Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak jaso zuen aurreko ostiralean Klima-Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendari nagusiaren eskutik Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (EUPF) Iruñeko Udalari mugikortasunaren kudeaketa-kategorian eman dion saria. Klimaren aldeko Tokiko Jardunbide Egokiendako jasotzen duen VIII. Saria da, eta Udalari eman zaio, besteak beste, azpiegitura ziklistak, bizikletendako aparkaleku-sare segurua eta prestakuntza- zein hedapen-jarduketak egiteagatik.
Klimaren aldeko Tokiko Jardunbide Egokiendako Sariak xede dauka tokiko erakunde espainiarretan klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko garatutako jarduketen berri ematea 2014az geroztik, eta aitortza egitea klima-aldaketari aurre egiteko ahaleginei. Proiektuak beste zenbait jarduketaren artean, azpiegitura berriak hartzen zituen, hala nola Sarasate pasealekuaren eta Europa plazaren arteko bidegorria, Yanguas y Miranda, Armada etorbide eta Baiona etorbidean barnakoa. Jarduketa horretan, aipatzekoa da haren zentraltasuna eta hiriko zirkulazio-bide nagusienetako batzuetan gauzatu izana. Bizikletaren erabilera sustatzeak berekin ekarri du bideo-zaintzapeko eta txandakako sei aparkaleku estaliren sare publikoa sortzea eta lokalak presatzea hiriko zenbait auzotako bizilagunek bizikletak aparkatu ditzaten. Saritutako proiektuak, bestalde, Sanduzelaiko Juaristi doktorearen kalearen eta Txantreako Laguntzako Andre Maria kalearen hirigintza-eraldaketak ere jasotzen ditu: bertan igarobide jasangarriak sortu dira, oinezkoen eta ziklisten mugikortasuna hobetu da, elkarbizitzarako gune berriak sortu dira eta ibilgailu pribatuen presentzia murriztu da.
Ziklisten mugikortasunari zenbait ikuspegi kontuan harturik ekin zaio: azpiegitura ziklista berriak, aparkaleku babestuak, prestakuntza-programak –Bizieskola kasu–, araudia –30 km/h gehieneko abiadura ezartzen duen Mugikortasuneko Ordenantza kasu–, eta informazio- zein sentsibilizazio-kanpainak, hala nola ‘Aske zara’ mugikortasun jasangarriaren aldeko kanpaina.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko ekintzekin jarraitzea
Aurten asmoa da azpiegitura berriei heltzea, hala nola Labriteko bidegorriari eta Baiona etorbidekoaren jarraipenari, Barañainerantz. Aurreko astean aurkeztutako aurrekontu-aldaketak kontuan hartu du, baita ere, hiru toki berritara zabaltzea aparkaleku babestuen sarea. Datozen asteetan abian jarriko da ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare berria, eta irailean, bizikleta elektriko publikoen sistema berria.
Iruñearekin batera, beste hauek ere jaso zituzten sariak hainbat kategoriatan: Iruñeko, Málagako, A Coruñako eta Icod de los Vinoseko udalak, Menorca Irlako Consell-a eta Cadizeko zein Málagako diputazioak. EUPFko Klimaren aldeko Hirien Espainiako Sareak egin zuen sarien deialdia, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministeriokoa den Klima-Aldaketaren Espainiako Bulegoarekin lankidetzan.
Aitortza horri gehitu behar zaio 2020ko Espainiako Mugikortasun Astearen barruan jasotako Neurri Iraunkorrak saria, apirilean, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren eskutik. Horrez gain, aurreko azaroan, Bizikletaren aldeko Hirien Sareak eredugarri jo zuen Iruña pandemia osteko mugikortasun ziklistaren praktika egokiez bezainbatean, EUPFren sarian ere aitortza izan duten esku-hartzeei esker. Iruñeko Udalak, bestalde, FAAMren Urre Irisgarritasun Unibertsala saria jaso zuen 2019 urte bukaeran, Desgaitasuna dutenen Elkarteen Almeriako Federazioaren eskutik, oinezkoen 342 pasabide semaforodunetan seinaleak jartzeagatik autismoa duten adingabeei zuzendutako piktograma bidez. Sariak aitortza egiten zion Iruñeko Udalak mugikortasun irisgarri eta unibertsalaren alde egindako lanari.