Iruñea egun hauetan piktogramen seinaleak berritzen ari da udal-eraikinetan eta hiriko beste zerbitzu publikoetan. Iruñeko Udala eta Nafarroako Autismo Elkartea (ANA) elkarlanean ari dira autismoa duten pertsonen gizarteratzea errazten jarraitze aldera. 152 piktograma berrituko dira, horien artean Iruñeko Udaletxekoak, hiri-igogailuetakoak, komun eta komun autogarbigarrietakoak, kiroldegietakoak, osasun-zentroetakoak eta aparkalekuetakoak, bai eta Ziudadelakoak eta Entzierroaren ibilbidekoak ere.
Nafarroako Autismo Elkarteak “Ulertu zure hiria piktogramekin” proiektua abiatu eta ia hamar urtera, ANAk 2013an Iruñeko Udalaren eraikin eta/edo lekuetan jarritako piktogramen egoera aztertzeko azterlan bat egin du. 278 piktograma zenbatu dira, eta horietatik erdiak desagertu egin dira edo egoera txarrean daude. ANAk beregain hartzen du fabrikatzeko ardura, eta Iruñeko Udala elementuak jartzen ari da ezarritako hainbat eraikin eta lekutan. Piktogramak apirilaren 2aren inguruan berrituko dira, Autismoaren inguruan Kontzientziatzeko Mundu Egunean, eta egun horretan Udaletxeko fatxada urdinez argiztatuko da.
Piktogramak objektu erreal bat eskematikoki irudikatzen duten irudiak dira, irisgarritasun unibertsalari lotutako ekintzak eta tokiak identifikatzea xede duten zeinu ikonikoak. Mezu bat laburbiltzen dute, ahozko hizkuntzaren oztopoa gaindituz, informatzeko eta/edo seinaleztatzeko. Piktogramak autismoa duten pertsonekin komunikazioa errazteko gero eta gehiago erabiltzen diren tresnak dira, bereziki ahozko hizkera garatzen ari diren haurren artean.
Ilustrazio edo irudi horiek ulertzeko errazagoa eta irisgarriagoa den inguru bat sortzen dute, eraikin ofizialak edo zerbitzu publikoak identifikatzeko orduan, adibidez. Iruñean jarritako piktogramen diseinua ARASAAC Komunikazio Handigarri eta Alternatiboko Aragoiko Atariak egin du; ekimenak baliabide grafiko eta materialak eskaintzen ditu arlo horretan zailtasunen bat duten pertsonekiko komunikazioa errazteko.
Hitzarmena Udalarekin 2013an
2013an Iruñeko Udalak eta ANAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten “Ulertu zure hiria piktogramekin” proiektua garatzeko, zeinak xede baitzuen 200 piktograma baino gehiagorekin eraikin eta zerbitzu nagusiak (publikoak zein pribatuak) seinaleztatzea, hirian autismoa duten pertsonen gizarteratze hobea eta handiagoa lortze aldera. Proiektu aitzindari hori gizartea autismoaren inguruan sentsibilizatzeko eta autismoa duten pertsonei laguntzeko asmoarekin sortu zen.
Beste hainbat erakunde publikok, hala nola Nafarroako Gobernuak eta Gobernuaren Ordezkaritzak, ondoren antzeko akordioak ezarri zituzten ANArekin. Ekimen horri mota guztietako establezimendu pribatuak gehitu zitzaizkion, zeinak beren jarduerak piktogramekin seinaleztatzeko proiektuarekin bat egin baitzuten. “Ulertu zure hiria piktogramekin” kanpaina abiatu eta ia hamar urtera, 12.200 toki publiko eta pribatu seinaleztatzea lortu da, Iruñeko garraiobide publiko guztiez gain. Itxaropenak gainditu egin dira; izan ere, hasieran hiri guztian mila piktograma inguru jartzea aurreikusten zen.