Iruñeko Udalak omenaldia egin dio gaur Julio Martín-Caro Soto pintore iruindarrari (Iruñea, 1933 – Madril, 1968) Dormitalería kaleko 34. zenbakian plaka bat paratuz, bertan baitago jaio eta bizi izan zen etxea. Ekitaldian izan dira, Enrique Maya Iruñeko alkatea, Udalbatzako kideak eta Julioren senideak, besteak beste, bere anaia Enrique Martín-Caro Soto, zeina ekimenaren bultzatzailea izan baita. Hainbat margolarik eta idazlek ere bat egin dute omenaldiarekin.
Julio Martín-Caro margolari eta grabatzaile gisa zuen kalitateagatik nabarmendu zen. Madriletik Espainiako figurazio berria bultzatu zuen artista taldeko kide izan zen, zeina 60ko hamarkada hasieran garatu baitzen eta joera informalista abstraktuen aurkako erreakzio bat izan baitzen. Arte espainiarraren berriztatze horretan erreferentzialak izan ziren artisten garaikidea izan zen, hala nola, Saura, Barjola, Mateos, Medina eta Frailerena.
Gaurko ekitaldiaren ondoren, eta alkateak esan duen moduan, beste iruindar ospetsuekin bat egin du, hala nola, Pablo Sarasate, Sabicas, Turrillas maisua, Los Iruñako, Antonio José Ruiz zinemagilea eta Manuel Iribarren idazlearekin, besteak beste.
Vianako Printzearen Elkartearen eta Veneziako March Fundazioaren bekaduna
Julio Martín-Caro pintore nabarmen bat izan zen, 1933ko urtarrilaren 31n Iruñean jaio eta 1968ko martxoaren 30ean Madrilen hil zena 1953n San Fernando Arte Ederretako Eskolan (Madril) hasi zen, eta bertan, besteak beste, Manuel Gutiérrez Navas, Pancho Cossío eta Carlos Pascual de Lararen ikasle izan zen; azken honi Madrilgo Errege Antzokiko horma-pinturak egiten lagun zion. Prestakuntza urte haietan sarritan joaten zen Pradoko Museora, eta El Greco, Zurbarán eta Goyaren obra arretaz aztertu zuen, beraz, artista horien eragina bere obran antzeman daiteke.
Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariaren txostenak ere nabarmentzen duenaren arabera, 1959an, Daniel Vázquez Díaz pintore ospetsuak gomendatuta, Nafarroako Foru Aldundiko Vianako Printzea Erakundearen ezohiko beka jaso zuen eta March Fundazioak pentsioa eman zion Bruno Saetti muralgile ospetsuak zuzentzen zuen Veneziako Arte Ederretako Eskolan fresko-pinturako ikasketetan sakontzeko. 1960ean Italiako Pinturako Mestre titulua jaso zuen eta Bruno Saettiren katedra laguntzaile bilakatu zen Veneziako Arte Ederren Fakultatean.
Martín-Caro El Paso taldearekin loratu zen Espainiako figurazio espresionista berriaren abangoardian kokatzen da. Artista honen lanek gizaki modernoaren kezka existentzialak, bakardadea eta isolamendua adierazten dituzte. Bere lanak adierazkortasun urratu handikoak dira, eta freskoa, tenplea, olioa eta grabatuaren teknikek dituzten adierazpen-aukerak ondo ezagututa eginak. Horrek guztiak estatuko eta nazioarteko aitortza merezi izatea ekarri zuen, baina goizegi hil zenez, 35 urterekin, ezin izan zuen garatzen jarraitu.
Erakusketak munduan barna eta hainbat sari
Bere ibilbide plastiko laburrean bakarkako erakusketa ugari egin zituen, Madrilen (1956) eta Iruñean (1957) egindakoak nabarmenduz, eta besteak beste, Venezian, Parisen, Copenhaguen, Alejandrian, Mexikon eta New Yorken erakusketak egin zituen. Bere obra Venezuela, Estatu Batuak, Italia eta Espainiako bilduma garrantzitsuetan aurki daiteke. Horien artean nabarmenenak dira, Washingtoneko Kongresuko Liburutegia, Johannesburgoko Arte Modernoko Museoa, Espainiako Arte Garaikideko Museoa, Nafarroako Museoa eta Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bilduma.
Martín-Carok sari garrantzitsuak jaso zituen, hala nola, Madrileko Udazkeneko Aretoko hirugarren domina (1955), Madrileko Udalaren Saria (1955), Madrileko Udazkeneko Aretoko bigarren domina (1957), Pinturako Mestre Saria, Italia (1960), saria Bayona-Pamplona Erakusketan (1960)eta Iruña Hiria Saria (1962).
Kanpoan lanean aritu zen eta abangoardiaren aldeko apustua egin zuen pertsona baten aitortza
Pintorearen estilo-bilakaerak hainbat etapa azkar igaro zituen, Nafarroako Entziklopedia Nagusian adierazten den bezala: “Bere gaiak modu inpresionistan ulertzen hasi zen. Ondoren postinpresionismoak erakarri zuen, adierazpen-kromatikoan Van Goghen eragina izan zuen, eta Cézannerena bolumenen eta planoen sinplifikazioan... Gutiérrez Solanaren pintura gordinean ere interesa izan zuen. Saettirekin izan zuen harremanak garrantzi handia izan zuen; izan ere, alde batetik “veneziar erara” horma-pintura tekniketan sakondu zuen, bere irudikapenetan adierazkortasuna irabaziz, eta bestalde Boloñako pintorearen patetismo indartsuak -zeinak irudiak arte abstraktua ukitzeraino itxuragabetzen baitzituen- espresionismorantz bultzatu zuen, garai hartan, besteak beste, Bacon, Dubuffet eta De Kooning artistek sustatzen zutena”.
Udal txostenak haren irudia balioesten du eta agerian uzten du Nafarroan ez zela oso ezaguna eta estimatua izan bere garapen artistikoa batez ere Madrilen eta atzerrian gauzatu zuelako eta bere obrak abangoardistak zirelako. Batez ere, Iruñeko Udal Aurrezki kutxak egindako argitalpenetatik aurrera bultzatu zen bere obraren kalitatearen aintzatespena, zehazki “Julio Martín-Caro, a los 10 años de su muerte” eta 1994ko monografia garrantzitsua argitaratzetik.