Martxoaren 15era arte egonen da ikusgai Kondestablen Xabier Martinez Riazuelori buruzko erakusketa bat: besteak beste, Azpilagañako ikastetxe publikoko eguzki-erlojuaren egilea da

Martxoaren 15era arte egonen da ikusgai Kondestablen Xabier Martinez Riazuelori buruzko erakusketa bat: besteak beste, Azpilagañako ikastetxe publikoko eguzki-erlojuaren egilea da
Xedea da behar bezain ezaguna ez den eta bizitzaren tarte bat Iruñean eman zuen eskultore eta margolariaren ibilbide artistikoari balioa ematea
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Xabier Martínez Riazuelo. Lerroa, kolorea eta arima du izena ostegunetik aurrera Kondestablearen jauregiko lehenengo solairuko aretoetan ikusgai egonen den erakusketak. Erakusketa egiteko Silvia Sádaba Cipriain Artearen Historian doktoreak eta erakusketaren komisarioak sortzailearen lanaren inbentarioa egin eta hura sailkatu eta aztertu behar izan du. Prozesua familiaren ekimenez abiatu zen, artistaren irudia balioetsi eta haren lana ezagutarazteko nahiak bultzatuta, eta Udalak proposamena asmo dibulgatzailez jaso du, egileak, gainera, Udalaren beraren enkarguz ere egin baitzituen bere lan batzuk.

Hauek aurkeztu dute erakusketa gaur goizean: Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Silvia Sádaba Cipriain erakusketaren komisario eta Artearen Historian ikertzaile eta doktoreak. Ekitaldian artistaren senideak izan dira. Erakusketak askotariko arte eta formatuetan egindako 236 lan biltzen ditu, batez ere margolanak, marrazkiak eta eskulturak, bai eta ilustrazio-xaflak ere. 

Xabier Martínez Riazuelo (1956-2021) behar bezain ezaguna ez den eta Iruñean bere bizitzaren tarte bat eman zuen egilea da, Ziudadela zaharberritzeko lanetan ere aritu zen, Udaleko Lantegi Eskolaren eskutik, eta Udalak berak egin zizkion enkarguak egin zituen. 2024an, hil eta hiru urtera, artistaren familia Sádabarekin harremanetan jarri zen familiak gordetzen zituen eskultura eta margolanak aztertzeko. Erakusketaren arrazoibidea teknika eta gai desberdinetan taldekatutako lanen erakusketan oinarrituta dago, ibilbide lineal baina librea proposatuta ikusleak Martínez Riazueloren lanera foku anitzetatik hurbil daitezen.

Artelan “pribatuen” azterketa-prozesuari ekin ondoren, familiak ez zituen hainbat obra-multzo bildu eta identifikatzeko lanari ekin zaio orain; izan ere, artelan horiek monumentalak, publikoak edo oparitutakoak ziren. Mota horretakoak dira Udalak eskatutako lan batzuk, hala nola "Mochuelo” deiturikoa, zeina izen bereko plazako frontoiaren goialdean baitago (Iruñeko Ega Ibaiaren eta Altzania Errekaren kaleek bat egiten duten tokian), eta Azpilagaña ikastetxeko eguzki-erlojua. Nolanahi ere, Nafarroako beste gune publiko batzuetan ere Riazueloren beste lan batzuk ikus ditzakegu, hala nola igel gorriari eskainitako eskultura Leurtzako urtegian (1986) eta Zizur zendearen armarria Astraingo elizako horman.

Sádabak sortzailearen ibilbideari buruz egindako ikerketak nortasun sortzaile, berritzaile eta geldiezina islatzen du: egileak bere garaiko iturrietatik edaten zuen, baina hizkuntza propioa aurkitu zuen bere emozioak eta hurbileko unibertsoaren ikuspegia adierazteko. Alderdi emozional hori bereziki nabarmena da bere margolanetan; eskulturan, berriz, obrek arrazionaltasunerako joera dute, eta azterketa geometriko xehatu bati erantzuten diote.

Xabier Martínez Riazuelo eskultore autodidakta eta sortzailea izan zen. Etengabeko lekualdatzeek eta gaixotasun mental batek markatu zuten haren ibilbidea, eta gaitz horrek jarraikortasun artistikoan izan zuen eragina, baina ez, ordea, sormen-sakontasunean. Haren sorkuntzako aldirik onena Aizpungo eta Azuquecako lantegien garaia izan zen, non harrizko eskultura mota soil, arrazional eta geometriko bat garatu baitzuen, forma organikoekin txandakatua eta marmol, granito, hareharri eta zeramikaz leundua. Giza irudiak eta hegaztiak izan ziren haren leit motiv errepikatuenak, bolumenekin, erritmoekin eta argiarekin jolasten duten lan abstraktuekin batera. Oteiza, Brancusi, Moore edo Hepworth izan ziren, besteak beste, Riazueloren erreferenteak. Pinturan, keinu bidezko materiari lotutako lengoaia nabarmendu zen, informalismotik eta abstrakziotik gertu dagoena. Artistaren obra, askotarikoa eta sakabanatua, bilduma pribatuetan eta gune publikoetan ikusgai dago.

Erakusketa astelehenetik igandera egonen da zabalik, martxoaren 15era arte, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

¿Te ha sido útil esta página?