Gaur hasiko da Ziudadelako Mistoen eraikineko beheko solairuan ‘Isidoro Valcárcel Medina - Arkitektura goiztiarrak’ erakusketa, zeina egilearen, Bilboko Azkuna Zentroaren eta IVAMen (Valentziako Arte Modernoko Institutua) laguntzarekin ekoitzi baita, eta EHAEO – Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako ordezkaritzaren partaidetzarekin. Iruñeko Udalak 1972ko Iruñeko topaketen berrogeita hamargarren urteurrena oroitzeko antolatu du erakusketa hau.
Isidoro Valcárcel Medinak sormenezko une hartan parte hartu zuen, ordurako gaur aurkeztutako erakusketa aurrez irudikatzen zuten proposamenekin. Kasu honetan, arkitekturak ideiak irudikatzeko eta beste bizimodu batzuk edo espazioen beste erabilera batzuk proposatzeko duen gaitasunari buruzko gogoetak biltzen ditu erakusketak. ‘Arkitektura goiztiarrak’ izenez izendatu zuen proiektu-multzo hori 1984 eta 1992 bitartean garatu zuen. Ikerketa oso bat da, eginezinak diren eraikin edo proiektu arkitektonikoetarako proposamenen bidez egindako ikerketa; eginezinak ez ikuspegi teknikotik, baizik eta garatzen dituzten ondorio kontzeptual edo ideologikoengatik: suizidioak zentralizatzeko espazio bat, haize-korronteak eten beharrean haizea aske ibil dadin pentsatutako etxe bat edo inbaditzaileak ezin kanporatzeko diseinatutako etxe ‘okupatu’ bat, adibidez.
Gaur goizean aurkeztu dute erakusketa Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta María Azkárate Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Nafarroako ordezkaritzako Kultura arloko kideak. Erakusketari loturik honako hauek ere izanen dira: arkitektura iragankorrei buruzko bisita gidatuen eta jardueren programa bat, lantegien eta jolas parte-hartzailearen jardunaldi bat, Antonio Cobok emanen duen ‘José Miguel de Prada Pooleren arkitektura iragankorrak’ hitzaldia eta Kristine Guzmánen ‘Isidoro Valcárcel Medinaren arkitektura goiztiarrak’ hitzaldia.
Valcárcelen lanak egunerokoa du elikagai, eta hiri-espazioa besteekin, gertuko errealitatearekin eta orainarekin elkartzeko, negoziatzeko eta hartu-emanetarako leku gisa hartzen du. Lehen begiradan une hartan egiten zirenen antzeko eraikinen eskuz marraztutako plano arkitektonikoak dirudite, baina bideragarriak izateko, beste garai bat eta beste pentsamolde bat eskatzen dute; beste modu batera esanda, goiztiarrak dira. Bere “Suizidentzako dorrea”, “Langabeentzako eraikina” edo “Txabolen kolonia” garapen kontzeptual modernoak dira, XVIII. mendeko arkitektura irudikorren ildokoak.
Erakusketa gaurtik aurrera ikusgai izanen da Ziudadelan, eta Mistoen eraikineko beheko solairuan bisitatzen ahalko da, abenduaren 11ra arte. Aretoa ordu hauetan egonen da zabalik: asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era, eta astelehenetan ez da zabalik egonen.
Isidoro Valcárcel Medina
Isidoro Valcárcel Medina (Murtzia, 1937) – Arte Plastikoen Sari nazionala 2007an, Arte Ederren Urrezko Domina 2014an eta Velázquez Saria 2015ean– arte kontzeptualaren erreferentziazko artista da Espainian. Bere hausnarketa artearen alderdi komertzialetatik urrun dagoen pentsamendu konprometitua da, artearen sistemaren nozio eta konbentzioen eta artearen eta pertsonen arteko harremanen mende erdiko ikerketa kritikoa baitu ardatz. Bere lanak desmaterializazioraino eboluzionatu du bere ibilbidean zehar; desmaterializazio horrek artearen objektualizazioari baino ekarpen handiagoa egiten dio esperientziari berari, eta artistak bizitza eta artea elkarrekin erlazionatzeko duen interesa jartzen du agerian.
Valcárcel Medinak duela mende erdi 1972ko Iruñeko Topaketetan parte hartu zuten artistetako bat da; garai hartan Sarasate pasealekuan jarri zuen ‘Egitura tubularrak’ instalazioarekin eta Príncipe de Viana zinema-aretoan eman zen ‘La Celosía’ film esperimentalarekin parte hartu zuen. Hirian duen presentziaren eguneratze honen bidez Udalak aurrera jarraitzen du urteurrenaren karietara udal-espazioetan eta aire zabaleko guneetan egiten ari den jarduera, erakusketa, performance eta dantza-erakustaldien programarekin. Programak hainbat kultura-erakunde erakarri ditu urtemuga horri buruz duten ikuspegi propioa ematera.