
I. EDIZIOA
Udalak 2018an jarri zuen abian programa, enpresa-berrikuntzan lagundu, lankidetza publiko-pribatua bultzatu eta Iruñean smart city soluzio eta zerbitzu berrien esperimentazioa eta ezarpena errazteko asmoz. Lehen edizio horretan sei proiektu aukeratu ziren benetako ingurune batean testatuak izateko, eta horietatik 5 arrakastaz ezarri ziren.
INBIOT: ONGIZATEA ETA AIREAREN KALITATEAREN HOBEKUNTZA
inBioten eraikinen barruko airea monitorizatu eta haren kalitatea hobetzeko konponbideak eskaintzen dituzte, nagusiki. Espazio osasungarriak sustatzea bilatzen dute, eraikinen erabiltzaileen ongizatea, sormena zein produktibitatea bultzatzeko, airearen kalitatearen hobekuntzaren bidez.
STOPLED: ARGI GEHIAGO, ISTRIPU GUTXIAGO
Helburua hiri-bideetako zirkulazio-istripuak murriztea da. Lurraren arrasean bi led lerro txertatzen dituzte ibilgailuaren irteeraren norabidean, hartara bide publikoaren erabiltzaileendako ikusgaitasuna hobetzeko.
SMARTAQUA: AURREZTU UREZTATZE ADIMENDUNAREN BIDEZ
SmartAqua proiektuak ureztatze adimenduna egiten du hiri-berdeguneetan. Ura aurrezten da eta funtsezko arazo bat konpontzen da: zenbat eta noiz ureztatu jakitea. Informazio hori sentsore, satelite bidezko informazio eta hainbat algoritmoren bidez eskuratzen da, eta aurreztea ahalbidetzen du.
URAD: ZIRKULAZIOAREN KUDEAKETA ADIMENDUNAGOA
uRAD proiektuaren asmoa da zenbaketa bat egitea, hiriko mugikortasunaren gaineko azterketa bat, zirkulazioaren kudeaketa adimentsuago baterako. Radar teknologia erabiltzen dute trafikoaren inguruko azterketak egiteko: ibilgailuen zenbaketa egiten dute, zirkulazio handieneko orduak aztertzen dituzte, bai eta eremu jakin batetik zein motatako ibilgailuak igarotzen diren bereizi ere; eta gauza bera bidegorriarekin.
AGROPESALERT: IZURRITEAK ETA TRANPA ELEKTRIKOAK
Agropestalert proiektuak intsektu-izurriteak monitorizatzeko gailu elektronikoak garatu eta haien inguruko ikerketak egiten ditu. Tranpa elektroniko bat da, eta intsektuaren burrunba detektatzen du hegan sartzen denean. Horrekin, izurritea identifikatu, informazioa ematen da haririk gabeko bitartekoen bidez, informazio hori Interneten prozesatu eta alarma igortzen zaio zerbitzua kontratatuta daukanari.
II. EDIZIOA
Bigarren ediziorako deialdia 2020. urtearen amaieran egin zen eta 5 proiektuak 2021ean gauzatu ziren; horietatik lauk emaitza onak eman zituzten.
Kunak Green Move
Beste proiektuetako batek, Kunak enpresarenak, airearen kalitatea neurtzeko Kunak Air V3 teknologiaren funtzionamendua aztertzen du, bai mugikortasun jasangarriko ekintzak ebaluatzeko, bai eta, monitorizazio-kanpainen bidez, eguneroko ohiturek tokiko airearen kalitatean duten eragina neurtzeko. Azterketa horren bidez jasotako datuak tokiko sentsibilizazio-kanpainetan erabili ahal izanen dira.
Smart water flow monitor
Bartzelonako ‘Defcon8 S.L.’ enpresak, berriz, energia-eraginkortasuneko soluzio bat proposatu du: erabiltzaileari denbora errealean ematen dio une horretan egiten ari den ur kontsumoari buruzko feedbacka, Smart water flow monitor monitore baten bidez, gauzen Internetean oinarrituta. Proiektuak uraren kontsumo eraginkorrari buruzko kontzientzia sortu nahi du, eta proposamen baliotsuak eskaintzen ditu, hala nola ur beroaren eta hotzaren fluxuari eta tenperaturari buruzko datuen tratamendu estatistikoa, egunero kontsumo-helburu bat ezartzeko aukera, eguneko gastu osoaren kontagailu bat edo ihesak detektatzeko gailu bat. Datuak ispiluan integratutako pantaila ikusezin baten bidez eskaintzen zaizkio erabiltzaileari.
Smarth-Prop
Termostato-sistema bat da, eta Wi-Fi bidez konektatutako sentsoreen bidez berokuntza- edo hozte-sistema multizonalen urruneko kontrola ezar dezake. Autoikaskuntzako eta autodoikuntzako irtenbide adimentsua da, adimen artifizialeko algoritmoak oinarri hartuta automatikoki detektatzeko energia-kontsumoaren portaera, eraikin baten modelatze termikoa eta energia-eskariaren iragarpena eta optimizazioa. Hala, eraikinetako gastuen % 40ra bitarte aurrezteko aukera ematen du.
3. edizioa
Ezagutu itzazu 2024. urtean eginen den 3. edizioaren xehetasun guztiak.
Mikrosorgailuen bidezko autoekoizpen elektrikoa. Energía Gara elkartea
Energia Gara elkartea energia eolikoko 10 mikrosorgailuk ekoitzitako energiarekin aritu da lanean; Etxabakoizko hiri-altzarietan jarri dituzte mikroaerosorgailuak, eta haiei esker ekoitzitako energia igogailu publikoa elikatzeko eta zonalde hori argiztatzeko baliatu da. Mikroaerosorgailu horizontalak dira, eta Etxabakoizko Lantegi Eskolakoek instalatu dituzte igogailuaren gaineko pasealekuko bi pergolatan. Gailu horiei esker, datuak bildu dira haizearen ezaugarriak aztertzeko, eta epe luzeko jarraipen-prozesu baten probak egin litezke. Enpresak hainbat astez probatu du sortutako energiaren iraulketa-interfazearen funtzionamendu egokia.
Edukierarekin eta segurtasunarekin lotutako estatistikak, kamerak eta adimen artifiziala baliatuta. Copysan Comunicaciones SL
Copysan Comunicaciones SL enpresak hiriko bi gunetan egin ditu probak: Iruñeko Udalaren zaintza-kameren bidez pertsonak zenbatu eta krisiei aurrea hartzeko esperimentu bana egin dira, eta xede horretarako, gainera, adimen artifizialeko algoritmoak baliatu dira. Esate baterako, kameretako bat Sadar inguruan zegoen kokatuta, eta hari esker, zehaztasunez behatzen ahal ziren “aglomerazio-mugimenduak”, behar jakinak daudenean jendez pilatutako guneak kudeatzeko erabakiak hartze aldera. Era berean, enpresak aukera izan du sistemaren eraginkortasuna egiaztatu eta haren iragarpen-ahalmena doitzeko.
SENS (Smart Environmental Noise System). Music Technology Group eta Pompeu Fabra Unibertsitatea
Music Technology Group taldeak eta Pompeu Fabra Unibertsitateak espazio publikoko zarata aztertu dute, eta horretarako, ingurumen-zarata neurtzeko bost sentsore eta zaratak herritarrengan duen eragin emozionala kalkulatzen duten algoritmoak baliatu dituzte, kalitate akustikoa hobetzeko erabakiak hartzen laguntzeko xedez.
4. edizioa
Deialdiaren 4. edizioa urriaren 17an argitaratuko da
- Deialdia aurkeztea430.6 KB
- Hautatutako proiektuak aurkeztea364.49 KB