Udalak eta Casa de las Mujeres - Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Emakumeen Etxea sortu eta elkarrekin kudeatze aldera

Udalak eta Casa de las Mujeres - Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Emakumeen Etxea sortu eta elkarrekin kudeatze aldera
Agoitz kaleko kontserbatorio zaharrean egokitzapen-lanak egin ostean –143.000 euro–, irailean abiatuko dira jarduerak

Udalak goizean sinatu du Casa de las Mujeres de Pamplona - Iruñeko Emakumeen Etxean elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, zeinaren bidez Emakumeen Etxea izango den berdintasun-gunea doan lagako baitzaio, Agoitz kaleko 9an kontserbatorio izandako eraikinaren beheko solairuan. Joseba Asiron Sáez Iruñeko alkateak eta Patricia Olóriz Espinal Casa de las Mujeres de Pamplona - Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteko lehendakariak hitzarmena sinatu dute, hitzarmen horretan Udalaren eta elkartearen arteko kudeaketa bateratu eta koordinatuko eredu baten alde eginez. Sinadura-ekitaldian izan da, baita ere, Eglée Torres Zulueta Casa de las Mujeres de Pamplona - Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteko idazkaria.

Hiriko emakume guztiendako topagune eta erreferentziagune izango den Emakumeen Etxearen lagapena, baldintza-erabilerak eta funtzionamendua arautzen ditu hitzarmenak. Izan ere, etxea baliabide bat izango da, lagungarri izango dena hala herritarrak berdintasun-arloan sentsibilizatzeko nola emakumeen ahalduntzea bultzatzeko. Hitzarmenean adierazitakoarekin bat, proiektuak eragina edukiko du Iruñeko emakumeen bizitza hobetzean eta emakumeen eta gizonen arteko benetako parekidetasuna lortzen lagunduko duten programa, proiektu eta udal-politiken garapenean. 

Emakumeen Etxeak 300 m2 baino gehiagoko lekua hartuko du kontserbatorio zaharreko beheko solairuan, erakina partekatuta Etxez Etxeko Arretarako Udal Lantaldearekin, lehengo solairuan baitu egoitza. Hitzarmenean lorategiaren erabilera ere barne hartzen da. Emakumeen Etxea lanegunetan egongo da zabalik, arratsaldeetan, 17:00etatik 21:00etara, eta Udala arduratuko da horretarako behar diren langileak jartzeaz. Hitzarmena lau urterako sinatu da, eta luzatu ahalko da, beste lau urtez.

Bertan zehazten denez, Emakumeen Etxeko guneen kudeaketa partekatua izango da, eta programa zein jarduerena, Udalaren eta elkartearen artean koordinatuko da. Kudeaketa elkarrekin egiteko ezarri den eredu horrek koordinazio-talde bat eskatzen du, teknikariek eta elkartekideek osatua, bai eta jarraipen-batzorde bat ere, urtean lautan bilduko dena, gutxienez, beste alderdi batzuen artean Emakumeen Etxearen funtzionamenduaren berri emateko, aldizkako ebaluazioak egiteko eta zereginak ikuskatu zein koordinatzeko. Sei lagunek osatuko dute Batzorde hori: hiru Iruñeko Udalaren izenean, eta beste hiru, Emakumeen Etxea elkartearenean. Gaur gaurkoz, hamabostetik gora elkarte zein kolektibo feministak agertu dute etxea erabiltzeko interesa.

Sentsibilizazioa, berdintasunaz eta ahalduntzeaz bezainbatean
Emakumeen Etxea hala herritarren berdintasun-arloko sentsibilizazioa nola emakumeen ahalduntzea laguntzeko asmoz errotu nahi den baliabidea da. Proiektuak eragina edukiko du hiriko emakumeen bizitzaren hobekuntzan eta emakumeen eta gizonen arteko benetako parekidetasuna lortzen lagunduko duten programa, proiektu eta udal-politiken garapenean. Iruñeko III. Berdintasun Planaren printzipio gidarietan ernatu zen proiektuaren sorkuntza, eta erantzun eman nahi die Partaidetzako eta Eragin Politikoaren Ildo Estrategikoan ezarritako helburuei, horrela emakumeen elkarte-mugimendua indartzea lortzeko, eta Udalarekiko mintzakidetza-organo bihurtzeko.

Emakumeen Etxeaz erreferentziako gune feminista bat sortzen da, intersekzionala eta belaunaldiartekoa, bide emango duena politikoki eragiteko, sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko estrategia bateratuak garatzeko. Halaber, jarduketak eta jarduerak egiteko toki bat emango zaie emakumeen elkarte eta kolektibo feministei, hiriko emakumeen ahalduntze indibiduala zein taldekakoa lortze aldera. Partaidetzako mekanismo gisa ere eskaintzen da, berekin baitakar komunikazio-bideak ezartzea: elkarrizketa ahalbidetuko da emakumeen elkarteen eta administrazioaren artean, Iruñean gizarte-, kultura- eta politika-balioetan aldaketa bultzatzeko, betiere berdintasunaren mesedetan. Azkenik, Emakumeen Etxeari esker hausnartzeko, eztabaidatzeko eta sortzeko gune bat jaioko da, diskriminazioak emakumeen bizitzetan duen eragina ikusaraziko duena.

2018ko martxoan, Iruñeko Udalak Emakumeen Etxea diseinatzeko eta abiatzeko prozesu partizipatiboa hasi zuen, hiru hilabeteren buruan, ekainean, amaitu zena. Prozesuan parte hartu zuten emakumeek Eraikuntza Kolektiboko Taldea sortu zuten, eta, emakume guztiei irekitako 6 saiotan eta laguntza teknikoaz, proiektua zehazteko eta diseinatzeko lanean aritu ziren. Era berean, Erabaki Pamplonan, parte hartzeko udal-plataforman, ekarpenak jaso ziren. Prozesua amaitutakoan, agiri bat prestatu zen, helburu, jarduketa, kudeaketa-eredu eta finantza-bideei buruzko proposamen guztiak jasota, eta hori izan da erreferentzia-esparrua gaurko hitzarmenerako. 

Prozesuaren osteko hilabeteetan Eraikuntza Kolektiboko Taldea elkarte gisa eratu zen, eta lanari jarraipena eman dio, Udalarekin koordinaturik, gunea hautatu eta haren erabilerak adosteko. Hori horrela, Iruñeko Emakumeen Etxea kontserbatorio zaharrean kokatzeko erabakia irisgarritasun-irizpideekin bat hartu da, hala eraikinaren (egokitzapen-lan txikiak egingo dira) nola inguruaren irisgarritasunari (garraio publikoa gertu edukitzea, etab.) begiratuta. Behin kokalekua erabakita, zaharberritze-proiektuaren idazketa eta lan-aurrekontuaren prestaketa landu ziren, eta orain lanen gauzatzea laster abiatuko da.

Irekiera, aurtengo azken lauhilabetekoan
Kontserbatorio zaharreko beheko solairuko gunea atontzeko lanak esleipen-prozesuan daude uneotan. Lanen lizitazioa-aurrekontua 142.299,16 eurokoa zen. Proiektuak egungo banaketa mantentzen du: 33 eta 44 metro koadro bitarteko bost gela, atseden-eremua eta komunak, baita harrera-aretoa ere, argibide-gune gisa, publikoari zabalik, eraikineko sarrera nagusian, Agoitz kalean. 

Gunea egokitzeak eraikinaren kanpoaldean arrapala irisgarri bat jartzea hartzen du barne, Agoitz kalean dagoen sarrera nagusian, baita beste eskailera bat ere, barruan sartzerakoan dagoen aldea gainditzeko. Era berean, sartzeko dauden barruko eskaileretako jasogailua berrituko da, eta lursailak kalean duen lorategia zedarritzen duen egungo hesia kenduko da. Barruan, komunak goitik behera eraberrituko dira, hornidura-, saneamendu- eta elektrizitate-instalazio berriez. Komunen ondoko atartea kendu, eta arotzeria, oholtza eta ateak berrituko dira.

Urteko azken lauhilekorako aurreikusi da Emakumeen Etxea irekitzea. Irailetik aurrera, Berdintasun Alorrak berak prestatutako programazioa gauzatuko da bertan, bai eta Casa de las Mujeres - Iruñeko Emakumeen Etxea elkarteak antolatuko dituen jarduerak ere. Urteko egun bereizgarrietan, martxoaren 8a eta azaroaren 25a kasu, sentsibilizazio- eta salaketa-kanpaina bateratuetan parte hartuko da. Horrez gain, elkarteak Etxe barruan sortutako sareak sendotzen laguntzeko jarduerak bultzatuko ditu, eta sare horiek kanpoan ere ikusaraziko, xede bereko proiektuekiko loturak sortzea sustatzeaz gain.