Telefónica Bildumaren 48 argazki Ziudadelan ikusgai, irudia adierazpide gisa aldarrikatzen duen ibilbidea zedarrituz

Telefónica Bildumaren 48 argazki Ziudadelan ikusgai, irudia adierazpide gisa aldarrikatzen duen ibilbidea zedarrituz
Baldessari, Prince, Levine eta Vik Muniz-en argazkiak ditu erakusketak, eta Mistoen eraikinean bisitatu daiteke maiatzaren 12a arte

Gaurtik aurrera eta maiatzaren 12a arte, Telefónicaren Bildumako argazki garaikideen funtsarekin osatutako erakusketa Ziudadelako Mistoen eraikinean izango da. 48 lan dira, bitarteko horren arestiko historiaren erakusgarri, 1973tik 2007ra arteko aldikoa zehazki, garai bat non argazkigintzak arte-esparruan zuen erabilera ulertzeko modua goitik behera aldatu baitzen; izan ere, orduan txertatu zen arte-zirkuituetan, behin betiko, adierazpide gisa zuen zeregina aldarrikatuta.

Erakusketa goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dute Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta Laura Fernández Orgaz Telefónica fundazioaren bildumen eta ibiltaritzen arduradunak. Erakusketan azaltzen dira esperimentazio handia eta irudi garaikide posmodernistaren eraikuntza formala ardatz izan zituzten hiru hamarkada horien nondik norakoak, hala nola, Baldessari, Richard Prince, Sherrie Levine edo Vik Muniz-en apropiazionismoa, Marina Abramovic eta Cindy Sherman-ek gorputzari eta identitateari buruz egindako gogoetak zein Becher senar-emazteen lanaren inguruan sortutako eskola alemaniarraren irudiak.

Apropiazionismoa, estereotipoak eta esperimentazioa
Ibilbidea Mistoen eraikineko beheko solairuan hasten da, argazkigintza-adierazpidearen beraren gogoeta plazaratzen duten lanez. Richard Prince, Sherrie Levine eta Louise Lawler-ek kolokan jartzen dute, haien lanen bidez, zenbait kontzeptu, hala nola maisu-lana, egiletza eta, are, merkatuaren balioa bera ere. Apropiazionismoaren egile horiek argi eta garbi gogorarazten diote ikusleari irudi garaikidea eraikuntza kultural bat dela.

Areto honetan dauden beste zenbait egileren lanek estereotipoen azterketa eta subertsioa dituzte oinarri. Aipagarriak dira Jurgen Klauke-ren lanak, maskulinitatearen nozioa aztertzen baitu tradizionalki gizon izateak izan bide duen esanahia anbiguitate-estetikaren bidez hankaz gora jarrita, bai eta Cindy Sherman-enak ere, zeinak bere lanetan kritikatzen baititu feminitatearen arketipoak osatzen dituzten tipologia desberdinak.

Erakusketaren testuak jasotzen duen bezala, une hauetan bilakatzen da gorputza laborategi, eta hortik abiatuta adierazpen-aukera berriak aztertzen dira, dela formari dela kontzeptuari dagokienez. Zenbait kasutan, Helena Almeidaren lanean gertatu bezala, ia orban abstraktu hutsa bilakatzen da obra. Beste zenbaitetan, hala nola John Coplans-ekin, aurpegirik gabeko gorputz baten irudikapen zatituak ia gizabanakoaren desagerpena dakar. Beste egile batzuek, Zhang Huan-ek eta Marina Abramovic-ek kasu, beren gorputza bilakatu dute argazkietan jasotako perfomanceen erdigune. 

Ondoren, artista-belaunaldiek planteamendu berrietarako bideak urratu zituzten: Sam Taylor-Wood-ek, adibidez; artista-dokumentalismo berria, Paul Graham-ek bezala, eta Philip Lorca diCorcia-k, jolasa eta ausazkoa. Badaude ere Vik Muniz brasildarraren lanak, zenbait material erabilita irudi ezagunen kopiak eraiki eta gero argazkiak egiten dizkien sortzailearenak, alegia.

Arkitektura eta paisaia
Arkitektura eta paisaia irudikatzen dituzten lanak lehen solairuan jarri dira ikusgai. Azken hamarkadetan argazkigintzaren proposamen formalen garrantzitsuenetako bat azaltzen da bertan: Düsseldorf-eko Eskola eta bertako Bernd eta Hilla Becher maisu-maistrak. Haien lanek errealismoa aldarrikatu zuten argazki artistikoarendako baliozko aukera estetiko gisa, argazkiaren barne-ezaugarriak goraipatzeko irtenbide formal gisa, nolabait. Haien eta haien jarraitzaileen lanak ikus daitezke erakusketan, Candida Höffer, Thomas Ruff eta Andreas Gursky-renak, adibidez. 

Eraikitako zenbait gune irudikatzen dituzten argazkiak handiak ere badaude erakusketan. Izadia eta argazkigintzaz bezainbatean, nabarmentzekoak dira Gabriel Orozco, Olafur Eliasson eta Perejaume egileen lanak, besteak beste.

¿Te ha sido útil esta página?