Iruñeko Ziudadelan dago, gaurtik aurrera, Suite Iberia, Jordi Bernadók eraikitako argazki-lurraldea, non ingurua erakusten baitu, bere sormen-iruditeria pizten duten iradokizun, xehetasun zein ñabardura eta kale-irudiekiko topaketen bidez erakutsi ere. Formatu handiko 42 argazki dira, horietako batzuk egile berak aurrez egindako Borgesen mapa erakusketatik etorriak, orain lurralde nazionalaren mapa berri hau ezagutarazteko berreskuratutakoak.
Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendariak goizean aurkeztu du erakusketa, prentsaurrekoan, non egilea bera eta Xosé Garrido erakusketaren komisarioa lagun izan baititu. Erakusketa Mistoen eraikineko beheko solairuan egongo da ikusgai ekainaren 30a arte, ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etatik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Garridok azaldutakoarekin bat, erakusketa ez da egilearen obran egindako atzera begirako bat, ezta ezaugarri estilistiko eta tematikoen bidez artista hobekien definitzen duten artelan-sorta baten hautaketa ere. Bere obraren gainean egindako esku-hartze bat da, ‘arakatzea’ xede daukana, batetik, kultura mendebaldarra garatu deneko lurraldearekin eta espazioarekin artistak ezartzen duen harreman konplexua eta berezkoa, eta, bestetik, irudikapen hauek ikusleekin ezartzen dituzten hartu-emanak.
“Ohiz kanpoko” irudia
Suite Iberia lan pertsonal, konplexu eta ñabarduraz beterikoen bilduma da. Kontraesana, zentzugabetasuna, zoria eta ironia dira Jordi Bernadók baliatzen dituen lehengaiak bere ingurunean dagoena “adierazteko”.
Erakusketaren komisarioak azaldu duenez, Bernadóren argazkiak munduarekiko topaketa gorabeheratsu eta anekdotikoetatik eratorriak direla irudi lezake. Alabaina, bere irudiak ez dira sortzen ustekabeko inguruabar ekidinezinen konbinaziotik, egiten dituen hautaketetan inprobisazioaren faktoreak eragiten badu ere. Kontua da ongi inprobisatzeko, askotan saiatzen dela.
Hartara, bere hautaketak ongi hezi eta trebatutako begirada baten emaitza dira, argazkilaria hainbeste obsesionatzen duen munduaren irudi horren parte diren zenbait irudi jakinen bila ari delarik. Simulakroek eta mistifikazioek eratutako irudia da, eszentrikoa zentzu orotan, bitxia izateagatik, eta nabarmena, eta ohiz kanpokoa, bai eta erdigune ezberdina edukitzeagatik. Eta irudi hori da hura eraiki eta proiektatzen duen mundua bera bezain erreala, baina ez du amore ematen eta ez du nahi ereduaren zertzelada berberetan ulertua izatea.
Horregatik, bada, Xosé Garridok esaten duenarekin bat, ikusleak irri egiten du batzuetan bere irudien aurrean, harritu egiten da itxuran fikzio ulertezinezko jitetik dutenarengatik, bere dramaturgia simulatuengatik, eszenifikatze ezinezkoengatik, sortzen dituzten itxaropenengatik eta, batzuetan ere, ikuslea itxura-jolas batean ari delakoan dagoelako, eta ez duelako kontuan hartzen ezen Hartmanen formulazioaren arabera egiazkoak ez duela zentzurik itxurazkoaren kontrakotzat ulertuta, itxurazkoa ere egiazkoa delako, bestela ezinen litzateke izan egiazko itxura.
Egilea
Jordi Bernadók (Lleida, 1966) argazkilaritza du interesgune, lurraldea, hiria, arkitektura eta hiri diseinua sortu eta kontatzeko bide gisa; izan ere, argazkigintza ezagutza-era gisa ulertzen du. Erakusketaren komisarioak dio Bernadó behatzailea dela, argazkilaria baino are lehenago. Argazkilaritza hautatu du mundua formaz eta begiradaz bezainbatean antolatzeko, halako mundua ezen horretaz dugun esperientzia zailtzen duen mugimendu desitxuratzaile batean barna etengabeko ihesean ari baita. Ez dago, jada, ezertarako ikasbide izan eta bizi daitekeen gertakaririk. Kontrara, elkarri behatzen dioten errealitateak badaude, ezin konta ahala galderaren iturri. Bernadók, konkistatutako talaiatik, mundua irudietan agertu nahi du, ez besterik, interferentzia animikorik txikienaz, inplikaziorik gabe, irudia ahal den objektibotasun handienaz harrapatuz, hori baita haren erasoa ekiditeko bide bakarra.
Bernadóren obra oparoa da, sailkako lanez osatua, eta hartan kontzeptualizatzen ditu paisaiari buruz dituen ideiak, lurraldeari analitikoki begiratuz (arkitekturari, baina are, eta batez ere, hiri-guneari, ikuspegi soziologiko, kultural eta antropologikoetatik abiatuta). Egindako lanak Europa eta Estatu Batuetako hainbat tokitan garatu ditu.
Bernadóren argazkiak bilduma publiko zein pribatuek erosi dituzte, honako hauek, besteak beste: La Caixa Fundazioa, Telefónica Fundazioa, Bibliothèque Nationale de France, Deutsche Bank Collection, Artium, MUSAC, Vila Casas Fundazioa eta Banc Sabadell. Halaber, bakarkako zein taldekako erakusketa ugaritan erakutsi dira, hala Espainian nola atzerrian, toki hauetan, esaterako: New Yorkeko Artist Space, Parisko Vu Galeria, Hanburgoko Filter Space, Madrilgo Telefónica Fundazioa eta Frankfurteko Fotografie Forum International. Orobat, arkitektura garaikidea eta paisaia ardatz dituzten 20 liburu baino gehiago argitaratu ditu.
Xosé Garrido (Monforte de Lemos, Lugo, 1968) erakusketaren komisarioa da, arkitektura eta ondarean espezializatutako argazkilaria, zinema dokumentaleko zuzendaria eta erakusketa-komisarioa.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- 'Suite Iberia'k Jordi Bernadóren sormen-iruditeria ekarriko du Ziudadelara, 42 argazkiz osatutako erakusketan