Dagoeneko ezagutzen ditugu 2024ko sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko herri-bozketan parte hartuko duten hamar lan finalistak Teknika desberdinekin egindako hamar diseinu, non festaren uneak eta protagonistak, keinuak, sinboloak, musika, dantza edo abstrakzioak agertzen baitira. Iruñean erroldatutako pertsonek dagoeneko bozkatzeko aukera dute, maiatzaren 6ra bitarte, www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu webguneetan, 010 – 948 420 100 telefonoan eta hiriko zazpi Civivoxetan.
Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Íñigo Gómez alorreko zuzendariak eta edizio honetako epaimahaikideek ezagutzera eman dituzte hautatutako hamar kartelak. Lanak Kondestablearen Jauregiko ezkaratzean egonen dira ikusgai erakusketa batean bozketa amaitu arte, herritarrek ikusteko aukera izan dezaten.
Hamar lan finalistak, dagozkien bozketarako zenbakiarekin eta plika-zenbakiarekin, honako hauek dira:
- 1. kartela. 2087. plika. Gaiteroak
- 2. kartela. 2094. plika. Ondare enblematikoa
- 3. kartela. 2096. plika. Jaiaren Doinua
- 4. kartela. 2118. plika. Adarrak eta zirriparra
- 5. kartela. 2197. plika. Ezpata-Dantza
- 6. kartela. 2260. plika. Koloreak ateratzen
- 7. kartela. 2305. plika. Bizi sanfermina
- 8. kartela. 2435. plika. Josemiguelerico
- 9. kartela. 2560. plika. Hari eroalea
- 10. kartela. 2570. plika. Multzoa
Iruñeko Udalak gogorarazten du kartelen egileak eta diseinuak edo irudiak, hamar finalisten artean aukeratuak egon zein ez, ezinen direla publiko egin kartel irabazlearen aurkezpen ofiziala egin arte. Anonimotasun-betebeharrari lotutako oinarriak ez betetzea arau-hauste larritzat joko da, eta edizio honetatik baztertzeaz gain, 3 urtez lehiaketara ezin aurkeztea ekarriko du. Lan irabazlearen egileari 6.000 euroko saria emanen zaio, lehiaketak duen zuzkidura.
Aurten, sanferminetako kartelen lehiaketan parte-hartzaileek kartela egiterakoan adimen artifizial sortzailea erabiltzea mugatzen duen klausula bat gehitu da, modu horretan sortzaile guztien egile-eskubideak errespetatzen dituzten lanak bultzatuz, modu analogikoan edo digitalean baina erabat gizakiek prozesuen automatizaziorik gabe egin dituzten kartelak modu positiboan baloratuz, sanferminetako kartel lehiaketaren beraren kalitatea eta prestigioa zainduz, eta arte-sorkuntza etikoa eta errespetuzkoa sustatuz.
Segurtasuna bozketan
Aurreko urteetan bezala, Iruñean erroldatutakoek bozkatzen ahal dute, honako hiru bide hauetatik: telematikoki, telefonoz eta aurrez aurre. Sanferminetako kartela aukeratzeko egiten den hamabosgarren herri-bozketa izanen da. Parte-hartzeko prozesua 2008an abiatu zen, eta 2020an eta 2021ean ez zen egin koronabirusaren pandemiaren ondorioz jaiak bertan behera geratu baitziren.
Telematikoki www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu udal-webguneen bidez bozkatzen ahal da. Abizena eta NANa eskatuko dira datuen egiazkotasuna eta bozkatzeko aukera egiaztatzeko. Iruñeko Udalak onlineko gune bat sortu du eta bertan bozkatzeaz gain epaimahaiak lan bakoitzari buruz egindako balorazioa ere ikusteko aukera dago.
Telefonoz ere bozkatzen ahal da, 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez. Deitzen duen pertsonari NANa eskatuko zaio, horrela, beste bide batez ez duela bozkatu egiaztatzeko. Azkenik, hautetsontzi batzuk jarri dira zazpi Civivoxetan horretarako sortutako boto-paper batzuen bidez bozkatu ahal izateko. Horretarako ere NAN zenbakia eskatuko da. Izan ere, kasu horretan, aurrez aurre emandako botoak botoen guztizko erregistroan sartzen direnean, datuak egiaztatuko dira bikoizketak saihesteko.
Bozkatzeko epea maiatzaren 6an, astelehenarekin, amaituko da. Udalaren webguneen bidez online egiten dena 23:59an amaituko da. Civivoxetan, aurrez aurre botoa emateko epea 22:00etan amaituko da, zentroen itxiera ordutegiarekin bat. Zentroen ordutegia honako hau da: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Azkenik, 19:00ak arte egonen da 010 (948 420 100) telefonoaren bidez bozkatzeko aukera, kontuan hartuta zerbitzu horren ohiko arreta-ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 09:30etik 13:30era.
Iruñeko Udalak hainbat segurtasun-mekanismo gaitu ditu bozketa modu egokian garatu dadin. Botoa eman dezaketen pertsonen autentifikazioa indartzea, IP beretik bozketa masiboak saihestea edo hainbat bidetatik botoa eman duten pertsonen botoak bikoizturik ez daudela berrestea dira azken edizioetan lehiaketaren ebazpenean eragina izan dezaketen anomaliak detektatzeko inplementatutako segurtasun-neurrietako batzuk.
Kartelen erdiak baino gehiago nafarrak izan dira eta laurdena, Iruñekoak
Sanferminetako kartel lehiaketaren aurtengo edizioan Iruñeko Udalak 635 lan jaso zituen, duela hogeita hamar urte, gutxienez, jaso den kopururik handiena. 635 karteletatik, 608 (% 95,6) estatutik zetozen eta 27 (% 4,4) atzerritik, zehazki, hamaika herrialde hauetatik: Italia, Frantzia, Kuba, Serbia, Mexiko, Argentina, Estatu Batuak, Andorra, Peru, Kolonbia eta Letonia. Aurkeztutako kartelen erdiak baino gehiago, 650etik 343 (% 54) Nafarroako egileenak ziren eta 182 (% 28,6), laurdena baino pixka bat gehiago, iruindarrek eginak. Adinari dagokionez, kartelen % 42,5 (270) 30 eta 49 urte bitarteko pertsonek aurkeztu zituzten; % 29,2 (186) 50 urtetik gorakoek, eta %22,2 (141) 19 eta 29 urte bitartekoek. Sexuaren arabera parte-hartzaileak honela bereizi dira: 352 gizon, 279 emakume eta “beste bat” aukera hautatu zuten 4 pertsona.
Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria aritu da kartel finalistak hautatu dituen epaimahaiaren buru. Epaimahaikideak honako hauek izan dira: Javier Manzanos Garayoa Arte Plastikoetako udal-teknikaria; Verónica Eguaras Alcántara Arte Ederretan lizentziaduna, artista plastiko eta bisuala eta Iruñeko Arte Eskolako irakaslea; Idoia Iribertegui Iriguibel Arte Ederretan lizentziaduna, ilustratzailea eta irakaslea eta Tiza elkarteko ordezkaria; Virginia Jönas Urigüen Visual Comunicación enpresan proiektuen garapeneko zuzendaria eta Nafarroako Komunikazio-enpresen elkarteko ordezkaria; Aizpea Lasa Villa Arte Ederretan lizentziaduna, artista plastikoa eta ilustratzailea, eta Javier Morón Belso diseinatzaile grafikoa, Franziska estudioko kidea eta 2007ko Sanferminetako kartel lehiaketako irabazlea. Idazkaria Lidia Aguerri Hermoso de Mendoza Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko ofizial-administraria izan da.
2024KO SANFERMINETAKO KARTEL LEHIAKETAKO LAN FINALISTA
- 1. kartela. 2087. plika. Kartelaren izenburua: Gaiteroak
Kartelean bere balio piktorikoa nabarmentzen da, faktura tradizionalagoa berreskuratzen du eta, aldi berean, berritzailea da. La Pamplonesa Udaletxe plazara ateratzen denean, bibrazio, tentsio eta mugimendu handia dagoen une hori jasotzen du.
- 2. kartela. 2094. plika. Kartelaren izenburua: Ondare enblematikoa
Estilo tipografiko handiko diseinua du; oso konposizio argi eta orekatua duen kartela da. Estilo grafiko argiko pieza bat. Modu harmonikoan jokatzen du tipografia zehatzarekin, baina pisu bisual justuarekin eta alaitasuna eta kolore-notak ematen dituzten festako hainbat ikonorekin. Garbia, zuzena, argi eta garbi irakurtzeko eta ezagutzeko modukoa. Konposizioa komunikazio-formatu eta -tresna desberdinei erraz aplikatzen ahal zaien marka bihurtzen du.
- 3. kartela. 2096. plika. Kartelaren izenburua: Jaiaren Doinua
"Jaiaren doinua" izeneko kartelak erabateko protagonismoa ematen dio sanferminetako zati garrantzitsu bati: musikari guztiei, gure jaien arimari. Oso konposizio harmonikoa eta adoretsua erabiltzearen originaltasunagatik aukeratutako kartela, jaietako giro dibertigarria oso ondo irudikatzen duen ilustrazioa. Koloreen hautaketak, arriskutsua izan arren, konbentzionala denarekin apurtzeko propio egindako asmoa erakusten du, eta, horren ondorioz, piezan energiak gainezka egiten du. Kartel dibertigarria, freskoa eta lotsagabea.
- 4. kartela. 2118. plika. Kartelaren izenburua: Adarrak eta zirriparra
Konposizio tipografiko zainduaren bidez eta adarrak irudikatzen dituen keinu lotsagabe eta urratzaile batean eskua bezain indartsua den elementu baten bidez, kartela dibertigarria eta freskoa da. Zezena eta festen jai-izaera irudikatzen ditu aldi berean. Inpaktu bisual handiko kartela da, oso grafikoa.
- 5. kartela. 2197. plika. Kartelaren izenburua: Ezpata-Dantza
Sanferminetako karteletatik bereizten duen jaiaren alderdi bat irudikatzen du. Komikitik hurbil dagoen hizkuntza grafiko baten bidez, bineta soil batekin istorio bat kontatzeko gai da, enkoadraketa soil batekin, film baten frame baten antzera. Trazuak eta tarteka zabaltzen den koloreak ederki transmititzen dute dantzarien mugimendua. Aurten, gainera Udalaren Duguna dantza taldearen 75. urteurrenarekin bat egiten du, eta, beraz, kartelaren gaiak zentzu handiagoa hartzen du.
- 6. kartela. 2260. plika. Kartelaren izenburua: Koloreak ateratzen
Argazki zahar bat aurkezten du, kolore gorriko marra batzuekin. Horrela, nostalgia eta garaikidetasuna lotzen ditu keinu handiko irudi baten bidez: haurren jarrera erraldoi estatikoen aurrean, edo tipografia pertsonala. Nabarmentzekoa da bere izaera ludikoa eta performatiboa, festara begirada xalo eta biziz hurbiltzera gonbidatzen gaituena.
- 7. kartela. 2305. plika. Kartelaren izenburua: Bizi sanfermina
Obraren ezaugarria da diagonal nabarmeneko konposizio arretatsua eta ikuslearen begirada modu harmoniatsuan gidatzen duten formen erabilera kartelean zehar, dinamismoa eta mugimendua sortuz. Irudiaren eta testuen arteko antolamendua orekatua eta egokia da, eta, horren ondorioz, kartelak harmonia bisuala du, obra osoa bateratzen duena. Atzealdeko kolore ausarta erabiltzeak ezarritako konbentzioei aurre egiten die, klasikoa hautsiz eta obrari originaltasun elementu bat gehituz.
- 8. kartela. 2435. plika. Kartelaren izenburua: Josemiguelerico
Ikonikotasunari dagokionez, oso kartel indartsua da, nahiz eta konposizioan minimalista izan. 4 kolore zapal besterik ez ditu, eta festetako pertsonaiarik maiteenetako eta enblematikoenetako bat antzematen da: Josemiguelerico. Haur baten ikuspegia besterik ez da. Proposamen originala, koloretsua eta oso erraz erreproduzitzen ahal dena sanferminetako kartela egon ohi den euskarri ugarietan.
- 9. kartela. 2560. plika. Kartelaren izenburua: Hari eroalea
Festaren agertokia goitik begiratuta. Hiriaren erdigunearen irudikapen bat, non sanferminetako une garrantzitsuenetako batzuk gertatzen baitira. Eraikinen itzalak uztaileko egun eguzkitsua irudikatzen du, planoari bolumena emateaz gain. Hari gorriaren bidez bi une nagusi irudikatzen dira aldi berean: entzierroa eta prozesioa. Kartel poetikoa eta dotorea.
- 10. kartela. 2570. plika. Kartelaren izenburua: Multzoa
Ondo osatutako kartela da. Atsegina, bai konposizioari dagokionez, bai paleta kromatikoa aukeratzeari dagokionez. Obra koloretsua da, festaren ikurretako asko irudikatzen dituena. Santua konposizio triangeluarraren goiko erpinean, erraldoia, zaldikoa, neska eta mutila, zezena, kilikia eta musika elementua. Elkarrekin San Ferminen irudia osatzen dute. Hondoak, izokin kolore horrekin, sanferminetako ikonografia tradizionalean (gorria, zuria eta beltza) erabili ohi denaren oso bestelakoa, ilustrazioa nabarmentzen laguntzen du. Oso harmonia indartsua du. Irudi hori, oro har, alaia, bisualki oso indartsua eta orekatua da.