Iruñeko Udalak etxez etxeko arretaren kudeaketa aldatuko du zerbitzua hobetze aldera, erabiltzaileen beharretara azkarrago eta eraginkorrago egokitzeko

Iruñeko Udalak etxez etxeko arretaren kudeaketa aldatuko du zerbitzua hobetze aldera, erabiltzaileen beharretara azkarrago eta eraginkorrago egokitzeko
Udal-enpresa publiko berriak kalitatea hobetu eta kexa kopurua murriztu nahi du, eta zurruntasuna ekidin langileak kontratatzean

 

 

Iruñeko Udalak etxez etxeko arretaren kudeaketa aldatu behar du zerbitzua hobetzeko, erabiltzaileen beharretara azkarrago eta eraginkorrago egokitzeko, eta eraginkortasun ekonomikoa lortzeko, Iruñeko alkate Enrique Mayak eta Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari María Caballerok gaur prentsaurrekoan jakinarazi duten moduan.

Horrela, zerbitzuaren kalitatearen galerari aurre egin nahi zaio, zeina zerbitzu hori eskatzen duten pertsonen kopurua murriztu delako eta kopuru horren eta jasotako kexen artean dagoen ehunekoa handitu delako ikusten baita, esaterako. Kexak sortzen dira, adibidez, adostutako egun edo orduan ez delako arretarik ematen, familia-langileak emandako arretarekin ados ez daudelako edo erreferentziazko familia-langilea aldatzen delako, absentismo altua dela-eta; hori funtsezkotzat hartzen da, pertsonen arlo intimoenaren oinarrizko premiak estaltzea baita, hala nola garbitasuna eta osasuna. Erabiltzaileak 2015ean 1.077 izatetik, 2020an 844 izatera igaro dira.

Eraginkortasuna lortzea, Udalak zerbitzua bere gain hartu eta kostuek 2 milioi euro gora egin ondoren

Iruñeko Udalak SAD Pamplona Sociedad Limitada enpresa publikoa sortzearen alde egin du eta horren kapitala, 3.000 euro, Iruñeko Udalarena izanen da bakarrik, zerbitzuaren kalitate handiagoa lortzeko, langileak zerbitzura eta eskatutako ordutegietara hoberen egokituz eta lan-baldintzak hobe antolatuz.

Antolaketa berriak eraginkortasuna lortu nahi du; izan ere, Udalak zerbitzua bere gain hartzeak urtero 2 milioi euroko gastua ekarri du, Udalak eskatutako kanpoko txostenaren arabera. 2020an, langileria-gastua 5,9 milioi eurora igo zen, guztizkoaren % 95, zeinak 6,1 milioi euro jotzen baititu.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ) Udalak sozietate publiko baten bidez ematen zuen zerbitzua da, lizitazio publikoaren bidez kontratatutako enpresa baten laguntzarekin. 2017ko urtarrilean, Udalak zerbitzua bere gain hartzeko erabakia hartu zuen, eta horrek zerbitzuaren kostua handitu du (gastua % 44 handitu da) eta emandako zerbitzuak murriztu dira (orduak % 21 jaitsi dira), Udalak zerbitzua ebaluatzeko enkargatutako auditoretzaren arabera.

Kapitala Udalarena den enpresa publikoa sortzeko erabakia hartzean, kontuan hartu da, halaber, 2010eko Udalaren ikerlan bat, zeinak erakusten baitzuen EELZren erabiltzaileen % 75k ez zekiela zein zen familia-langileen enpresa, eta horrek adierazten zuen zerbitzuaren erabiltzaileendako datu hori ez zela garrantzitsua. Antolaketa berriarekin, orain udal-baliabide horretan lan egiten duten 200 pertsona inguruk zituzten lan-baldintza berak mantenduko dituzte.

Egunez egun planifikatutako eta gainbegiratutako zerbitzua eskaintzea, bizi-kalitatea hobetzeko

Helburua da udal-baliabide horri beste bultzada bat ematea, funtsezkotzat jotzen baita Udaleko egituran, autonomia pertsonala eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonak artatzea sustatzen dituelako, xede hartuta haien etxebizitzetan geratzea erraztea, eta deserrotze- eta desgizarteratze-egoerak ekiditea. Hori lortzeko, honako hauek eskaintzen ditu: norberaren garbitasunerako eta etxearen garbitzeko arreta, laguntza irteeretan edo gestioak egiteko, konponketa txikiak etxebizitzetan, eta abar.

Behar bezala planifikatutako zerbitzua eskaini nahi da, egunero kudeatuta eta gainbegiratuta, arreta integrala eta malgua eskainiko duena, burokrazia-karga eta administrazioarekiko izapideak arinduz, eta emandako zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen konponbide bat emanen duena, gorabeherak eta langileen etengabeko ordezkapenak murriztuz. Azken finean, pertsona ardatz duen arreta integrala, aldaketek zerbitzuak laguntzen dituen biztanle zaurgarriengan sortzen duten inpaktua murrizten duten giza baliabideak antolatuz.

Udaleko txostenek adierazten duten moduan, helburuak lortzeko honako hauek kontuan hartu dira: kudeaketa moduak, berez, ez duela zerbitzuaren kalitatea bermatzen, ez badu lidergo estrategikoaren eta operatiboaren laguntza; zerbitzuaren plangintza, kudeaketa eta jarraipena; modernizatzea; erabakiak hartzerakoan autonomia eta bizkortasun handiagoa izatea eta administrazio-prozedurak sinplifikatzea eta zerbitzuaren izaerara egokitzea.

Kontratazio arinak, publizitate, meritu eta gaitasun printzipioekin bat

Administrazio-egitura berriak langileak modu erraz eta azkarrean kontratatzea ahalbidetuko du, ez baitira moteltzen dituen administrazio-prozedura publikoari lotuta egonen; hala ere, zerrenda horiek publizitate, meritu eta gaitasun printzipioekin bat egiten jarraituko dira. Jarduketa-tartea malguagoa izanen da eta horri esker, pertsona batek zerbitzu bat eskatu edo jasotzen duena aldatzeko eskatzen duenetik arreta jasotzen duen arteko denbora murriztuko da.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua 200 pertsona inguruk ematen dute, urteko egun guztietan, 07:30etik 22:00etara, eta etengabe aldatu eta egokitu egiten da. Giza Baliabideek egindako txosten baten arabera, etxez etxeko laguntza zerbitzuan egindako kontratazioak 2020an kontratu guztien % 45 izan ziren. Izan ere, EELZren zerbitzu-kartak biltzen du kasu larriak 48 ordu baino lehen artatu behar direla, eta Udalak hori egingarritzat jotzen du, kudeaketa-aldaketa malguago baten bidez.

Kanpoko aholkularitza-enpresak kontratatzea, Kontuen Ganberaren txostenaren ondoren

Nafarroako Gobernuak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua Iruñeko Udalari besterendu zion 1997an, eta Udaleko langileek osatutako egitura bat sortu zen, eta horri kanpoko langileak batu zitzaizkion. 2008an merkataritza sozietate bat sortu zen, Udal Laguntza Etxean SA (ASIMEC), kudeaketa zuzeneko modu gisa, baina zeharkako kudeaketari eutsi zitzaion zerbitzuak kontratatuz. 2016an, Osoko Bilkurak sozietatea deuseztatzea eta Udalak zerbitzua bere gain hartzea adostu zuen, Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldea (EEAL) sortuz.

Kontuen Ganberak txosten bat argitaratu eta bertan adierazi zuen Udalak “seinalatutako ziurgabetasunak ebatzi beharko zituela, behin betiko lan-kostuei zegokienez”. Horretarako, Udalak Sinergium aholkularitza-enpresa kontratatu zuen, zeinak bere txostenean bildu baitzuen zerbitzuaren prezioa 2 milioi euro igo zela 2016 eta 2019 urteen artean, familia-langile bakoitzaren ordubeteko kostua % 80 igo zela, eskainitako orduak % 21 murriztu zirela, eta 2019an absentismoak 121.000 ordu batu zituela (76 pertsona lanaldi osoan).

Plangintza falta, lanak gaizki banatzea, zurruntasuna kontratazioetan...

Paraleloki, Udalak, zerbitzua hobetzeko xedez, Giza Baliabideetako teknikari batek analisi bat egitea ahalbidetu zuen, eta bertan familia-langileek helarazitako ahulguneak egiaztatu zituen, hala nola kontratazioaren gehiegizko zurruntasuna, zerbitzuaren eskaintzaren eta kontratuen gaineko arauen arteko desoreka, Udalak zerbitzua bere gain hartzean egindako promesak ez betetzea, talde-lana ez sustatzea, plangintza-falta eta lan-banaketa txarra. Ildo horretan, iaz, lanaldiak handitzea eta taldekatzea onetsi zen, baita mugikor pertsonalen konpentsazioa ere.

Halaber, Iñaki Buitron aholkularia kontratatu zuen zerbitzuaren arazoak zehazteko eta horiek zuzentzeko. Honako hauek dira egiaztatutako arazoak: erabiltzaileak galtzea, eskainitako zerbitzuen kalitatea murriztea, zerbitzua baliagarri izateari uztea, laneko giroa, akatsak komunikazioan, zailtasunak koordinatzean eta kasuen jarraipena egitean eta programa informatikoa desegokia. Horiei aurre egiteko proposatu zuen rolak eta eginkizunak argitzea, lidergo eraginkorra eta talde-lana sustatzea, sistema informatiko eraginkorra, beste kudeaketa-eredu bat eta baldintza berdinak plantilla osoarentzat. Era berean, koordinatzaile-taldeari prestakuntza eman dio. Hori guztia eraginkortasuna hobetzeko, zerbitzuaren kalitatea galdu gabe.

Arreta-eskaera % 31 jaitsi da eta kexak handitu dira

2015az geroztik, etxez etxeko arreta zerbitzua pixkanaka jaitsi da, % 31, eta elikadura-zerbitzuak berriz, gora egin du azken bost urteetan, % 32. Jaitsiera horren aurrean, kexek gora egin dute. 2018an, 492 kexa jaso ziren 875 erabiltzaile zirenean (% 56); hurrengo urtean, 584 kexa, 854 erabiltzaile artatuta (% 68); eta iaz, 697 kexa izan ziren eta 844 erabiltzaile (% 82,5).

Paraleloki, egindako analisiek erakusten dute ez dela benetako integraziorik egon langileen artean, eta ASIMEC enpresatik eta enpresa esleipendunetik etorritako langileen artean desberdintasun esanguratsuak zeudela lanaldi murriztuen, lan-txanden eta ordutegien inguruan, eta horrek lan-giroa kaltetzen zuela. Halaber, Udalak zerbitzua bere gain hartzearekin bat, Gizarte Langileen kontratazio-zerrenda Udaleko beste zerbitzukoekin partekatzen da, eta beraz ohikoa da koordinazio-taldean dauden 6 profesionalek lan-baldintza hobeagoak dituzten postuetara aldatzea, aukera daukatenean.

Zerbitzuan atzemandako beste ahulgune bat da kudeaketa-tresna ez dela egokia; izan ere, ez du errazten administrazio bizkorra, ez informazioa partekatzea ezta erabaki garrantzitsuak hartzeko erabiltzea ere. Gaur egun, EEAL eta ANIMSA paraleloki lanean ari dira Nafarroako Gobernukoarekin bateragarria izanen den tresna berria sortzeko, azken hori ere modernizazio teknologikoko prozesu batean murgilduta baitago.

¿Te ha sido útil esta página?