Iruñeko Udalak urratsak egiten jarraitzen du hiriko I. Bizikidetza Plana egiteko bidean: tresna estrategiko bat da, eta ahalbidetuko du bizikidetzaren esparruko politika publikoak modu integralean planifikatu, koordinatu eta ebaluatzea. Areté – Activa aholkularitza-enpresari adjudikatu zaio plana egiteko laguntza teknikoko kontratua: 14.500 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko gauzatze-epea du, eta, beraz urte amaierarako amaituta egonen da.
Maiatzaren hasieran aurkeztutako diagnostikoa abiapuntu hartuta, helburu, ildo estrategiko eta jarduketa zehatz batzuetarantz aurrera egin beharra dago, eta horiek guztiek xede dute gizarte-kohesioa indartzera eta errespetuan, berdintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza sustatzea. Laguntza teknikoko kontratuak erantzun oso bat bermatzen du, barne hartzen baititu diagnostikoaren berrikuspen estrategikoa eta esku hartzeko esparruaren definizioa, baita funtsezko eragileekin alderatzea eta amaierako dokumentua idaztea ere.
Zehazki, Iruñeko I. Bizikidetza Planaren helburu zehatzak hauek dira: berrikuspen kritikoaren eta eguneratzearen bidez, egungo diagnostikoaren azterketan sakontzea; CAME (Zuzendu, Aurre egin, Mantendu eta Ustiatu) aztertzeko metodologia aplikatzea, ahuleziak zuzentzeko, mehatxuei aurre egiteko, indarguneak finkatzeko eta diagnostikoan hautemandako aukerak baliatzeko ekintzak identifikatzeko; ahalik eta adostasun handiena lortuta, Iruñearendako bizikidetza-esparru estrategikoa definitzea; prozesuaren izaera parte-hartzailea indartzea; planaren egitura eta edukia zehaztea.
Lan-faseak
Kontratua hainbat fasetan egituratuko da, eta beharrezko lanak bilduko ditu bermatze aldera I. Bizikidetza Plana modu eraginkor, koordinatu, parte-hartzaile eta ebaluatzeko modukoan zehazten dela. Lehenengo fasean, dagoeneko eginda dagoen bizikidetzako diagnostikoa sakonki aztertu eta berrikusiko da, plangintza estrategikoaren oinarri gisa duen erabilgarritasuna sendotzeko. Azterketa horretatik abiatuta, esparru estrategiko bat finkatuko da, eta honako hauek barne hartuko ditu: planaren misioa eta Udalaren zeregina, epe luzera lortu nahi den egoeraren ikuspegia eta planaren proiektu eta jarduketa bakoitza gauzatzeko orduan kontuan hartu beharreko balioak.
Ondoren, engaiatutako eragile nagusiek analisia eta hasierako proposamenak baliozkotu, alderatu eta aberastuko dituzte. Sei elkarrizketa eginen zaizkie udal-talde politikoei, hiru lantalde antolatuko dira eragile garrantzitsuekin, ekarpen kualitatiboak jasotzeko eta proposamen partekatuak sortzeko, gutxienez zortzi elkarrizketa espezifiko eginen dira memoria historikoaren eta arestiko historiaren esparruko elkarte eta erakundeekin, eta, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, herritarrei irekitako online parte hartzeko prozesu bat ere eginen da.
Planak, diseinu-fasetik, bere aldakortasuna bermatzen duen egitura tekniko bat eduki beharko du, gauzatze-maila, emaitzak eta eragina sistematikoki neurtu ahal izateko, egiaztapen-iturri eskuragarri eta fidagarrien bidez, eta ebidentzian oinarrituta etengabe hobetzeko atzeraelikadura-mekanismoak barne hartuko ditu. Jarraipen-plan bat, adierazleen sistema bat eta ebaluazio-sistemaren gobernantza-eredu bat txertatuko dira.
Azkenik, Iruñeko I. Bizikidetza Planaren agiri tekniko osoa eginen da, berrikusitako diagnostikoaren laburpena, esparru estrategikoa eta erabilitako metodologia barne hartuta. Plana planifikazio estrategikoko irizpideekin bat egituratu beharko da, eta, gutxienez honako hauek barne hartu beharko ditu: agiriaren testuingurua eta justifikazioa, helburu orokorraren eta berariazko helburuen zehaztapena eta esku-hartzea gidatzen duten printzipio estrategikoen identifikazioa.