Ostiralean hasiko da Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin batera udazkenerako egin duen euskarazko programazioa, Katixa Agirre eta Maite Larbururen emanaldiarekin

Ostiralean hasiko da Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin batera udazkenerako egin duen euskarazko programazioa, Katixa Agirre eta Maite Larbururen emanaldiarekin
Zikloak aurrera jarraituko du Jon Basaguren eta Iñigo Astizekin, azaroaren 18an, eta Iosune de Goñi eta Leire Alonsorekin, abenduaren 16an
Cartel

 

Urriaren 8an, ostiralarekin, hasiko da Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako euskarazko programazioaren beste denboraldi bat, Katixa Agirre eta Maite Larbururen ‘Kax-kax-kax!’ literatura- eta musika-emanaldiarekin. Kondestablearen jauregian izanen da, 19:30etik aurrera.

Azaroaren 18an zikloak leku eta ordu berean jarraituko du ‘Oraindik, orain eta oraingoz’ poesia- eta musika-saioarekin, Jon Basaguren eta Iñigo Astizen eskutik. Amaitzeko, abenduaren 16an, Iosune de Goñi eta Leire Alonso igoko dira agertokira poesia eta zango-biola emanaldi bat aurkezteko. Jardueretarako sarrera librea izanen da, aurreikusitako leku guztiak bete arte.

`Kax-kax-kax!’, idazle baten eta biolin-jotzaile baten arteko lotura

Emanaldiak, ‘Kax-kax-kax!’ onomatopeiaren bidez, bizitza ireki eta ixten diren ateak direla gogorarazi nahi du, ate horietatik sartu ala ez. Obrak Katixa Agirre eta Maite Larburu ditu protagonista.

Katixa Agirrek “Sua falta zaigu” (Elkar, 2007) eta “Habitat” (Elkar, 2009) ipuin-bildumak argitaratu ditu. Haur eta gazteendako izenburu asko idatzi ondoren, 2015ean bere lehen eleberria argitaratu zuen: “Atertu arte itxaron” (Elkar, 2015). Road novel horrek 111 Akademia saria jaso zuen, eta gaztelaniara “Los Turistas Desganados” (Pre-textos, 2017) izenburuaz itzuli zen, bai eta beste hizkuntza batzuetara ere, hala nola danierara eta bulgarierara. “Amek ez dute” (Elkar) eta “Las madres no” (Tránsito) ere argitaratu ditu.

Maite Larburu Hernani eta Amsterdamen artean bizi den biolin-jotzaile nomada da. Azken hiri hori erabiltzen du ekintza-base moduan freelance gisa jotzeko, Holandan, Belgikan eta Frantzian, besteak beste. Estatu Batuetako Josh Cheatham zangobiola-jotzailearekin batera Neighbor izeneko bikotea sortu eta “Ura patrikan” (2013) estreinaldi-albuma argitaratu zuen, eta ondoren, “HAU” (2016) diskoa, non Valentziako Carlos Taroncher clarinete-jotzaileak parte hartu baitzuen. 2019an “Hezurren azpian” argitaratu zuen.

Jon Basaguren eta Iñigo Astizen azken lanetako abestiak eta poemak

Azaroaren 18an, Jon Basaguren eta Iñigo Astizek, haien azken disko eta liburuetako abesti eta poemak eskaintzeaz gain, sormenari eta oraina harrapatzeko moduei buruzko hainbat hausnarketa tartekatuko dituzte. Iñigo Astiz kultur kazetari lanean dihardu Berria egunkarian. Hainbat olerki-liburu argitaratu ditu: “También los residuos”; “Kixotenean”, Rikardo Arregi kazetaritza sariaz aintzatetsia; “Analfabetoa”, Lauaxeta saria irabazi zuena, eta “Joemak eta polasak”, Euskadi saria. Miren Rubio eta Alberto Barandiaran kazetariekin batera argitaratu zuen “Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan”. Halaber, hainbat itzulpen-lan egin eta poesia-emanaldi ezberdinak sortu ditu.

Jon Basagurenek bere lanak 2012an sortutako Izaki Gardenak taldearen bidez aurkeztu ditu. Urte horretan 5 abesti grabatu zituzten, eta hurrengoan “Amaieratik hasi” kaleratu zuten, Elkar estudioetan grabatutako lehen lan luzea. Leku berean, 2015ean, “Aurri gara” grabatu zuten, eta 2018an “Dena oskol” diskoa, zeinarekin hainbat kontzertu eskaini baitituzte.

Iosune de Goñiren poemak eta Leire Alonsoren zango-biolaren musika

Abenduaren 16an agertokian bateratuko dira Leire Alonsoren zango-biolaren soinua eta Iosune de Goñi poetaren ahotsa. Biek bi sortzaile, bi garai eta bi hizkuntzen arteko elkarrizketa proposatuko dute: Tobias Humen XVII. mendeko musika ingelesa eta Iosune de Goñiren gaur egungo euskal poesia. Leire Alonso Allué musikaria eta idazlea da. Bartzelonako eta Euskal Herriko unibertsitateetan Matematika ikasketak egin ondoren, irakaskuntzan aritzen da. Biolontxelo titulu profesionala lortu du Pablo Sarasate Kontserbatorioan, eta zango-biolakoa Bilboko Kontserbatorioan. Goi-mailako zango-biola gradua egiten ari da.

Iosune de Goñi idazlea eta argazkilaria da. Filosofia ikasketak amaitu ondoren, Literaturaren, Artearen eta Pentsamenduaren Konparaziozko Ikasketen masterra egin zuen. Inés Martínez Garcíarekin batera, Trenza roja diziplina anitzeko fanzinearen egilea da. Haren testuak euskarazko hainbat literatura-lehiaketatan aintzatetsi dira, hala nola Iruñeko Udalak Egile Berriendako euskarazko literatura-lehiaketaren 2. sarian, poesia modalitatean, eta aldizkarietan, antologietan eta beste lankidetza-proiektu batzuetan agertu dira. Euskaraz zein gaztelaniaz idazten du.

¿Te ha sido útil esta página?