Iruñeko Udalak, beste urte batez, banakako laguntzak emateko deialdia egin du, taxi-bonu txartelen bidez, desgaitasuna dela-eta hiri garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonei. Laguntza horien bidez behar horietara egokitutako garraioa eskaintzen da (taxia), onuradunari egin behar dituen ibilbideak eta joan-etorriak finantzatuta. Deialdiak 190.000 euroko aurrekontua du esleituta.
Laguntza hauen helburua da mugikortasun arazoak dituzten pertsonei hiriko joan-etorrietan laguntzea, bizimodu independentea egiteko aukera izan dezaten eta, ondorioz, gainerako herritarren eskubide berberak izan ditzaten, baldintza berberetan. Deialdi hau garraio kolektibo publikoan erabilitako ibilgailuen irisgarritasunaren garapenak baldintzatuko du beti.
Diru-laguntza honela zehazten da: txartel elektroniko baten bidez emanen zaie dirua onuradunei, joan-etorriak taxi-zerbitzu publikoaren bidez egin ahal izateko erabil dezaten 2021. urtean. Taxi-bonuek izaera pertsonal eta besterenezina dute, eta diru-txartel elektroniko formatuan igorriko da. Iruñerriko Mankomunitateak emandako zerbitzuaren edozein taxi-motatan erabiltzen ahalko dira, eta Iruñerriko garraio publikoaren hiriarteko eremuaren barnekoetarako. Onuradunak diru-txartel hori erabiliko duela jakinarazi beharko dio taxiari aldez aurretik.
Urtarrilaren 31ra arte dago zabalik eskaera egiteko epea. 2020. urtean baiezko erantzuna jaso duten eskaerak baliagarriak izanen dira 2021eko urtarrilaren 1etik espedientea ebazten den egunera arte, betiere eskaera berria 15 egun naturaleko epean aurkezten badute, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina (abenduaren 31n argitaratu ziren). Aipatu epean ez baina geroago eginez gero, eskatzaile berritzat hartuko dira.
Laguntza eskatzeko betekizunak
Laguntza horiek jaso ahal izateko, onuradunak Iruñean erroldatuta egon behar du 2020ko urtarrilaren 1az geroztik, eta laguntza jaso bitartean alta emanda egon behar du. Horrez gain, desgaitasunen bat izan behar du, %33ko graduan edo handiagoan, halako moduz ezen biziki galarazten baitio garraio kolektiboetan sartzea, eta hori Desgaitasun Agiri Ofizialaren bidez egiaztatu behar du. Ezinen du gidabaimenik eduki, edo gidatzea galarazita izan beharko du desgaitasunak eragindako baldintza fisikoak direla medio, eta ezinen du eduki, ezta ere, mugitzeko desgaitasuna duen pertsona batek gidatzeko moduko ibilgailu egokitu propioa.
Deialdiaren oinarriek beste betekizun batzuk ezartzen dituzte, errenta mailara lotuak, laguntza horiek eskatu ahal izateko. Familia-unitateak ezinen du gainditu PFEZean aitortutako urteko diru-sarreren maila bat, kide kopuruaren eta OAEAPen arabera, eta familia-unitate horrek ere ez du 150.000 eurotik gorako ondarerik izan behar, ohiko etxebizitzaren balioa izan salbu. Egoera bereziak ere deskribatzen dira, hala nola familia-harrera, familia berean desgaitasun larria duten bi kide egotea edo gaixotasun edo patologia biziki larriak.
Hileroko gehieneko zenbatekoak
Onuradunei ematen ahal zaien gehieneko zenbatekoa garraio kolektiboetan sartzeko zailtasunak neurtzen dituen baremo batek zehazten du. Zenbatekoa hileko 62 eta 103 euro bitartekoa izanen da, 1971/1999 Errege Dekretuan araututako prozeduraren bidez aitortutako desgaitasun-mailaren arabera. Onuraduna egoitza-zentro batean bizi bada, zenbatekoak 86 eta 52 euro bitartekoak izanen dira.
Hala ere, % 25eko gehigarria emanen da egunero taxia erabiltzeko beharra egiaztatzen bada lantoki batera edo ikastetxe batera joateko, betiere baldin eta zentroak ez badu erabiltzaile mota horiendako garraio egokitua eskaintzen. Hileroko gehieneko zenbatekoa % 10 murriztuko da onuraduna desgaitasuna dutenendako aparkatze-txartel baten titularra izanez gero. Murrizketa horrek ez die eragingo egoitza-zentroetan bizitzen, ikasten edo lanean ari direnei.