Udala Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoaren diagnostiko-fasea burutzear dago, hogei bat lantalde-bilera eta lantegi egin direlarik

Udala Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoaren diagnostiko-fasea burutzear dago, hogei bat lantalde-bilera eta lantegi egin direlarik
200 lagunek baino gehiagok hartu dute parte hiriaren etorkizunari begira antzeman ziren gai estrategikoak aztertzeko lantalde eta lantegietan

Pamplona-Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoa prestatzeko prozesuaren barruko diagnostiko-fasean aurrera ari da Udala. Otsail eta martxoan egin diren lantaldeen bilera eta gazteekiko berariazko lantegien bidez, sakonean aztertu dira aurrez antzemandako gai estrategikoak, hartara ikuspegi orokor bat izateko hiriaren etorkizuna norantz doan jakite aldera.

Aurreko fasean antzeman ziren hamar gai estrategikoak honako hauek izan ziren: Iruña metropoli-hiri polizentrikoa izan dadin; kudeaketa publiko berritzailea eta eraginkorra; I+G+b eta adimen-espezializazioaren alde egitea; hurbileko merkataritza-eredu berria; nazioartekotzea eta eredu turistiko jasangarria; sormen-kultura eta -industria; etxebizitza, hiri-oreka eta paisaia; kolektibo zaurgarrien gizarteratzea, kultur aniztasuna, elkarbizitza eta bizi-kalitatea; mugikortasunaren paradigma aldatzea; eta trantsizio ekologikoa. Guztira, 204 lagunek parte hartu dute lantalde eta lantegietan. Horietako 106 emakumeak ziren, eta 98, gizonak, hau da, parte-hartzaileen % 52 emakumeak izan dira, eta % 48, gizonak. 

Gauzatzen ari den azterketaren jomuga da hiria barnetik zein kanpotik ikertzea, xede harturik Iruñeko ahulguneak eta indarguneak antzematea, bai eta datozen urteotan ager daitezkeen aukerak eta mehatxuak ere. Iruña inguruko beste hiri batzuekin alderatu eta zenbait adierazleren bidez kokatu ez ezik, hainbat eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalekiko partaidetza-lana lehenetsi da, eta herritarrekikoa ere bai. Hori horrela, lantalde eta lantegiak egin dira topagune desberdinetan, non sektorearen eta lurraldearen dimentsioak uztartu baitira, eta gazteen ikuspegia txertatu.

Lantaldeak eta lantegiak
Sektore-esparruan, aurreko fasean antzemandako hamar gai estrategikoetako bakoitzerako lantalde bana osatu zen. Guztira gaikako hamar talde, batez beste 10 lagunez osatuak, hauek parte hartzen zutelarik: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, gizarte-erakundeak, entitate pribatuak eta norbanako gisa parte hartzeko interesa eta nahia adierazi duten pertsonak. 

Halaber, lurralde mailako gai estrategikoak jorratu dira, auzo-eskala hiri-eskalarekin batera txertatzeko. Bost lantalde eratu ziren, batez beste 10 lagunekoak: kasuak kasuko auzoarekin zerikusia duten pertsonak, auzo-elkarteetako kideak, gizarte entitateak, gobernuz kanpoko erakundeak...

Aldi berean, berariazko hiru lantegi egin dira gazteekin, haiei ezagutarazteko nola ari den 2030erako estrategia prestatzen. Hiriaren eta haren etorkizuna aztertu da, eta gazteek diagnostiko horri beren ekarpenak egin dizkiete. Lantegietako bi Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dira, eta bestea Gazteriaren Etxean, gazte-berriemaileekin. Guztira 61 gazte parte hartu zuten, 38 neska eta 23 mutil.

¿Te ha sido útil esta página?