Iruñeak kontsumitzen duen energiaren erdia baino gehiago garraioari lotzen zaio, eta petrolioaren produktu deribatuei atxikia da, hiriko Energia Diagnostikoaren arabera

Iruñeak kontsumitzen duen energiaren erdia baino gehiago garraioari lotzen zaio, eta petrolioaren produktu deribatuei atxikia da, hiriko Energia Diagnostikoaren arabera
Udalak ‘Go Green Iruña” proiektua jarri du abian, hirirako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia
go green


Iruñeak 4.435 GWh energia kontsumitzen ditu urtero; horren % 56 petrolioaren produktu deribatuak dira. Hiriak kontsumitzen duen azken energia horren erdia baino gehiago garraioaren sektoreari lotuta dago, % 21 bizitegi-kontsumoa da eta % 14,2 industriari lotzen zaio. Datuok lotura zuzena dute Iruñeak urtero atmosferara igortzen dituen 1.133.238 tona CO2ren ekoizpenarekin. Udalak gaur goizean aurkeztu du Iruñeko Energia Diagnostikoa, martxo honetatik aitzina ‘Go Green Iruña’ proiektua garatzeari begira hiriko oinarrizko agiri gisa baliatuko den lana; proiektu hori hirirako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia da, eta haren xede nagusia hirian kutsagarrien isuriak drastikoki murriztea izanen da.
 

‘Go Green Iruña’ proiektuak hiriak klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduketa guztiak hartuko ditu barne, eta datorren hamarkadarako jarduketa-ildo berriak zedarrituko ditu, haiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta jarraipen- zein kontrol-xedeetarako bitartekoak baloratuz. 2019ko irailean Udalak Klima Larrialdia aitortu zuen, eta konpromisoa hartu zuen udal-eraikin guztiak energia-kontsumo ia hutseko irizpideekin bat eraikitzeko. Halaber, 2030erako Garapen Jasangarrirako helburuekin bat egin du, eta martxoan bertan berretsi du Alkateen Itunarekiko atxikimendua, non konpromisoa hartzen baitute 2030erako isuriak % 40 murrizteko, 2005ekoekin alderatuta.
 

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Alejandro Astibia Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute Iruñeko Energia Diagnostikoa, 2017ko datuen inguruan egindako analisian oinarritutakoa. Kontsumo, inpaktu eta adierazleen kopuruez gain, agiri horretan bildu dituzte ondorioak eta jarduketak zein ardurak argi zehaztuta dituen Energia Trantsiziorako Estrategia orohartzaile bat garatzeko gomendioak.
 

Eskariaren % 9,3 energia berriztagarriei loturik
 

Ikerlanak aditzera eman du azken energia-kontsumoa 4.435 GWh dela, eta horren % 53,1 garraioaren sektoreko kontsumoari dagokiola. Bigarren postuan dago etxeetako kontsumoa, hots, bizitegi-kontsumoa, % 21,5 dena. Gero dator industria (% 14,2), merkataritza eta zerbitzuen esparruari lotutakoa eskaria (% 7,7) eta administrazioari eta zerbitzu publikoei loturiko kontsumoa (% 3,5). Azkenik, % 0,03ko hondar-kontsumoa dago, askotariko beste erabilera batzuei loturik. Iruñeko Udalari dagokionez, Udalaren energia-eskariak 54 GWh baino gehiago jotzen du, hiriko guztizkoaren % 1 baino gehixeago.
 

Energia-iturriei erreparatzen badiegu, petrolioaren produktu deribatuek hartzen dute kontsumorik handiena, eskariaren % 56,3, eta gasolioa eta gasolina dira gai nagusiak. Azken energia-kontsumoaren % 24,1 gas naturalari dagokio, eta % 15 energia elektrikoari (heren bat, hots, % 5, energia berriztagarrietatik dator, estatuko mix elektrikoari esker). Kontsumitutako energiaren % 4,3 beste iturri berriztagarri batzuei lotuta dago, hala nola eguzki-energia termikoari, geotermikoari, biomasari, biogasari edo bioerregaiei, eta 0,3 %, ikatzei.
 

Hori horrela, datuok islatzen dutenez, azken energia-eskariaren % 10 baino gutxiago dagokie energia berriztagarriei, % 9,3 zehazki. Are zehatzago, % 5 energia elektriko berriztagarriari dagokio eta % 4,3 beste iturri berriztagarri batzuei. Horrez gain, portzentaje horren % 2,5 garraioan bioerregaiak erabiltzeko betebeharraren ondorio da, eta energia elektrikoaren % 5 hori estatuko mix elektrikoaren ondoriozkoa, ez tokiko ekoizpenarena. Nafarroan % 13,53 da energia berriztagarrien kontsumoa, eta Espainian, % 14,89.
 

460 milioi euro energia-gastuan
 

Energia-eskari horrek esan nahi du hiriak 1.133.200 tona CO2 baino gehiago isurtzen dituela, 5,7 tona biztanle bakoitzeko. Horrez gain, 460 milioi euroko gastua egiten du, eta horrek esan nahi du biztanle bakoitzeko energia-faktura 2.330 eurokoa dela.
 

Hori horrela, Iruñeko azken energia-kontsumoaren bilakaera Energia eta Klimarako Plan Integratu Nazionalean (PNIEC) islatzen den “agertoki jomuga” delakora moldatzeko, % 37ko beherakada egon beharko luke ikatzaren energia-kontsumoan, eta % 36koa petrolio-produktuetan. Aitzitik, % 40 igo beharko luke iturri berriztagarrien energia-eskaria, % 16 gas naturalarena eta % 5 elektrizitatearena. Hori gertatuz gero CO2 isurketak % 28 murriztuko lirateke, 2017ko 1.133.238 tonetatik 2030eko 815.805 tonetara, eta guztizko energia-gastuak ere behera eginen luke, % 16, egungo 460 milioietatik 2030eko 387 milioietara.
 

Energia-eskarian halako aldaketetarako bidea ematen duen estrategia garatzeak zuzeneko eragina izanen du tokiko isurietan, eta, hortaz, hiriko klima-aldaketa arintzen lagunduko du. Bide horri jarraituta herritarren energia-fakturak ere txikiagoak izanen dira, eta diru gutxiago bideratu beharko dute energia-beharrak estaltzera; negozio, industria eta zerbitzuak ere lehiakorragoak eta erresilienteagoak izanen dira.
 

Gomendioak eta ondorioak
 

Diagnostikoan ondorio batzuk bildu dituzte, Udalaren Energia Trantsiziorako Estrategia horretako lan- eta jarduketa-ildoen norabidea zedarrituko dutenak. Iruñeak zenbait neurri abiatu behar ditu berriztagarrien erabilerak gora egin dezan: % 80 industria-sektorean, % 26 garraioan, % 118 hirugarren sektorean eta % 12 bizitegietan.
 

Oso garrantzitsua da hiriko elektrifikazio-maila altuaren alde egitea, horrela petrolioaren deribatuekiko egun dagoen mendekotasunari aurre egiteko eta sektore batzuen –garraioa kasu– deskarbonizazioa sustatzeko, Garapen Jasangarrirako Helburuek eta Alkateen Itunak ezartzen dutenarekin bat. Halaber, energia berriztagarria tokian-tokian ekoiztearen aldeko lan-ildo bat identifikatu da, bai industria- eta bizitegi-jardunei loturiko negutegi efektuko gasen isuriak murrizteko, bai energia-faktura txikitzeko.
 

Ondorioetan apustu egiten da informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileraren alde, hala hiriaren energia-eraginkortasuna hobetzeko nola parte-hartzea handitzeko. Etorkizuneko energia-ereduak aldatuz joan beharko du, ohiko energia zentralizatuaren paradigmatik energia deszentralizatura; paradigma berri horretan energia hori norberak ekoiztuko du, eta gorde, partekatu edo merkatuan saltzen ahalko da. Horrez gain, energia-trantsizioa abiatzeak baditu beste onura potentzial batzuk, enplegua sortzea eta osasuna zein ongizatea hobetzea, esaterako. Azken batean energia-trantsiziorako estrategia honek baliabide ekonomikoak bermatu behar ditu proposatutako neurriak abiatzeko, eta estrategia orohartzailea izan behar du, proposatutako aldaketak gidatu edo koordinatzeko.
 

Lan-ildo berean, datozen asteotan argitaratuko dira Udalak etxebizitzetan autokontsumorako instalazioak –hala banakoak nola partekatuak– egite aldera ematen dituen dirulaguntzak. Herritarren artean 20.000 euro banatuko dira Iruñean berriztagarrien ekoizpen banatua garatzen laguntzeko; jarduketa hau Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategian txertatuko da.

¿Te ha sido útil esta página?