Udalak diziplina anitzeko talde bat sortu du, jarduketa polizialak, administratiboak eta judizialak koordinatzeko, Udalaren etxebizitzen okupazioa desagerrarazteari begira

Udalak diziplina anitzeko talde bat sortu du, jarduketa polizialak, administratiboak eta judizialak koordinatzeko, Udalaren etxebizitzen okupazioa desagerrarazteari begira
Egun, 43 udal-etxebizitza daude okupaturik, eta Udala lanean ari da irtenbide baten bila, dela bide administratiboan dela bide judizialean

Zero tolerantzia udal-etxebizitzen okupazioarekin. Iruñeko Udalak diziplina anitzeko talde bat abiatu zuen aurreko azaroan udal-etxebizitzen okupazioaren inguruko jarduketak koordinatzeko eta hartutako neurriak eraginkorrak izan daitezen. Jarduketa polizial, administratibo eta juridiko horiei esker okupatutako etxebizitzen kopuruak ez du gora egin azken hilabeteetan.
Sail hauetako langileek osatzen dute diziplina anitzeko taldea: Ondare Zerbitzua, Etxebizitza Bulegoa, Herritarren Segurtasuna, Udaltzaingoa, Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Jasangarritasuna, eta Udalaren zerbitzu juridikoak. Taldearen jardunari esker, Udalak lehenbiziko aldiz erabilera partekatuko datu-base bakar batean bildu ditu udal-etxebizitza guztiei buruzko datuak, eta egungo egoera zehatza ere bertan jasota dago. Iruñeko Udalak guztira dituen 603 etxebizitzetatik 43 Udalaren baimenik gabe okupatuta daude.
Azken sei hilabeteetan, joan den urteko abuztutik urtarrilera, 199 esku-hartze egin dituzte higiezinen okupazioarekin loturik, eta horietako % 90 udal-etxebizitzetan izan dira. 199 horietatik 14tan atestatua egin zuten, horretan ari zirenak atxilotu zituztelako. Esku-hartzeen ia erdiak, 99, Arrotxapean egin dituzte; 42, Alde Zaharrean eta 27, Buztintxurin, auzo horietan baitaude udal-etxebizitza gehien. Udaltzaingoak harremanak eta bilerak eduki ditu Santa Luziako eta San Pedroko auzotarren elkarteekin, ikusi baitute etxebizitza horiek okupatzen dituztenen profilak ez direla aterpe-premian dauden pertsona edo familienak, profil gatazkatsuagoak baizik, segurtasun-eza, jokamolde hezigabeak, droga-salerosketa txikiak, mehatxuak, zikinkeria edo instalazioen apurketa eragiten dituztenak.
María Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkariak eta Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak Udala gauzatzen ari den ekimenen berri eman dute hala okupazio berriak ekiditeko nola egun okupaturik daudenen erabilera eta jabegoa berreskuratu eta horiek gizarte-xedeetarako erabiltzeko. Diziplina anitzeko taldeak jarduketa-protokolo jakin bat du, hiru esparru koordinatzen dituena: esparru poliziala, administratiboa eta judiziala.
Neurri polizialak, administratiboak eta judizialak
Neurri polizialen artean daude etxebizitza-parkea ikuskatzea eta disuasio-zaintza egitea. Berariazko unitate batzuk etxebizitza horiek in situ kontrolatzen ari dira, eta horri esker atzeman dira, esaterako, Alde Zaharreko udal-etxebizitzetan identifikatu gabeek egindako okupazioak, eta esku hartu da, bestalde, Santa Luziako eta San Pedroko auzotarren elkarteek eskatuta eremu horietan okupatutako etxebizitzetan.
Neurri administratiboen artean, besteak beste, udal-etxebizitzen ate eta sarrerak tapiatu dira, betiere komunitateari eragozpenik eragin gabe (patio edo eremu komunetarako sarrera itxi gabe), eta alarmak instalatu dira zaharberritzen ari diren udal-etxebizitzetan. Udaltzaingoari lotutako alerta-sistema horrek aukera ematen du momentuan bertan atzemateko okupazioa eta Udaltzaingoak berehala erantzuteko, okupazioa ekidite aldera.
Azkenik, prozedura judizialen jomuga Iruñeko Udalak udal-ondare horren jabegoa berreskuratzea da. Horretarako, prozedurei eta alorren arteko koordinazioari bultzada eman zaie, udal-langileei horiek gauzatzeko jarraibide zehatzak eta babesa emanda. Administrazio-prozedurak laburtzearen alde egin da, tramitazio-aldia murriztearren fase ezberdinak bakar batean metatuz, eta baita prozedura zibil espresaren alde ere (edukitzaren tutoretzaren berreskurapen laburtua deiturikoa).
Okupatutako 43 etxebizitzen inguruko prozedurak
Udalak edukitza berreskuratzeko abiatu dituen prozedurek bi izaera dituzte eta hiru motatakoak izan daitezke: administratiboak, judizial ohiko demanda zibilaren bidezkoak, eta judizial demanda zibil espres bidezkoak. Bada laugarren aukera bat: prozedura judizio-penala; dena dela, Udalak ez du hori erabiliko, ez delako probatu hori azkarragoa denik eta zalantzak daudelako ez ote diren artxibatuko eta bide zibilera bidaliko. Inguruabar bereziak, hala nola bortizkeria, segurtasun-arriskuak eta abar suertatzen badira soilik kontuan hartuko litzateke bide hori erabiltzea.
2020ko otsailera bitarte, urtebete baino gutxiagoko okupazioei loturiko 12 prozedura administratibo abiatu dituzte; 6 demanda zibil espres prestatzen ari dira okupazioa urtebete baino gutxiagoko izaki okupatutako etxebizitzari erabilera soziala eman zaion kasuetarako; epaiaren zain daude urtebete baino gehiagoko okupazioei loturik abiatutako 5 demanda zibil eta prestakuntza-ikerketa fasean daude beste 20 demanda zibil. Guztira, Udalak egun udalaren baimenik gabe okupatuta dauden 43 udal-etxebizitzak berreskuratzeko prozedurak abiaraziko ditu.   
Aurreko urteko azken hiruhilekotik hona 5 prozedura amaitu dira, horietatik 3 bide administratibotik (botatze 1, eta 2 borondatez utziak) eta bi demanda zibilaren bidetik (bietan okupatutako etxebizitzetatik botatzea ebatzi zen). Botatzeetzan, batzorde batek hutsarazten du etxebizitza, beti ere horretarako behar den baimen judizialarekin.
Izapidetze berme-emailea
Edozein prozedura hautatzen delarik, denetan informazioa biltzeko aurretiko fase bat dago, honako xede hauek dituena: etxebizitzak okupatu dituzten pertsonak identifikatzea, higiezinari buruzko dokumentazioa jasotzea, Gizarte Segurantzari txostenak eskatzea babestu beharreko egoerarik dagoen ziurtatzeko (adingabeak, desgaitasuna dutenak...), txosten bat eskatzea etxebizitzen geroko erabilera sozialari buruz –ezinbestekoa prozedura zibil espresaren bidezko demanden kasuan– eta Ondarearen zein zerbitzu juridikoen txostenak.
Udalak erabiltzen duen izapidetzeak bermatzen ditu ukitutako pertsonen balizko eskubideak. Hori dela-eta, epeak eta izapideak luzatu egiten dira denboran, are, ohikoa izaten da jarduketa batzuk errepikatu behar izatea. Informazio osoa bilduta dagoenean, abiatutako prozeduraren arabera, Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkariaren bi ebazpen beharko dira, Ondarea haren meneko baita; botatzeko bide administratiboaren alde eginez gero Tokiko Gobernu Batzordearen erabaki bat beharko da hartarako baimen judiziala eskatzeko, eta demanda prozedura zibilaren bidez abiatzen den kasuetan Tokiko Gobernu Batzordearen erabakia. 
603 udal-etxebizitza
Diziplina anitzeko taldearen lanak sortutako datu basearen arabera, Iruñeko Udalak 603 udal-etxebizitzako parkea dauka, hiriko hamar bat tokitan. Horietatik 235 San Pedro multzoan daude; 71, Bigarren Zabalguneko Merkatuaren eraikinean; 66, autobus-geltoki zaharrean; 49, Alde Zaharrean; 48, Arrotxapeko Garde kalean; 47, Santa Luziako pasealekuan; 33, Nazario Carriquiri zeharkalean eta 25, Joaquín Beunza kalean, biak ere Arrotxapean; 24, Sanduzelaiko Sandua pasealekuan, eta beste 5ak hiriko beste toki batzuetan.
603 udal-etxebizitza horietako heren bat baino gehiago udal-langileei alokaturik daude. Udalak bere garaian bere langile funtzionariendako eraikitako etxebizitzen alokairuak dira. Beste 130 Etxebizitza Bulegoaren bidez alokatu dituzte, aterpe-premiako ordenantza aplikatuta. 39 pisu gehiago obretan daude; zaharberritze-lanak Lantegi  eskolari edo Proiektu Estrategikoetako Alorrari enkargatu dizkiote, eta etxebizitza sozial gisara erabiliko dira.
Beste 37 etxebizitza lagapenean utzita daude entitate batzuek egoitza gisara erabil dezaten (GGKEen Koordinakundea) edo etxebizitza gisara (lagapenean Nasuvinsari edo tutoretzapeko etxebizitzen proiektu bidez Nafarroako Down Sindromearen elkarteari). Beste 22, Udalak erabiltzen ditu bertan udal-zerbitzuak ezartzeko (Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bulegoa). 102 etxebizitza, bestalde, libre daude, ez dira erabiltzen, eta ez dituzte bizigarritasun baldintzak betetzen. Amaitzeko, horiei guztiei, 43 etxebizitza gehitu behar zaizkie, eta horiek dira, hain zuzen, baimenik gabe okupaturik daudenak. Udala aurrez deskribatutako neurriak eta prozedurak ari da prestatzen horiek berreskuratzeko.

 

Videos

¿Te ha sido útil esta página?