San Francisco Javier zentroa da ardatz Ziudadelako Labean ikusgai dagoen Mar Mateoren Argi-itzalen artean argazki-erakusketan

San Francisco Javier zentroa da ardatz Ziudadelako Labean ikusgai dagoen Mar Mateoren Argi-itzalen artean argazki-erakusketan
Egileak argazki-bilduma pertsonal gisa ulertzen du proiektua, eta urteetan zehar egindako bisitetako espazioak, emozioak eta kezkak islatzen ditu
foto expo horno

 

Mar Mateo Sainzen Argi-izpien artean. Aurkikuntzaren agertokia argazki-erakusketa Ziudadelako labean bisitatzen ahalko da abenduaren 15era arte. San Francisco Javier zentroari buruzko argazki-bilduma pertsonal bat da, garai batean psikiatrikoa izan zen eta gaur egun osasun mentaleko zerbitzuak ematen dituen zentroari buruzkoa, hain zuzen ere. Argazki-bilduma horretan biltzen diren espazio, txoko eta lekuak hutsik daude gaur, baina egilea hunkitu eta harengan grina piztu zuten istorioz beteta

Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorreko zuzendariak eta Mar Mateo Sanzek prentsaurrean aurkeztu dute erakusketa gaur goizean. Egilea 2014ko urte-bukaeratik 2021eko irailera arte zentrora egindako bisiten bidez eraikitzen joan zen erakusketa. Mar Mateok eskerrak eman dizkie zentroko langileei eta erabiltzaileei, harengan sinistu izanagatik eta egindako lanarekiko erakutsitako errespetuagatik. 

Terapeuta batek arte-lantegi batera gonbidatuta sartu zen lehen aldiz San Francisco Javier Zentrora. Txundituta utzi zuen eraikin horren arkitekturaren dotoreziak eta haren etxekotasunak. Bisitak argazkiak ateratzeko grina piztu zion, eta kamera hartuta itzuli zen zentrora. Ordutik aurrera egindako bisitetan, senak gidatu zizkion urratsak, eta, jakin-minak bultzatuta, eraikinaren historiako pasarteak arakatu zituen. 

Máximo Goizueta arkitektoa izan zen garai batean, erietxe psikiatrikoa izan zen Iruñeko eraikin horren proiektuaren egilea, eta Frantziako XIX. mendeko psikiatren eragina nabaria da. Hogeita bost eraikin edo pabiloi zituen, bata bestearengandik galeriak, lorategi, patio eta etxebizitza txiki batzuez bereizita. Zentroa bere burua hornitzeko gai zen, baratzea eta abeltegia baitzituen. Hastapenetan 4 metro garai zen harresi batek bereizten zituen gizonezkoen eremua, emakumezkoena eta kanpoaldea.

Historia duten espazio hutsak

Zentroko espazioen, ikuspegien, perspektiben eta tokien hainbat argazki egonen dira ikusgai Labea erakustaretoan. Argi-ilunen jolasean dabiltzan leihoak, ateak, korridoreak eta gelak... irudiak osatzen dituzten lauza, baldosa, horma edo hodien simetriak zedarrituta. Egileak bestela ezezagunak izanen ziren ezkutuko txokoak eta izkinak deskubrituz islatzen du eraikina; unibertso paraleloetako agertokietan, non pertsonak eskuak poltsikoetan sartuta hizketan edo eguneroko lanean atseden hartzen imajinatzen zituen.

Proiektu honek eta erakusketak bihotzetik sortutako argazkien garrantzia balioesteko balio izan dio egileari.  Horregatik, ikuspegi humanista lantzeko beharra sentitu du, emozio berriak aurkitzen laguntzen duen ikuspegi bat. Emozio hunkigarriak sorrarazi nahi zizkion erakusketa bisitatzen duen ikusleari, ezinegona sentiarazi, eta, aldi berean, irudiei begiratzean itzalez haragoko ñabardurak azaleratzea lortu nahi zuen. 

Egilearen biografia

Mar Mateo Sainz (Iruña, 1960) Haur-Hezkuntzako maistra eta Argazkigintza Artistikoan lizentziaduna da Southamptoneko (Ingalaterra) Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Aktore eta jaialdietako kudeatzaile izateko- prestakuntza jaso zuen TEN - Teatro Estable de Navarran. Nafarroako Gobernuak birritan eman zion beka; Ingalaterran “Antzerkia Hezkuntzan” ikasteko batetik, eta bestetik Frantziako Georges Pompidou zentroan "Sorkuntza eta Sentsibilitatea Arte Plastikoetan" ikasteko. 

Bederatzi urtez Mount Pleasant Media Workshop argazki-lantegiaren zuzendaritza taldeko kide izan zen, Southamptonen, Ingalaterran. Irudiekiko duen interesa gai sozialetan, haurren munduan eta emakumeetan ardazten da neurri handi batean. Diziplina arteko proiektuetan hainbat erakunderekin lan egin du argazkilari gisa,eta proiektuak eta prestakuntza-lantegiak kudeatu ditu komunitate txikietan. Errioxan Talleres Spiral lantegiaren kide sortzaile izan zen. Gaur egun, Tuterako Lourdes Haur Eskolako zuzendaritza-lana, kultur kudeaketa komunitarioko lana eta bere lan artistikoa uztartzen ditu. 

¿Te ha sido útil esta página?