Udalaren eta kolektiboen elkarlanari esker, kultura plazaratu eta ikusle berriengana iritsi diren 10 jaialdi eta ekimen berri baino gehiago abiatu dira

Udalaren eta kolektiboen elkarlanari esker, kultura plazaratu eta ikusle berriengana iritsi diren 10 jaialdi eta ekimen berri baino gehiago abiatu dira
Proiektu artistiko eta kulturaletarako diru-laguntzen zenbatekoak % 20 handitu dira, 377.000tik 454.000 eurora igarota 2015etik 2018ra

Iruñeko Udalaren eta hiriko kolektibo zein entitateen arteko elkarlanari esker bultzada handia eman zaie azken urteotan kalean egin diren hainbat jaialdi eta kultur jarduera berriei, artea ikusle berriengana eramanez. Kultur jarduerak antolatzeko herritarren ekimenei eman zaien bultzada diru-laguntzen lerroak handitzearen bidez eta sari-lehiaketa berri bat sortuta sustatu da. Izan ere, proiektu artistikoak eta kulturalak egiteko diru-laguntzen deialdiak 377.000 euroko zuzkidura zuen 2015ean, eta iaz, hiru deialditan banaturik, 454.000 euro zituen guztira (% 20ko gorakada). 

Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta Maitena Muruzabal Alorreko zuzendariak goizean emandako prentsaurrekoan aurkeztu dute ekimen berrien balantzea, eta, aditzera eman dutenez, Udalaren programak antolatzea bezain garrantzizkotzat jotzen dituzte entitate eta sortzaileekin egiten dituzten elkarlanak, xede baitute herritarrek eta artistek parte-hartze aktiboa izan dezaten hiriaren bizitza kultural eta artistikoan, eta hartara, haien arte-jarduerak eta -sorkuntzak bultzatuz. Zenbait adibide ematearren, Udalak laguntza eman du Beltza Weekend, Santas Pascuas eta Zinetika jaialdietan, eta horrela, Iruñeko Udalak berak 2016tik geroztik sortutakoei batu zaizkie: Harresietako jaialdia, Bestelako argiak, Pim Pam Ville, Ibai Ertzean, Garaikide, Yamaguchi Torii eta Flamenco on Fire balkoietako zikloa. Halaber, askotariko eta kalitateko diziplinak bermatu eta mota askotako publikoarengana iristeko asmoz, sanferminetan txertatu dira Birjolastu, Kirolari eta Foruen plazako Gazte-eremua zikloak.

Diru-laguntza, hura esleitu eta berehala eman da
Proiektu artistiko eta kulturalak egiteko diru-laguntzen 2016ko deialdia 377.000tik 400.400 eurora handitu zen, eta 2017an 439.500 euro jo zuten, hiru deialditan banaturik: urteko proiektu artistikoak egiteko bat (266.500 euro), kultura eta artea hedatzeko jarduerak egiteko beste bat (152.000 euro) eta sormen artistikorako sari-deialdi berria (21.000 euro). Iaz, berriro, kopuruak handitu ziren, 454.000 eurora bitarte handitu ere: urteko proiektu artistikoak egiteko deialdian 268.000 euro banatu ziren diru-laguntzetan, kultura eta artea hedatzeko jarduerak egitekoan 156.000 euro, eta sormen artistikorako sari-deialdian, 30.000 euro, 3.000 euroko sari bana emanez 10 proiekturi.

Kopuru handiagoez gain bada beste berritasunik: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa deialdiaren ebazpena ematen den unean ordaintzen zaie entitate guztiei. Entitateak jarduera kultural eta artistikoetarako diru-laguntzen azkeneko hiru deialdietan diru-laguntzarik jaso eta hori oso-osorik justifikatu badu, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 70 ordaintzeko agindua ematen da. Behin jarduera egin eta gastuak justifikatu eta gero, gainerako % 30a ordaintzen da. Gainerako kasuetan diru-laguntzaren % 50 ordaintzen da, bi une horietako bakoitzean. Aurreko deialdietan % 60 soilik aurreratzen zitzaien aurreko hiru deialdietan diru-laguntza jaso zuten entitateei.

Herritarrek eta artistek hiriaren bizitza kultural eta artistikoan parte har dezaten bide ematea
Diru-laguntzak berrikustearen ondorioz, hirian jarduera kultural berriak sortu eta garatzea erraztu da, eta sorkuntza artistikoa suspertu da, kultur ekimenak plazaratzeko aukera emanez. 2016 eta 2018 artean, honako jaialdi eta jarduera berri hauek jaio dira: Beltza Weekend jaialdia, Gautxoriak Soul Club elkartearen eskutik; Globalizazioaren, lurraldearen eta kulturaren inguruko jardunaldiak, Nabarralde Fundazioaren eskutik; Santas Pascuas jaialdia, Los Bolígrafos SL-rena; eta Zinetika (bideo-dantzaren nazioarteko jaialdia), El trastero creativo-ren eskutik. Bazeuden ekimenak eta entitateak babesten jarraitu da, eta Udalak lehen aldiz lagundu ditu, deialdi horien bidez, Iruña beltza eta 948 Pasarela ekimenak. Horrez gain, Udalak Biko-teka eta Karrikan proiektuak ere lagundu ditu; lehenak album irudidun bat sortu eta ekoizteko laguntza ematea du xede, eta bigarrenak, kale-ikuskizun bat sortzea.

Iruñeko Udalak, Kultura eta Hezkuntzako Alorraren bidez, formatu handiko kontzertuak eta musika-jaialdiak sustatu nahi izan ditu, sustatzaileen eskura jarrita Ziudadela eta zenbait azpiegitura (agertokiak, hesiak, komunak, etab.), 40.000 euroko aurrekontuaz. Proposamenak jasotzeko deialdi publiko baten bidez, Ziudadelan 4 musika-jaialdi egin ziren gutxienez 2018an.

Iruñeko kultur programazioa berezko programez osatzea
Entitateek garatzen dituzten jardueren eskaintza osatzeko, Udalak kalea agertoki nagusi duen doako kultur eskaintza abiatu du, proposamenen kalitatea, garaikidetasuna, emakumea ikusaraztea eta euskararen presentzia oinarri harturik. Harresietako jaialdia 2016ko abuztuan estreinatu zen, kaleko arteak –dantza, antzerkia, zirkua– ardatz. Ziudadelan, Guadalupeko bastioiak eta harresietako beste txoko batzuetan egiten da, eta gora egin dute hala jardueren kopuruak nola proposamenen aniztasunak, zirku-diziplinak eta dantza uztartuta, kalean egiteko diseinatu diren ikuskizun askotarikoak eskaintzen direlarik, izaera berritzaile nabarmenaz. Programazioaren kalitatea goratzeari esker, iaz Ziudadelako agertoki naturalera 25.000 pertsona joatea lortu zen. Jaialdi honetan uztartu dira lehenik egiten zen Harresiak dantzan eta beste ziklo berri batzuk, Dantza zoroan (dantza garaikidea kalean bertan) eta Iruña Ilunabarrean, O-ko Andre Maria plazan, besteak beste.

2016an ere, neguko gauak arte-argiez apaindu eta argitzeko proposamen berria sortu zen: Bestelako argiak jaialdia, hiriaren erdiguneko hainbat hormatan proiektatzen diren nazioarteko artisten piezez osatutako bideoarte-erakustaldia. Jaialdiaren hiru edizioetan programazioa hazi da, bai eta publikoak egin dion harrera ere, iaz 35.000 pertsona inguru zenbatu zirelarik. Bideoarte-erakustaldiaz gain (iaz lehen aldiz eduki zuen EQ Zine Eskolaren elkarlanaz), Ziudadelan egindako jarduerak 2018an gehiago izan ziren: zenbait ikus-entzunezko argi-instalazio, arte-lantegi irekiak eta antzerki bat, Labean. Programazio horren osagarri, Bestelako argi txikiak erakustaldia eta institutuetan lantegiak egin ziren hiriko zenbait auzotan, Oskar Alegriaren eskutik.

Kultura auzoetara eta gazteengana eramatea
Kultur programazioa deszentralizatu eta hiriko auzoetara eramateko asmoz, 2017an Ibaiertzean jaialdia egin zen aurrenekoz. Musikaren garrantzia nabarmentzea da jaialdi horren ardatza, eraldaketa sozialak bultzatu eta pizten dituen komunitate-praktika dela azpimarratuta. Nafarroa etorbideko zubipea izan zen agertoki nagusia; bertan egin zen, hain zuzen, esku-hartze artistiko bat, Iruñea NOLA? elkarte eta Sanduzelaiko Kultur Koordinakundearekin elkarlanean. Musika-emanaldia, lantegiak, zinema-saioak eta hitzaldiak egin ziren. 2018an Etxabakoitzera lekualdatu zen, eta aurten, 2019an, hasierako agertokira itzuliko da, Sanduzelaira.

2017an ere, Yamaguchi Torii sortu zen, Japoniako kulturari buruzko jaialdi berria, deszentralizazioa eta publiko gaztea ere xede. Hori horrela, Yamaguchi parkean kultur-unibertso japoniarra eraiki da, inguruan diren egoitza kultural guztiak erabilita eta xede hartuta ikusle berriei dei egitea, kultura japoniarrarekiko gero eta interes handiagoa sentitzen duten gazte eta nerabeei, hain zuzen.

Literatura eta mangarekin lotutako jarduerak, arte martzialen erakustaldiak, dastatzeak, jolasak, karaokea eta beste zenbait proposamen egin ziren, bai eta animazio japoniarreko FAN jaialdiaren XVI. edizioaren barruan txertatutako beste hainbat jarduera ere. Beste jaialdi berriak dira Garaikide, euskal kultur garaikideari buruzkoa, eta Pim Pam Ville, zeinak 2017 eta 2018an Burgoen plazara ekarri baitzituen, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren karietara, garage-, pop-, folk- eta punk-musikako tokiko, nazioko eta nazioarteko taldeak, horrela dibertsifikatzeko Iruñean eskaintzen den musika mota, eta publiko gazteagoarengana heltzeko. Gainera, Batasunaren Pribilegioaren harira egiten den kultur programazioari bultzada eman zaio, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Orfeoiak kalean egindako kontzertuaz eta La Pamplonesa musika-bandaren beste batez, beste jarduera batzuen artean.

Zerrenda osatzeko, Flamenco on Fire jaialdiaren esparruan, Udala antolakuntza-laguntzailea izan da balkoietan doan egin den kale-programazio guztian, non flamenko-kantari eta musikari handiek parte hartu baitute; Nafarroako arteen 948 Merkatuan ere laguntzaile aritu da, eta Punto de Vista zein DNA jaialdietan.

Entitate eta kolektiboekin elkarlanean
Sanferminetako programazio-mahaian, non elkarte ugari parte hartzen baitute, gogoeta-lana egin da, eta horri esker, haur eta gazteendako berariaz pentsatutako ekimen berriek debuta egin dute: Birjolastu, Kirolari eta Foruen plazako Gazte-eremua. Horrez gain, jazzarentzat ez ezik, munduko musiketarako gune berria sortu da Compañía plazan, ospe handiko taldeei eta publiko gazteari eman zaie lehentasuna Foruen plazan, eta arratsalde-dantzaldiak antolatu dira Gazteluko plazan. Kalitate artistikoa bermatzeko xede beraz eta emakume diseinatzaileen presentzia lortzeko ikuspegi desberdin batez landu da su artifizialen lehiaketako antolamendua.

Kolektiboen lana babesteko interesari helduta, auzoko jaiak antolatzen dituzten entitateekiko hitzarmenak mantendu dira, horien antolakuntzan laguntzaile arituz, eta Civivox sareko guneetako tokia-lagapenak ere mantendu dira, erabiltzaile gehiagorekin mantendu ere; izan ere, % 24 egin dute gora 2015 eta 2018 artean, 374.881 erabiltzaile jo dituztelarik. Aretoen aldi-baterako erabilerak % 62 egin du gora 4 urtean. Gune horiek erabiltzea errazagoa izan dadin, Civivoxen azken kudeaketa-esleipenean hitzartutakoarekin bat, civivoxen ordutegia ordubete handitu da, eta zenbait gune igandeetan irekitzen dira. Uda-garaiari begira, eta kultura auzoetan civivoxetatik kalera ateratzeko asmoz, zenbait ekimen abiatzen ari dira, Komunitate Garapeneko Alorrarekin elkarlanean.

Hiriarteak ere hiriko arte-ehunarekin partekatuko du bere proiektua, apirilaren 13ko Fabulando Hiriartea. Alegiazko Hiriartea jardunaldien bidez. Halaber, diru-laguntzen lerro berria proposatu da elkarteek jarduerak egin ditzaten, halako moduan non Hiriartean garatu ahalko baitira Udalaren ekimenez ez ezik Ziudadelan kultur garaikidearen inguruko jarduerak egin nahi dituzte entitateen ekimenez jaiotakoak.

¿Te ha sido útil esta página?