
Bizilabe programa Iruñean da dagoeneko: zientzia sustatzeko gazteendako aisialdi-programa bat da, eta Elhuyar fundazioak zuzentzen du. Irailetik aurrera, 10 eta 14 urte bitarteko 60 ikaslek (Lehen Hezkuntzako azken zikloa eta DBHko lehenengoa) jarduera zientifiko eta teknologikoetan parte hartuko dute Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Egitasmoa gaur goizean aurkeztu dute Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak, Jon Abril Olaetxea Elhuyar fundazioaren koordinatzaile nagusiak eta Aitziber Lasa Iglesias Elhuyar Fundazioko STEM Hezkuntzako Alorreko arduradunak.
Elhuyarrek, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, STEM zientziak Iruñean martxan jartzeari buruzko diagnostiko bat egin du DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen laguntzaz; guztira 1.049 erantzun jaso dituzte, eta diagnostikoaren emaitzak Iruñeko gazteen STEM zientzien diagnostikoa txostenean jaso dira, baita bideo batean ere. Emaitzen arabera, gazteendako diziplina arrotzak dira zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika, ikasketen hautaketan estereotipo kulturalek eragiten baitute sarritan. Hainbat ikerketaren arabera, Bizilabe programaren tankerako proposamen zientifiko goiztiarrek eragin nabaria izaten ahal dute gazteen etorkizunean.
Bizilabe programa Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan eskainiko da, irailetik ekainera bitarte; astelehenetan euskaraz eginen dute programa, eta asteartetan, gaztelaniaz. Jarduerak bi txandatan eginen dituzte: lehenengoa 17:00etatik 18:30era izanen da, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dute; bigarren txanda, berriz, 18:30etik 20:00etara izanen da, eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleendako izanen da.
Aukera-berdintasuna sustatzeko programa
Bizilabe programaren helburu nagusia da gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea, betiere modu irisgarrian eta berdintasun sozioekonomikoa eta genero-berdintasuna lortzeko xedez. Horretarako, jardueren prezioa arrazoizkoa izanen da, tasa publikoen araberakoa; halaber, plazen % 40 emakumeendako izanen dira, emakumeen presentzia oso urria baita STEM diziplinetan. Eskaria eskuragarri dauden plazak baino handiagoa baldin bada, zozketa eginen dute eskatzaileen artean, eta hala, aukera-berdintasuna bermatuko da. Izena emateko epea gaur irekiko da, eta Internet bidez egin behar da.
60 plaza dira guztira, eta gaurtik aitzina ematen ahal da izena Bizilaberen webgunearen bidez. 12 urtetik gorakoek 35,70 euro ordainduko dituzte, eta adin horretatik beherakoek, 30,60 euro. Bi adingabe matrikulatzen dituzten familiek % 20ko deskontua izanen dute guztizko prezioan, eta % 30ekoa hiru adingabe edo gehiago badira.
Bizilabe programan 2.000 gazte inguruk parte hartzen dute urtero, eta Bilbon, Elgoibarren, Abanto-Zierbenan eta Laudion eskaintzen dute gaur egun, udalerri horietako udaletxeekin elkarlanean. Elhuyar fundazio pribatua da, eta 1972an sortu zuten zientzia, teknologia eta euskararen erabilera sustatzeko xedez.
Errealitatea STEM diziplinen bidez
Aipatu moduan, Bizilabe programak gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea du helburu, eta modu irisgarrian lortu nahi du helburu hori, egoera sozioekonomikoaren eta generoaren araberako aukera-berdintasuna bermatuta. Programak metodologia praktikoa darabil, eta mentoretzak eskainiko dira; gainera, sektoreko enpresek baliozkotuko dute programa.
Gazteak ikertzaile eta asmatzaile gisa arituko dira programetan, zientzia eta teknologiako adituek lagunduta. Jolas eta esperimentuen bidez, ezagutzak bereganatu eta proiektu zientifiko eta teknologikoak garatuko dituzte. Gainera, beren inguruarekin kontaktuan egonen dira programan parte hartu bitartean: sektoreko emakume eta gizonen bisitak jasoko dituzte, baita tokiko enpresa eta proiektuetara irteerak egin ere.
Elhuyarren datuen arabera, STEM diziplinak eskola-testuinguruan landu ohi diren arren, eskolaz kanpoko jarduera zientifiko eta teknologikoek eragin oso positiboa dute haur eta nerabeen alfabetatze zientifikoan. Izan ere, jarduera mota horiek onura hauek dituzte adingabeengan: kontzeptu zientifikoak ulertzeko gaitasuna garatzen dute, errazagoa da teoriatik praktikara igarotzea, ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzen da, eta ezagutza hori eguneroko kontuetarako baliatzen da, bereziki gizarterako garrantzitsuak diren gaietarako, kutsadura eta jasangarritasuna kasurako. Azkenik, jardueren helburua da pentsamendu kritikoa sustatu eta estereotipo okerrak atzean uztea.
Ikasturtea bukatu bitarte, jardueren berri emanen dute ikastetxeetan
Ikasturteko azken hilabete hauetan, programa ikasleei erakusteko saioak eskatzen ahal dituzte ikastetxeek. Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailetako ikasleendako doako saioak dira, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz.
Hiru saio maiatzean eginen dira (20an, 23an eta 27an); beste bost, berriz, ekainean (3an, 6an, 10ean, 13an eta 16an). Saio guztiek ordu bateko iraupena izanen dute, eta Ingurumen Hezkuntzako Museoan eginen dira. Saio guztiak 09:30etik 13:30era eginen dira, baina salbuespen bat dago: ekainaren 16an 10:30etik 12:30era eginen dira saioak.
DEMO saioak atalean webguneko formulario bat dago, eta haren bidez, nahi duten taldea erreserbatzeko eta informazio gehiago jasotzeko aukera izanen dute saioetan parte hartu nahi duten ikastetxeek. Argibide gehiago jasotzen ahal dira bizilabe-iruna@elhuyar.eus helbide elektronikora idatzita edo 747413981 telefonora deituta.
IRUÑEKO GAZTEEN STEM DIZIPLINEN DIAGNOSTIKOA
Iruñeko DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek 1.049 erantzun eman dituzte;
horietatik % 51,9 emakumezkoak dira; % 45,2, gizonezkoak eta % 2,9, ez-bitarrak.
Generoarekiko estereotipo tradizionalek eragina dute interesetan.
Emakumeek interes hauek dituzte: irudi pertsonala, moda, medikuntza eta osasuna, genero-berdintasuna eta gizarte-gaiak.
Gizonezkoek, berriz, honako hauek: kirola, zientzia eta teknologia.
Orokorrean, ikasgaiekiko interesa baxua da, baina gizonezkoek garrantzi handiagoa ematen diete STEM ikasgaiei.
Emakumezkoek biologiarekiko (6,4) eta historiarekiko (6,1) dute interes handiena, baita kimika (5,1) eta artearekiko (5) ere.
Gizonezkoek teknologia eta informatikarekiko (6,3) dute interes handiena, baita historiarekiko (6,1) eta matematikarekiko (5,8) ere.
Lan-aukerak
Gizonezkoen % 50ek sektore horretan lan egiteko gai ikusten du bere burua; neskei dagokionez, % 33,1ek.
Hori horrela, etorkizun profesional gisa identifikatzen dute gizonezkoen % 39k; emakumezkoei dagokienez, % 23,3k.
STEM ikasgai batzuekiko interesa eta etorkizunean diziplina horietan lan egiteko aukera hertsiki lotuta dago STEM ikasgai horiek ikasi eta etorkizunean sektore horretan lan egiteko gaitasunaren autopertzepzioarekin.
STEM diziplinetan lan egiten dutenen bizi-kalitatea.
Gizonezkoen batez besteko balorazioa 6,1ekoa da.
Emakumezkoena, 5,2koa.
Gazteen ustetan, STEM diziplinetan lan egiten dutenak jakintsuak, langileak, ikusnahi handikoak eta azkarrak dira. Estereotipoz betetako irudi hori oztopo bat da gazte askorendako.
Generoa esparru profesionalean.
Emakumeek osasun- eta gizarte-zientziekin lotutako lanbideak nahiago dituzte: irakasleak, psikologoak, sendagileak, haur-hezitzaileak, erizainak, etab.
Gizonezkoek, berriz, teknologiarekin, hezkuntzarekin eta kirolarekin lotutako lanbideak aukeratzen dituzte: ingeniariak, informatikariak, kirolarekin lotutako langileak, irakasleak, mekanikariak, suhiltzaileak, etab.
Sektoreko lan-baldintzen eta generoaren arteko lotura
Emakumezkoen % 33,1ek uste du STEM diziplinetan diharduten emakumeek eta gizonek baldintza desberdinak dituztela. Galdera hori tokiko esparrura zedarritzen bada, herritarren % 21,5ek du uste hori.
Orokorrean, gizonezkoen % 14,1ek uste du genero-bereizketa gertatzen dela.
Toki-esparrua.
Gazteen % 40 inguruk adierazi du ez duela jarduera ekonomikoaren berri.
Gainerako % 60k ezagutza argia du, eta lan-ingurunea automobilgintzarekin, industriarekin, elikadurarekin eta teknologiarekin lotzen du.
Ikerketa eta berrikuntza.
Emakumezkoek maizago erabiltzen dituzte konnotazio negatiboko terminoak Iruñeko industria zientifiko eta teknologikoaren etorkizunari buruz ari direnean.
Gizonezkoek iritzi hobea dute gai horri buruz.
Gazteen % 30ek uste du ikerketa eta berrikuntza zientifikoaren onurak eta alde txarrak orekatuta daudela.