
Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ) bere gain hartzeak Iruñeko Udalari ia 2 milioi euro gehiagoko kostua dakarkio urtero. Hortaz, % 44 igo da gastua 2016tik –kudeaketa aldatu aurretik– 2019ra. Zenbateko horrek gora egin badu ere, zerbitzu-orduak gutxiago dira: iaz 2016an baino % 21 ordu gutxiagoz eman zen zerbitzua –aurreko gobernu-taldeak 2016an erabaki zuen Udalak zerbitzu hori bere gain hartzea–. Iruñeko Udalaren enkarguz egindako kanpo-auditoretza batek eman ditu datuak, Kontuen Ganberak 2017az geroztik urteroko txostenetan adierazitakoa aintzat hartuta. Txosten horrek berak langile mugagabe ez-finkoen ziurgabetasun-egoera ere jasotzen du. Langile horiek dira Udal Laguntza Etxean SA enpresa publikoarekin batera (ASIMEC) 2013an azken kontratua esleitu zenetik zerbitzua ematen zuen enpresan lan egiten zutenak. Enkargatutako auditoretza bat dator Kontuen Ganberarekin, zeinaren arabera subrogatutako ia ehun lanpostu hautapen-prozesu publiko bidez bete behar baitira.
María Caballero Komunitate Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur goizean zerbitzuaren egoera. “Egoera oso larria eta jasangaitza” dela baloratu dute, “funts publikoetan eta langileen zati baten kontratuetan duen eraginagatik”.
EELZ Udalaren oinarrizko prestazioa da, eguneroko bizitzaren jardueretan haien kabuz moldatzeko zailtasunak dituzten familia eta pertsonei zuzendua, haien autonomia sustatzen duena beren etxe eta ingurunean bizitzen jarrai dezaten. Honako lan hauek egiten dira: zainketa pertsonala eta garbitasuna, oinarrizko mugikortasuna, etxeko lanak eta etxebizitzaren mantentze-lanak, eta horiek guztiei erantsi ahal zaie arropen garbiketa-zerbitzua eta elikadura-zerbitzua.
Hautapen-prozesu bidez behin betiko bete beharreko lanpostuak
Gaur aurkeztutako auditoretzaren arabera, Udalak zerbitzua bere gain hartu zuenetik Kontuen Ganberak egoera berria aipatu du urteko fiskalizazio-txostenetan. Hala, 2017an esan zuen “akordioak oinarri dituen txostenek adierazten dute aurreikuspen jakin batzuk balioztapenetan oinarrituta daudela; hortaz, Udalak seinalatutako ziurgabetasunak ebatzi beharko ditu, behin betiko lan-kostuei dagokienez”. Baita ere jasotzen du zerbitzua emateko langileak subrogatzen direla, behin-behinean, “lan kontratudun mugagabe ez-finko gisa. Lanpostu berri horiek behin betiko bete beharko dira dagokion merezimendu eta gaitasunezko hautapen-prozesu baten bidez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak jasotakoarekin bat”.
Zentzu berean auditoretzak zera dio: “mugagabe ez-finko egoera ez da aldi baterako ustezko konponbide bat, eta ez du bermatzen Administrazioak langilea behin betiko bere gain hartzen duenik”. Hortaz, Udalak zerbitzua bere gain hartu aurretik finko zeudenek, txosten hauen arabera, ez lukete egoera hori mantenduko, lanpostu bat betetzen ari baitira lanpostu hori “lege- edo erregelamendu-prozedura bidez bete arte (hautapen-prozesua edo barne-promozioa), eta une horretan kontratua iraungiko da”.
Lanorduaren batez besteko prezioa % 80 garestitu da
Txosteneko datuetan jasota dago 2016an gastua 5.027.970 euro izan zela. Iaz, aldiz, 6.925.000 eurora igo zen, zergatik eta “langile kopurua handitu bai, baina jarduera handitu beharrean jaitsi delako”. Izan ere, benetan egindako lanorduak 176.665 izatetik 138.998 izatera pasa ziren (% 21eko jaitsiera). Hortaz, lan egindako ordu bakoitzeko batez besteko prezioa 28,46 eurotik 49,82 eurora igo da (% 80ko igoera).
Benetako lanorduak –138.998– eta teorikoki erabilgarri dauden arreta orduak –351.874– (ordu ordainduak) ez datoz bat. Bi datuen arteko aldea –212.875,95 ordu– jardunik gabeko orduen ondorio da. Auditoretzak bi jardunik gabeko ordu mota jasotzen ditu. Batzuk “zerbitzuari berez loturiko kontuetatik eratorriak dira, zerbitzua ematen den etxe batetik bestera joateko orduak, prestakuntza-orduak, koordinazio-bilerak eta absentismo orduak kasu”. 2019an halako 123.464 ordu izan ziren guztira. Besteak “ezagutu gabeko kausen ondoriozko jardunik gabeko orduak” dira, kudeaketa-eredutik eratorriak. 2019an halako 89.412 ordu izan ziren. Lanaldi osoko 56 langilek egindako orduen baliokidea”. Portzentajeetan, ordaindutako orduen % 100etik (351.874) % 39,5 benetako lanorduak izan ziren (138.998), % 35,1 berezko kausen ondoriozko jardunik gabeko orduak lirateke (123.464), eta gainontzeko % 25,4a (89.412) ezagutu gabeko kausen ondoriozko jardunik gabeko orduak.
76 kontratu % 20ko absentismoa estaltzeko eta behar den orduetan zerbitzua emateko
Une honetan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan familia-langileen 145 lanaldi oso daude plantillan. Horiek betetzeko 94 langile daude lanaldi osoan, eta 72, lanaldi partzialean (guztira, 166). Auditoretzaren arabera, 2019an 121.289 ordu kontratatu zitzaizkien zerbitzuaz kanpoko langileei, absentismoa eta beste behar batzuk asetzeko. Ordu kopuru hori eta lanaldi osoko 76 langile kontratatzea baliokideak dira. Horrek 2.045.427 euroko gastua ekarri zuen, Gizarte Segurantzako kostua barne.
Absentismoari dagokionez, “neurri asaldagarriak ditu. 2019an % 20ra gerturatu da, batez bestekoa, Nafarroako Foru Komunitatean, 2019ko lehen hiruhilekoan, % 5,5ekoa izan denean eta maila nazionalean, % 5,2koa”. Halaber, kudeaketa operatiboa gogorki oztopatuta dagoela baloratzen du, hainbat kontu direla medio. Adibidez, kudeaketarako aplikazio informatikoak gabezia ugari ditu, eta horrek eragina du zerbitzuaren zein langileen antolaketan; SARQUAVITAE enpresatik zerbitzura sartu ziren langileen ordutegiak mantentzeak ordutegi-taulak eratzea zaila eta, batez ere, ez-eraginkorra izatea eragiten du, izan ere, ordu batzuetan behar direnak baino familia-langile gehiago daude, eta beste ordu batzuetan beharrezkoa da langile berriei kontratuak egitea.
Txandaketa-maila altua, erabiltzaileendako arretan
Giza Baliabideetako Alorrak kudeatzen ditu kontrataziorako zerrendak, eta horretan esklusiboki aritzen diren langileak ditu, iaz, espediente horiek egindako kontratazio guztien % 80 izan baitziren. Datu horrek langileen txandaketa-maila handia agertzen du, eta horrek berekin dakartza antolaketa-arazoak eta erabiltzaileek familia-langile bat baino gehiagoren arreta jasotzea, denbora-tarte labur samarretan.
Zerbitzua 6 taldetan egituratuta egoteak –koordinatzaile bat buru dutela– egoera konplexuak eragiten ditu horietakoren bat ez dagoen unean. Egoera horiek errepikatu egiten dira “ezegonkortasuna delako faktore nagusia. Ohikoak dira bajak, dimisioak...”. Langileen artean ere “sentsazio nagusia da ez dela gauzatu integrazio efektiboa, ez operatiboa ez filosofikoa, ASIMECetik eta SARQUAVITAEtik zetozen langileen artean. Horren ondorioz, gaur egun lagun batzuk diskriminatuta sentitzen dira beste batzuen aurrean”.
Langile horiek, gainera, ziurgabetasu-egoeran daude. Izan ere, auditoretzak, Kontuen Ganberak egin bezala, zera gogorarazten du: “Administrazioak berehala eman behar dio hasiera Udalaren eskuetara itzulitako zerbitzua emateko behar dituen lanpostu berriek zenbat jo eta horren araberako lanpostu-zerrenda osatzeko prozedurari, eta plantilla egokitzen hasi behar du lanpostu horiek betetzeko dagokion lege-prozeduraren bidez. Lanpostu berriak betetzeko epea ez da hiru urte baino luzeagoa izan behar, lanpostu horiek sortu eta zuzkitu eta hortik aurrera”, zenbait epai judizialek onetsitakoarekin bat.
Auditoretzaren ondorioak
Auditoretzaren txostenak ondorioztatzen du elkartea desegiteko prozedura gauzatzeko eta Udalak kudeaketa bere gain hartzeko erabakia hartzeko “ez zela nahikoa informazio izan, ez zelako zehaztu ez arrazoitu, derrigorrezkoa den bezala, zergatik zen aukeratutako sistema eraginkorrena, eta sistema horren barruan, zergatik zen hartutako forma jasangarriena eta eraginkorrena”. Sortutako egoera eta ondorio ekonomikoak aintzat hartuta, txostenak honako ondorioa ateratzen du: “beharrezkoa da zerbitzuaren helburuak eta plangintza berriz ere planteatzea, berriz antolatzea, langileen profilak zehaztea, funtzioak esleitzea, arreta-ratioak ezartzea, beharrezko plantilla mugatzea, eta horren guztiaren ondoren, erabakiak hartzea bai kudeaketari dagokionez bai prozesu, prozedura, baliabide material zein teknologiko eta langileriari dagokienez”.