Iruñeko Udalak eta EIZIEk Ainhoa Mendiluze Ormaetxeari eman diote gazte-literaturako lan bat euskaratzeko Minaberri beka. Bekadunak 3.000 euroko saria jasoko du, eta Estatu Batuetako gazte-literaturako idazlerik ezagunenetakoa den Laurie Halse Andersonen Speak lana euskaratuko du.
1997an Tolosan jaiotako Mendiluzek prozesuan zehar aholkuak emanen dizkion mentore baten laguntza izanen du itzulpen hori egiteko. Itzulpengintzan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta lan-esperientziari dagokionez, itzulpen-praktikak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundian eta Saretik Hizkuntza Zerbitzuetan, askotariko testuak itzuliz: testuliburuak, testu administratibo-juridikoak, ekonomia eta politika arlokoak, eta haur-literaturakoak, batik bat. Bi ikasturtez DBHko euskara irakasle eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko alemaneko irakasle aritu ondoren, gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko itzultzailea da.
Udalak eta EIZIEk 30 urtetik beherakoei zuzendutako Minaberri beka deitu zuten udaberri honetan, nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko, adin horretarako euskarazko argitalpen gutxi baitaude. Guztira, 25 gazte aurkeztu dira lehen deialdi honetara, eta horretarako Speak liburuaren laburpen bat itzuli behar zuten. Epaimahaia Manu López Gasenik, Naroa Zubillaga Gómezek eta Aiora Jaka Irizarrek osatu dute, eta lehen fasean sei lan aukeratu zituzten. Horiek aintzat hartuta aukeratu zuen lan irabazlea, Ainhoa Mendiluzek idatzia.
Epaimahaiak Laurie Halse Anderson itzultzeak dituen erronkak baloratu ditu, baita aukeratutako itzulpenak Estatu Batuetako nerabeen giroa eta kezkak gazte hizkeran eta euskara aberats eta naturalean ematen asmatu izana ere. Ildo horretan, epaimahaiaren erabakiak azpimarratzen du “testu hurbil eta fresko bat sortzea lortu duela, jatorrizko testua behar bezala errespetatuz eta euskararen adierazkortasuna azalaraziz".
Ainhoa Mendiluzek orain osorik itzuli beharko du liburua, prozesuan mentore izanen duen Aiora Jaka itzultzailearen laguntzarekin. Iruñeko Udalak eskudirutan ematen duen saria bi fasetan banatuko da. Lehenengoa irabazlearen izena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean eginen da, eta beste erdia itzulpen-prozesuari buruzko txostena EIZIE elkarteari aurkeztu ondoren emanen zaio. Txalaparta argitaletxeak argitaratuko ditu bekaren bidez egindako itzulpenak, eta mentoretzak Cedroren laguntza izanen du. Itzulpena 2025eko abenduan argitaratuko da beranduenez.
Laurie Halse Andersonek 1999an argitaratu zuen Speak eleberria, eta hizkuntza askotara itzuli ez ezik, film bat eta eleberri grafiko bat ere egin dituzte hura oinarri hartuta. Bere liburuetan hizkuntza adierazkor eta aberatsa erabiltzen du, eta inolako itzulingururik gabe jartzen die ahotsa nerabeen bizipenei. Maitasun premiaz eta taldekide sentitzearen beharraz aritzen da idazlea sarri bere obretan.
Minaberri bekak urtero gazte literaturako liburu esanguratsu bat itzultzea aurreikusten du, irakurle gazteei kalitatezko lanak eskaintzeko, eta euskaraz sortutako lanak ez ezik, nazioarteko gazte literaturakoak ere euskarara ekartzeko. Marijane Minaberri idazle eta itzultzaile baxenafartarraren omenez hartu du Minaberri izena bekak.