Gaur, asteazkenarekin, ireki da Agustindarren industrialdeko Xurgapen Basoan eginen den boluntarioendako hirugarren jardunaldian parte hartzeko izena emateko epea. Jardunaldia azaroaren 25ean izanen da, 10:00etatik 12:00etara. Datozen hiru hamarkadetan hiriko birika berde gisa haziko den baso horren landaketa aurtengo apirilean amaitu zen, eta orain, asmoa da udan sortu diren hutsarteak berriz landatzea eta mantentze-lanak egitea hala nola zurkaitz edo babesle berriak jartzea.
Adin mugarik ez duen doako jarduera horretan parte hartu nahi dutenek 010 telefonoan eman behar dute izena, eta 948420100 telefonoan Iruñeaz kanpotik deitzen badute. 75 lagunendako lekua dago. Jardunaldiaren aurreko egunean izena ematen dutenei posta elektronikoz iritsiko zaizkie topagune zehatzari, materialei/jantziei eta jardunaldiaren garapen zehatzari buruzko jarraibideak.
Jarduera honetan datza: markatuta dauden landare ihartuak kentzea, zuloa irekitzea, landare berri bat landatzea eta babesak jartzea. Parte hartzen dutenek arropa eta oinetako egokiak eraman beharko dituzte, baita eskularruak, guraizeak, hamaiketakoa eta landarearendako ura ere. Jardunaldiari hasiera emateko, jarduerari buruzko azalpen botanikoak eta basogintzari buruzkoak emanen dira. Ondoren, 20 laguneko taldeetan, eta espezialistek lagunduta, zuloak irekiko dira aitzurrarekin eta konpostarekin eta ardi-artilearekin prestatuko dira. Ondoren, landarea jarri eta 50 zentimetro inguruko diametroa duen hozitzearen kontrako artilezko sare batekin estaliko da lepoa, eta, enborra inguratzen duen babesleari zurkaitza jarriko zaio. Bukatzeko, landatutako zuhaitzak ureztatu beharko dira.
Baso gazte bat zaintzea
Une honetan, eremuak 2.000 zuhaitz baino gehiago ditu, besteak beste, haritzak, arteak, zumarrak, astigarrak, urkiak, intxaurrondoak eta serbalak, baita 250 zuhaixka autoktono ere (ipurua, zuhandorra, gurbitza, elorri zuria, marmaratila, sasiama eta basarana). Basoak gainera kudeatzeko plan propioa du, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren laguntza teknikoarekin egina. Landarediak helduaroko tamaina hartzean, basoak guztira 322 tona CO2 kenduko ditu atmosferatik, eta, horrez gain, berotegi efektuko gasen emisioa orekatzen eta hiriko karbono-aztarna murrizten lagunduko du. Horregatik deitzen zaio “karbono dioxidoa bahitzen duen basoa”.
Landatutako ale guztietatik 150 inguru birlandatu beharko dira egun horretan, hasieran jarritakoen % 7, eta, horrez gain, beste batzuen babesa berrikusi beharko da. Aurtengo udan, salbamenduzko ureztatze bat egin zen abuztuko bero-boladaren aurretik, ez ordea aurreko udan, 2 ureztatzeak ekaineko suteen ondoren egin baitziren.
Baso hori hiriaren aldaketa klimatikoaren aurkako Go Green Iruña estrategiaren baitan jasota dagoen neurrietako bat da. Berez, basoa ‘Karbono-aztarnaren, -konpentsazioaren eta karbono-dioxidoaren xurgapen proiektuen erregistro nazionalean' sartuta dago, hain zuzen ere Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioko Klima-Aldaketaren Espainiako Bulegoaren erregistroan. 2021. urtean ekin zitzaion basoa landatzeari, eta Nafarroako Gobernuaren finantzazioa izan zuen kanpaina hartan.
Hornidura horrek ondorio positibo gehiago ere baditu: hiri-paisaia hobetzea, biodibertsitatea handitzea, airea berritzen laguntzea eta berotze globalaren aurka borrokatzea. Basoak lur gaineko animalia eta landareen % 80 ingururen bizilekua dira; gainera, haziak sakabanatzea, polinizazioa eta ernalketa bermatzen dituzte, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte hala nola egurra eta babesa eta giltzarri dira uraren zikloan.