Iruñeko ibaietan gutxienez arrain exotikoen bi espezie bizi dira, loina handia eta perka amerikarra. Gainera, beste sei espezie autoktono detektatu dira, besteak beste, mazkarra, barboa, txipak eta amuarrainak. Hala eta guztiz ere, loina handia da espezierik ugariena, abenduan egin ziren laginketetan detektatutako arrainen % 34.
Iruñeko Udalak laginketa batzuk egitea enkargatu zuen, hiriko ibaien uraren kalitatea aztertzeko. Laginketa hori Iruñeko ibai-inguruneak birnaturalizatzeko Runa 2025 proiektuaren B16 ekintzaren parte da. RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Uraren kalitate biologikoa eta ibaien egoera trofikoa aztertu eta parametro fisiko-kimikoak eta mikrobianoak neurtzeaz gain, arrain-faunaren azterketa bat egin zen. Arrain-faunaren azterketa egiteko lau laginketa egin ziren, bana Arga eta Sadar ibaietan eta beste bi Elortz ibaian; laginketak egiteko arrantza elektrikoa baliatu zen. Arrantza elektrikoaren metodoari esker aleak anestesiatu daitezke, espezieak identifikatzeko, eta ale bakoitza neurtu eta pisatzeko. Hala, espezie bakoitza neurrien arabera egituratu daiteke. Aleak neurtu ondoren, arrainak bizkortu eta ibaira itzultzen dituzte.
Abenduan egindako laginketetan zortzi espezie desberdinetako 1.180 ale harrapatu zituzten: mazkarra, zarboa, barboa, loina txikia, txipa, amuarraina, loina handia eta perka amerikarra.
Loina handia da espezierik ugariena; izan ere, 402 ale detektatu ziren, aztertutako aleen % 34. Arrain txiki hori Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan dago, eta ohikoa da Europako eskualde epeletan. Espezie hori Espainian sartu izana 1992an detektatu zen, beste espezie inbaditzaile batzuk elikatzeko, bereziki lutxoa eta blackbassa. Iruñeari dagokionez, Sadar ibaian detektatu dira espezie horretako ale gehien, 350. Elortz ibaian, berriz, 51 eta Arga ibaian bat bakarra. Gero eta ale gehiago detektatzen ari dira hiriko uretan, eta hori arriskutsua da espezie autoktonoendako. Perka amerikarrari dagokionez, aurretik egindako azterketetan Mendillorriko lakuan baino ez zen detektatu. Beraz, hura ubide naturaletan aurkitu izana berri txar bat da, eta, ondorioz, ezinbestekoa da espezie autoktonoak ez askatzea, ezta hiriko laku artifizialetan ere.
Ale-kopuruari dagokionez, loina txikia da bigarren ugariena. Loina txikia espezie autoktonoa da, 365 alerekin. Beraz, arrantza elektrikoaren bidez identifikatutako aleen % 31 da. Sadar ibaian daude loina txikien ale gehien, 200 guztira. Elortz ibaian, berriz, 130 eta Arga ibaian, 35. Txipa da Iruñeko uretan gehien bizi den hirugarren espeziea, identifikatutako aleen % 20. Guztira 239 detektatu ziren, 85 Sadar ibaian, 124 Elortz ibaian eta 30 Arga ibaian. Loina txikiaren kasuan bezala, txipa ere espezie autoktonoa da.
Azterketa gehiago 2025ean
Horrez gain, laginketetan honako espezie hauek ere detektatu ziren: zarboa (arrain guztien % 10, 115 ale guztira), barboa (aleen % 3, 35 ale guztira), mazkarra (aleen % 2, 20 ale guztira) amuarraina ( aleen % 25, hiru ale guztira) eta perka amerikarra. Azken hori espezie inbaditzailea da eta Elortz ibaian detektatu zen bakarrik ( % 0,08).
Hain zuzen ere, amuarrainen presentzia, ibaiaren osasunaren adierazle da. Espezie autoktono horrek uraren kalitate handia behar du. Gainera, espezie inbaditzaileek gehien kaltetzen duten arrainetako bat da eta horregatik daude hain gutxi. Amuarrainek ur hotzak eta ongi oxigenatuak behar dituzte beren aleek bizirauteko. Laginketek amuarrain bat detektatu dute Elortz ibaian, eta beste bi Arga ibaian. Garrantzitsua da espezie hori Iruñeko eta Nafarroako ibaietan bizitzea, baina laginketan aurkitu diren aleak gutxi izan dira. Izan ere, ale-kopurua oso murritza da inpaktu antropikoetatik urrun dauden uren dentsitate potentzialekin alderatuta.
Edonola ere, jendaurrean paratu diren emaitza horiek ibaien emariaren ondorioz baldintzatuta egon dira, eta behin betiko emaitzen aurrerapen bat dira. Izan ere, behin betiko emaitzak 2025ean eginen diren beste zortzi laginketen ondoren argitaratuko dira. Izan ere, orain arte detektatutako espezieek ez dute arraun-fauna guztia osatzen. Arraun-fauna horrek arriskuan dauden eta babes-maila jakin bat duten beste espezie batzuk barne hartzen ditu, besteak beste, aurretik egindako beste azterketa batzuetan detektatutakoa errutilo hegalgorria, mazkar arantzaduna eta Ebro ibaiaren arroan eta haren inguruan bizi den ibai-kabuxa.
