San Jose udal-hilerrian dago Gerra Zibilean eta Frankismo garaian fusilatutako eta oraindik identifikatu gabeko biktimen gorpuzkien panteoia, eta dagoeneko hasiak dira handitzen. Nafarroako Gobernuarekin eginiko hitzarmen bat tarteko egiten ari dira lan horiek, eta helburua da 2013an eraikitako panteoiaren edukiera handitzea: 60 hilobirendako tokia izan du orain arte, eta beteta zegoen. Gainera, dagoeneko identifikatuta dauden gorpuzkiak ere sartzen ahalko dira panteoi horretan hemendik aurrera.
278.106 euroko aurrekontua dute lan horiek egiteko. Hasteko, granitozko monolito bat jarri dute, lehen zegoenaren antzekoa, eta bi panteoi ditu, 3x3 metrokoak. Panteoiek poliedro itxura dute, eta lurrean sartuta daudela dirudi; bi alboetan dituzte sarbideak, eta Zimbabwe deritzon granito beltzez eman diete amaiera. Gainera, bi banku, bi olibondo eta bi kantore simetriko ere jarriko dituzte inguru horretan. Plazako zoladura ere granito beltzez egina da. Lanak amaitzear dira: lorezaintzako lan batzuk baino ez dituzte falta.
Gaur goizean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak eta udal-teknikariak panteoian izan dira. Hilerriaren iparraldean egin dituzte lanak, 21. koadroaren barruan. Eremu horrek 135 m2 ditu, eta inguruan, San Simon, San Joan, San Gabriel eta San Lukas kaleak; oreinen atetik hurbil dago gainera. Aguaser Suministros y Servicios SL enpresari esleitu zizkioten lanak, iazko abuztuan. Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua elkarlanean ari dira udal-panteoia handitzen, hitzarmen bat dela medio, eta Gobernuak 125.000 euro jarri ditu.
Aitortzarako eta erreparaziorako gunea
Elkarte memorialisten eskaera historikoetako bat izan da biktimak aitortu eta gogoratzeko gune bat izatea, eta 33/2013 Foru Legean, azaroaren 26koan, dagoeneko jaso zen horrelako gune bat sortzea, 1936ko estatu-kolpe militarraren ondoren erail zituzten eta errepresioa jasan zuten nafarrak aitortu eta erreparazio morala bultzatzeko.
Lan horiei esker, panteoiak biktima mota gehiago hartzen ahalko ditu: Nafarroako hobiren batean aurkitutako gorpuzkiak, identifikatu badira ere familiari eman ezin izan zaizkionak edo familiak hartu ezin izan dituenak ere sartzen ahalko dira. Halaber, Iruñean bizi zirela fusilatutako eta dagoeneko identifikatutako biktimen gorpuzkiak ere hor bertan ehorzten ahalko dira familiak hala eskatzen badu. Eta azkenik, Espainiako hobiren batean aurkitutako Nafarroako biktimen gorpuzkiak ere hartzen ahalko ditu panteoiak, gorpuzkiak identifikatu badira baina familiari ezin izan badizkiote eman edo familiak ezin izan baditu hartu.
Hala, hasieran baino aukera gehiago izanen ditu panteoiak: orain arte Gerra Zibilean edo Frankismo garaian desagertu eta foru arauen arabera lurpetik atera dituzten biktimen gorpuzkiak hartzen ahal zituen, bai eta Nafarroako hobiren batean aurkitu eta identifikatu ezin izan dituzten biktimenak ere.