Udaltzaingoak 2.620 jarduketa egin ditu alarma-egoera dekretatu zenetik, ohi baino % 30 gutxiago, eta zehapenak proposatu ditu 1.290 lagunentzat

Udaltzaingoak 2.620 jarduketa egin ditu alarma-egoera dekretatu zenetik, ohi baino % 30 gutxiago, eta zehapenak proposatu ditu 1.290 lagunentzat
Delitugintza % 79 murriztu da, hiriko zirkulazioak % 80 egin du behera, eta ez da harrapaketarik erregistratu alarma-egoera dekretatu zenetik

Iruñeko Udaltzaingoak 2.620 jarduketa egin ditu guztira martxoaren 14an alarma-egoera dekretatu zenetik, batez beste 65 jarduketa egunean, ohi baino % 30 inguru gutxiago, eguneko batezbestekoa 90 jarduketa izaten baita. Osasun-krisialdiak ezarritako mugen eta murrizketen ondorioz, delitugintzak % 79 egin du behera, zirkulazio-istripuak % 80 murriztu dira eta Alde Zaharrera egiten diren sarrerak –bideokamerek neurtuak– % 35 gutxiago izan dira.
 

Jabier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak hitza hartu du Lehendakaritza Batzordean, berak eskaturik, Udaltzaingoak osasun-alertako egoera honetan egin dituen jarduketen berri emateko. Alarma-egoera dekretatu zenetik igarotako 40 egun hauetan 2.620 jarduketa egin dira, eta horien % 45 ohizko lan-aginduak izan dira (zaintza-lanak funtsezko zerbitzu, supermerkatu eta farmazietan, programatutako kontrolak...); jarduketen % 18 bizilagunen zein etxe berekoen arteko elkarbizitza-arazoei irtenbide emateko egin dira, % 18 ordena publikoko arazoak konpontzeko; % 10 laguntza behar zutenei arreta emateko, eta gainerako % 9a zarata-arazoak eta auzotarrei eragindako trabak konpontzeko jarduketak izan dira.
 

Udaltzaingoak alarma-egoera ez betetzeagatik zehapenak proposatu ditu 1.290 lagunentzat, koronabirusaren krisiarengatiko muga eta murrizketei loturik. Horien 261 gidarientzat izan dira, eta 1.029 oinezkoentzat. Gidarien % 45ek ohizko kontroletan jaso dute zehapena, baldintzak ez betetzeagatik, eta % 55ek kontrol horietatik kanpo. Guztira 12.406 ibilgailuri egin zaie kontrola: 11.747 autori eta hiriarteko 659 autobusi. Oinezkoei egindako milatik gora zehapen-proposamen horien % 89 bide publikoan baldintzak ez betetzeagatik egin ziren, % 6 baldintzak garraio publikoan ez betetzeagatik, eta % 5 ustezko ez-betetzeengatik lokal, etxabe, etxebizitza eta abarretan.
 

% 79 delitu gutxiago eta harrapaketarik ez martxoaren 15az geroztik
 

Udaltzaingoaren Salaketa Bulegoaren datuen arabera, delitugintzak % 79,2 egin du behera: 87 delitu salatu dira martxoaren 15etik apirilaren 20ra, eta kopuru hori 418 eta 434 izan zen, hurrenez hurren, 2019an eta 2018an. Ebasketa delituak % 97 murriztu dira (4 izan dira, iazko 188en aldean); indarkeria erabilita egindako lapurretak, % 50 (4, 2019ko 8en aldean), eta lesio delituak, % 86,2 (4 izan dira, iazkoak, 29).
 

Alarma-egoera indarrean denetik 50 zirkulazio-istripu gertatu dira Iruñean, eta harrapaketarik ez. Azken bi urteetan denbora-tarte berean jazotakoarekin alderatuz gero, egiaztatzen da zirkulazio-istripuek % 82,35 egin dutela behera 2019ko datuen aldean (268 istripu), eta % 81,34 2018koen aldean (256 istripu). Harrapaketen kasuan, ez denez inolako harrapaketarik egon, beherakada nabaria da, 2019an 24 egon baitziren, eta 2018an, 11.
 

Azkenik, CECOP Udaltzaingoaren 092 telefonogunean dei gehiago jaso dira, iazkoen aldean % 33 gehiago, alegia. Izan ere, 2019ko martxoaren 16aren eta apirilaren 20aren artean 19.444 dei erregistratu ziren, eta aurten kopuruak 25.924 jo du. Gorakada hori koronabirusari loturiko deiek eragin dute hein handi batean, nagusiki alarma-estatuak iraun bitarte ezarritako mugikortasun-murrizketei edo mugei buruzko zalantzak argitzeko asmoz egindakoek.
 

Koronabirusak jotako 8 udaltzain
 

Alarma-egoera dekretatu zenetik, koronabirusagatik baja hartuta zeuden udaltzainen kopuruak gailurra jo zuen joan den martxoaren 30ean, 25era iritsita. Orduan udaltzainak ez ziren jotzen diagnosi-testa egiteko moduko funtsezko langile edo osasun-langiletzat. Hori horrela, gaixotasunarekin bat zetozen sintomak zituzten udaltzainak koronabirusak jotako langile gisa jotzen ziren (bajan), eta haiekin harremanetan egon ahal izandakoekin ere berdin jokatzen zen, hau da, positibotzat jotzen ziren eta beren etxean konfinaturik egotera behartzen zitzaien.  
 

Udaltzainei testa egin ahal izan zitzaienean, apirilaren 5ean, 25 baja (18 positibo eta 7 analisiaren zain) horien emaitza hauxe izan zen: Covid-19an positibo emandako 21 udaltzain. Ordutik hona behera egin du positiboen kopuruak, ez da kasu positibo berririk atzeman. Apirilaren 24an, koronabirusean positibo eman zuten 8 udaltzain zeuden. Kalkuluen arabera, baliteke kasu positiboen % 20 lan-esparruan kutsatu izana.
 

Udaltzaingoaren plantillaren antolamendua
 

Koronabirusaren osasun-krisiari aurre egiteko eta herritarrei beharrezko arreta ematen segitzeko, Iruñeko Udaltzaingoak neurri orokorrak eta plantilla-egiturari lotutako zenbait neurri hartu zituen, alarma-egoera dekretatu baino lehen hartu ere, gaixotasuna hedatu zedin ekiditeko. Neurri orokorrei dagokienez, lantokien artean 2 metroko tarteak ezarri ziren, zenbait guneetara sartzea debekatu zitzaion jendeari, hatz-markarekin fitxatzeari utzi zitzaion, laneko arropak etxetik jantzita joatea eskatu zen aldagelak erabili behar ez izateko eta Iruñeaz kanpo egon litezkeen lan-bidaiak eta bilerak mugatu ziren.
 

Udaltzaingoaren plantillan eta Burutzaren agindu bidez, lanerako lantalde kritikoak eta funtsezko operatiboak ezarri ziren (CECOP, Atestatu Taldea, Salaketa Bulegoa...), ezinbestekoak baitira Udaltzaingoaren funtzionamendurako. Zerbitzu horien beharren arabera, aginduak baimena ematen du behar diren langileak ordeztu edo lekualdatzeko, zerbitzu horietako langileak bajan edo berrogeialdian egonez gero, betiere zerbitzu horiek mantentzea jomugan. Hori abiapuntu harturik, langileak hainbat multzotan banatu dira, lan-ordutegi eta -banaketan zenbait aldaketa eginez, funtzionamendu-arau batzuei jarraiki, lana egiteko NBE ekipamenduaz horniturik eta segurtasun-neurriekin bat.
 

Eskumen gehiago eta aginte bakarra
 

Joan den martxoaren 14an alarma-estatua dekretatu zenetik, Iruñeko Udaltzaingoaren jarduna bi motatakoa izan da; izan ere, ohiko jarduketez eta eskumenez aparte bere gain hartu behar izan ditu 463/2020 Errege Dekretua aplikatzearen ondoriozko kontrol-betebeharrek eragin dituzten beste jarduketa batzuk. Horien jomuga izan dira funtsezko zerbitzu eta azpiegitura kritikoen zaintza-zerbitzuak eta Errege Dekretu horrek ezartzen zituen mugen kontrol- eta zaintza-lanak.
 

Eskumen berri horiek eta Estatuak Nafarroan dituen segurtasun-kidego zein-indarrak arautu eta koordinatzeko, aginte bakarra sortu zen, Gobernuko Ordezkaritzaren esku dagoena. Hau da, bai Iruñeko Udaltzaingoa bai gainerako polizia-kidegoak Gobernuko Ordezkaritzaren agindupean daude, Alarma-egoerari buruzko Errege Dekretuaren 5. artikuluak arautzen duenarekin bat.
 

Funtsezko zerbitzuak zaintzeko eskumen berri horiei dagokienez, Iruñeko Udaltzaingoak zenbait osasun-zentro, supermerkatu edo farmazia babestu eta zaintzeko zereginetan parte hartu du. Errege Dekretuak Udaltzaingoaren (eta gainerako polizien) esku uzten du arau horrek jasotzen dituen neurriak betearaztea: pertsonen zirkulazio-askatasunaren gaineko mugak, euste-neurriak merkataritza, kultura, aisia, kirol, ostalaritza eta bestelako esparruetan eta euste-neurriak gurtzarako tokietan eta zeremonia zibil zein erlijiosoetan. Hori horrela, Udaltzaingoaren zeregina da Errege Dekretu horren bidez etendako zerbitzuak eta jarduerak gauzatu daitezen eragoztea –berariaz salbuetsitakoak izan ezik–, eta behar diren egiaztapenak egitea, hala pertsonengan nola ibilgailu, lokal zein establezimenduetan, muga horiek betetzen direla ziurtatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?