Eslava kaleko 5. zenbakian (Ayestarán Bidegain familiarena da) Ernest eta Hadley Iruñean egon ziren lehenengo aldian, 1923an, ostatu eman zien etxe partikularra dago.
Haren oroitzapena ‘The Toronto Star Weekly’-n, 1923ko urriaren 27ko artikuluaren amaieran islatuta geratu zen: “Iruña bakarrik hamalau egunera dago itsasoz bidaiatuta, eta Eslava kaleko 5a beti dago hor”.
Etxebizitza partikularra zen, eta haren jabeak, Policarpo Bidegain eta Carmen Roncal, akordio batera heldu ziren 1923ko sanferminetan La Perla hotelarekin bertan turistei ostatu emateko. Policarpok eta Carmenek, bederatzi alaben gurasoek, ez zuten etxean apopilorik hartzen normalean, baina sanfermin horietan familian ekonomia-arazo bat zutelako egin zuten, eta apopiloak Hemingway eta haren emazte Hadley izan ziren. Ernest Hemingwayk 1923ko urriaren 27an idatzitako artikuluan etxe hori jasota geratu zen: “Zaharra zen, eta horma lodiak zituen, gotorleku baten antzera; logela zabala eta atsegina zen, zorua baldosazkoa, bi ohe handi eta eroso etzalekuan, eta kalera ematen zuen balkoi bat, burdinazko sareta batez inguratua. Oso eroso egon ginen bertan”.
Balkoi horretara atera zen Hemingway 1923ko uztailaren 7an, Iruñera heldu eta biharamunean, kaleko zalapartak erakarrita. Jaitsi, eta une horretan bere bizitza aldatu egin zen.