaztatu du. Ez-betetzeak zuzendu ez diren kasuetan, dagozkien zehapen-espedienteak abiarazi dira. Era berean, jaiak zirela-eta jarduera hasi edo aldatu zuten establezimenduak lokalizatzeko lanak egin ziren. Testuinguru horretan, aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak babesten ez duen jarduera bat egiteagatik bi establezimendu ixteko agindu zen, eta beste bi establezimendutan ogitartekoen salmenta eteteko agindu zen.

Sonometriei dagokienez, sanferminetan 2.834 ikuskapen egin ziren zarata-mailak egiaztatzeko Alde Zaharreko eta Zabalguneko ostalaritzako eta aisialdiko 400 establezimendutan; 2025ean, berriz, 2.601 egin ziren. Horietatik % 74k (2.106) emaitza zuzenak eman zituzten. Hala ere, 651 kasutan musika altuegi zegoen (% 22,97) eta beste 77 kasutan oso altu (% 2,72). Guztira, 104 akta egin dira lizentzian emandako jarduera-baldintzak urratzeagatik, musika altuegi eta arotzeria irekita edukitzeagatik, eta kanpora begirako musika-instalazioak edukitzeagatik.

Bigarren erregistro onena bidaia-kopuruari dagokionez 
Aurtengo sanferminetan 1.989.860 bidaia egin dira hiri-garraioan, iaz baino % 20,65 gehiago. 2012az geroztiko erregistrorik onena da; 2024an soilik gainditu zen aurtengo datua, 2 milioik erabili baitzuten (zehazki, 2.016.957 erabiltzailek). 2014. urteaz geroztik, pixkanaka-pixkanaka, eskualdeko garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen kopuruak gora egin du; sanferminetan egindako bidaien ehunekoa, berriz, egonkor mantendu da, % 4,4 eta % 5 artean. 

2026ko sanferminak, sare sozialetako biralenak
2026ko sanferminak hiriko jaien historiako biralenak izan dira. @SanferminesPamplona kontuak Instagramen eta Facebooken dituen profil ofizialek 27,3 milioi erreprodukzio baino gehiago izan dituzte, 5.900.000 kontu baino gehiagora iritsi dira eta 15 egun eskasetan 33.800 jarraitzaile gehiago dituzte; Instagramen igoera % 40koa izan da. Iruñeko Udalaren estrategia izan da denbora errealean helaraztea jaietako funtsezko uneak, mugikorretik denek bizi ahal izan ditzaten Iruñean uztailaren 6tik 14ra gertatzen diren ekitaldi eta momentiko guztiak. 

Jaietan 493 storie, eta 232 post eta reel argitaratu dira bi sare horietan, ekitaldi garrantzitsuenei dagozkienak (txupinazoa, entzierroak, Gaixoa ni edo kontzertuak) zein agenda eta kanpainei buruzko informazioari buruzkoak. Erabiltzaile horiek sanferminak ikusi dituzte, baita mundu osoan iruzkindu eta partekatu ere. Guztira, 650.000 elkarrekintzatik gora izan dituzte.

Oihartzun mediatikoari dagokionez, 138 komunikabideetako 670 profesional grafikok eta kazetarik eman dute 2026ko sanferminen berri. Estatuko komunikabideez gain, honako herrialde hauetatik etorritako kazetariak akreditatu dira: Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania, Portugal, Suedia, Bulgaria, Ukraina, Turkia, Mexiko eta Tailandia. Estatuko eta nazioarteko ohiko komunikabide eta agentziek egindako lanaz gain, nazioarteko serie bateko filmaketa/grabaketa taldeak ere akreditatu dira, baita jaiei eta alderdi zehatzagoei buruzko dokumental eta erreportajeetakoak ere.

 

¿Te ha sido útil esta página?