Iruñeak 150 bide gehiagotan ezarri du 30km/h-ko abiadura-muga, horrela istripuak eta horien larritasuna murrizteko

Iruñeak 150 bide gehiagotan ezarri du 30km/h-ko abiadura-muga, horrela istripuak eta horien larritasuna murrizteko
Udala oinezkoendako pasabideak ikuskatzen ari da, eta kaleetako seinaleak Mugikortasuneko Ordenantza berriari egokitzen

Bihartik aurrera, Iruñeak 150 bide gehiago izanen ditu non gehienez ere 30 kilometro orduan zirkulatzen ahalko baita, horrela, istripu kopurua eta horien larritasuna murrizte aldera. Gaur indarrean sartu den Mugikortasuneko Ordenantza aintzat hartuta, zeinak ibilgailu guztien hirian barnako zirkulazioa arautzen baitu, Iruñeko Udala Iruñeko bide-sarea arau berriekin bat egokitzeko lanetan ari da. Horixe azaldu dute prentsaurrekoan Fermín Javier Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotziak eta Javier Labairu Herritarren Segurtasunekoak.

Ordenantza berrian esaten da oinezkoendako kaleetan –Alde Zaharrekoetan, adibidez– zirkulatzeko 20 km/h-ko abiadura mantentzen dela, eta horrez gain, berritasun batzuk dakartza: bizikletek –salbu eta 14 urtetik beherakoen kasuan–, Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuek (MPI) eta bi gurpil baino gehiagoko zikloek ezin izanen dute espaloietatik zirkulatu. Halaber, hiri-igogailuak eta arrapala mekanikoak aipatzen dira.

Uneotan, Udala lanean ari da bideetako seinaleztapen horizontala eta bertikala arau berriekin bat egiteko, hori bai, behin kale guztiak aztertu ostean, horrela horien hierarkizazioa egin eta bakoitzari dagokion zirkulazio-abiadura esleitzeko. Ordenantza berrian ezarritakoaren arabera 50 km/h da oro har abiadura-muga, eta ez ditu ez kaleak ezta irizpideak ere ezartzen 30 km/h-ko abiadura muga izanen duten bideak zedarritzeko; azken xedapenean aipatzen da sei hilabeteko epean 30 Hiria Plana aurkezteko betebeharra. Horregatik, testu berria indarrean sartzearekin batera, Iruñean orduko 30 km-ko abiadura-muga izanen duten kaleak ezarri dira.

Iruñeak 692 kale ditu. Gaur egun 30 km/h-ko muga duten kale-kopurua aurrerago muga hori izanen duten kopuruarekin alderatuz gero, ordenantza indarrean sartu eta gero nabaria da kopuruaren gorakada, 150 gehiago baitira, horrela 417ra iritsita. Oinezkoendako pasealekuen eta 20 km/h-ko abiadura-muga duten bizitegi-kaleen kopuruak mantendu dira: 115 (% 16,62) eta 85 (%11,85) dira, hurrenez hurren. 50km orduko abiadura-muga duten bideei dagokienez –horien artean daude Landaben eta Agustindarren industrialdeak–, gutxiago izanen dira, 52ra murriztuta.

Oinezkoen pasabideetako ikusgaitasuna eta segurtasuna hobetzea
Bestalde, Udalak oinezkoen pasabide guztien ikuskaritza bultzatu du, xede harturik pasabideetan ikusgaitasuna handitzea, eta, horrenbestez, segurtasuna handitzea. Horretarako, Ordenantzak ezartzen duenarekin bat, pasabide guztietan esku hartuko da, horien aurreko bost metrotan dauden aparkatzeko tokiak kenduz eta gune hori motorrak edo bizikletak aparkatzeko utziz. Betiere, aparkatzeko toki horiek segurtasun-tarte bat utzi beharko dute libre oinezkoen pasabidean gelditzeko lerroaren aurretik, gutxienez bi metrokoa tokiak bizikletak aparkatzekoak badira, eta hiru metrokoa, ziklomotorrak aparkatzeko badira. Gainera, diseinu-aldaketak egitea aztertuko da: espaloiak luzatzea edo pasabide goratuak, asimetrikoak eta kolore ezberdinetakoak jartzea. Halaber, asmoa dago beste neurri mota batzuei loturiko proiektu pilotuak aztertzeko, esate baterako, galtzadan led-argiztapen dinamikoa duten pasabideak edo antzekoak. 

Bestalde, epe ertainean, ordenantza berriaren aplikazioa ebaluatuko da, bide bakoitzean, hartara irtenbideak aztertzeko ordenantza desegoki aplikatu dela irizten den kaleetarako, eta zirkulazioa baretzeko zein abiadura murrizteko lagungarri diren elementuak paratuz. Azkenik, urte amaierarako 20-30 Bide Segurtasuneko Plan bat egitea aurreikusi da; bertan zehaztuko dira bide bakoitzean hartu beharreko neurriak, haien ezaugarriak eta bertan gertatzen diren ezbehar-kopurua azterturik. Jomuga da “0 hildako” helburua erdiestea, eta hiriko bideetan ezbehar-kopurua gutxitzea.

Udaltzaingoak bi hilabetez emango du honen berri, isunik jarri gabe
Iruñeko Udalak informazio-kanpaina bat abiatu du, herritarrek jakin dezaten arau berriak zer nolako berritasunak dakartzan eta nola zirkulatu behar duten ibilgailu guztiek. Kanpaina honen barruan, datozen bi hilabeteotan, Udaltzaingoak ez du isunik jarriko, bizikleta- edo MPI-erabiltzaileak ordenantza berrira egokitzen ez badira ere; baina betetzen ari ez direnak geldituko ditu aldaketen berri emateko, eta egungo jarraibideak jasotzen dituen informazio-eskuorria emanen diete. Eskuorrien 20.000 ale inprimatu dira, gaztelaniaz eta euskaraz, eta ezberdina izanen da erabilitako garraiobidearen arabera; izan ere, Udalak triptiko ezberdinak editatu ditu, ibilgailuetarako, bizikletetarako eta irristailuetarako.

Indarrean sartuko den Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako aginduari aurreratzen zaio Iruña, araudi berriaz; hark hirian barnako abiadura orduko 30 km-ra mugatuko du, oro har, noranzko bakoitzeko errei bakarra duten bideetan. Bideak ezaugarri hori tarte batean eta beste batean bestelakorik izanez gero ere hartuko da aintzat Iruñean gehieneko abiadura hori; adibidez, aurrerago noranzko bakoitzeko bi errei dituzten bideetan. Halaber, ikastetxe-inguruneetako kaleetan ere abiadura-muga 30 km ordukoa izanen da, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

226 kale jada 2012an arautu ziren 30 km/h-ko abiadurara
Iruña hiriko Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza hasiera batez onetsi zen 2017ko abenduaren 13ko Osoko Bilkuran. Urtebete ondoren, 2018ko abenduaren 13an, behin betiko onetsi zen, Osoko Bilkuran ere. Ordenantzak 6 hilabeteko luzamendua ezartzen zuen indarrean sartzeko, eta epe hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera hasi zen, hots, aurtengo otsailaren 1ean.

Araudi honen aurretik, 2012an, jada aldatu zen abiadura Iruñeko 226 kaletan, orduko 30 km-ra mugatuta, 2012 – 2015eko Bide Segurtasuneko planaren barruan. Neurri hau ezartzeko, zera hartu zen aintzat: kolpe batek heriotza edo oso zauri larriak eragiteko aukera eta elkarrekin talka egiten duten ibilgailuen abiadura oso lotuta daude; hori are argiagoa da ibilgailuek pertsonak harrapatuz gero. Izan ere, oinezkoaren heriotza ibilgailu motordunaren abiaduraren araberakoa da: 80 km orduko abiaduran, harrapatutako oinezkoen % 95 hiltzen da, 50 km ordukoan % 50 eta 30 km ordukoan % 5. Abiadura 2 km/h gutxituta eragin ona antzematen da ezbehar-kopuruan, eta hildakoen kopurua % 6 murrizten da.

Azken urteotan istripu-kopuruak gora eta gora egin du; joera hori mantentzen da. 2014an 1.928 istripu izan ziren, zifra handituz joan da, eta 2018an 2.723 izan ziren. Aurten, 2019an, joera mantentzen ari da, eta alderaketa eginez gero iazko denbora-tarte berarekin, % 4,56ko gorakada izan da, gaur gaurkoz 1.627 istripu izan baitira.

Harrapaketez bezainbatean, joera antzekoa da. Batezbestekoa urteko 146 harrapaketa da; antza, 2018an behera egin zuen pixka bat, baina 2019an hazi da berriro, aurten 90 harrapaketa gertatu direlarik (iaz baino % 11 gehiago). Horren ondorioz, urtean 40 bat zauritu larri izaten dira. 2019an hauxe da oraingoz kopurua: 24 zauritu.

Oinezkoen lehentasuna, bizitegi-kale eta parkeetan, eta zebrabide seguruagoak
Bizitegi-kaleetan (S-28 seinaledunetan), parke eta pasealekuetan oinezkoek zirkulazio-eremu osoa erabil dezakete. Gune horietan mugitzeko bestelako era batzuk ere baimenduta egon arren, oinezkoek beti edukiko dute lehentasuna. Halaber, oinezkoen pasabideetan eragina duten neurriak ezartzen dira, seguruagoak eta errazago ikusteko modukoak izan daitezen. Progresiboki debekatuko da oinezkoen pasabide orotara iritsi aurreko 5 metroetan aparkatzea edo geldialdia egitea, zirkulazioaren noranzkoa zein eta horretan. Gainera, sortuko diren gune libre horietan bizikletek, MPIek, ziklomotorrek edo motozikletek aparkatzeko tokiak prestatuko dira. 

Aulki edo trizikloetan, elektrikoak barne, zirkulatzen duten mugikortasun urriko pertsonak oinezkotzat joko dira eta lehentasuna izanen dute gainerako ibiltarien gainetik. Zirkulatzen ahalko dute, baita ere, zirkulazio motordunetik bereizitako bizikleta-bideetatik.

Bizikletak, galtzada, bidegorri, bizitegi-kale edo parkeetatik
Bizikletak hauetan barna ibil daitezke: galtzadak, bidegorriak, bizitegi-kaleak, parkeak eta pasealekuak, ziklo-bidexkak eta Argaren Iruñeko ibai-parkea. Galtzadan, eskuineko erreian ibiliko dira ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliz, posible den neurrian. Ibilgailu motordunek bizikletaren zirkulazioa erraztu beharko dute, eraso gabe, abiadura egokitu eta segurtasun-distantzia gordeta. Bizikletei aurrea hartzeko, ibilgailuek erreiz aldatu eta 1,5 metro baino gehiagoko tartea gorde behar dute. Errei bakarreko kaleetan ezin zaie bizikletei aurreratu.

Bizikletek ezin dute espaloietan zirkulatu, salbu eta heldu batez lagundurik zirkulatzen duten 14 urtetik beherakoen kasuan eta seinaleztaturik dauden espaloietan, halako kaleetan non ez baita beste berariazko aukerarik eskaintzen. Edonola ere, arau-testuaren aldaketa bat planteatzen ari da, 60 urtetik gorakoei ere espaloitik joateko baimena emateko. 

Bizikletek ezin dute zirkulatu garraio publikorako erreserbaturik dauden erreietan barna. Oinezkoen pasabideetan, bizikletatik jaisteko gomendatzen zaie ziklistei, salbu eta bizikleten pasabideetan, horietan pedalei eraginez zeharkatu dezakete eta. Aparkatzeko, ahal delarik, bizikletetarako aparkalekuak erabiliko dira. Bizikleta beste tokiren batean lotuz gero, horrek ezin du oztopatu oinezkoen joan-etorria, gutxienez 2 metro libre utzi beharko direlarik, eta ezin da zuhaitzetan, bankuetan eta markesinetan lotu.

Irristailuz, patinetez, MPIz zein monopatinez zirkulatu ahal izateko guneak
Irristailuek, patineteek, MPIek edo horrelako gailu ez-motordunek honako hauetan barna zirkulatzen ahalko dute: oinezkoendako eremuak, bizitegi-kaleak, espaloiak, bidegorri babestuak, bizikleta-espaloiak, ziklo-bidexkak, parkeak eta pasealekuak. Ezin izango dute galtzadan edo bidegorri-ez babestuetan zirkulatu. Gurpil-oholei dagokienez, ezin dute zirkulatu ez galtzadan ez ezein bidegorri motatan, babestuak izan ala ez. Aitzitik, hauetan barna zirkulatzen ahal dute: oinezkoendako eremuak, bizitegi-kaleak, espaloiak eta bizikleta-espaloiak, ziklo-bidexkak eta parkeak zein pasealekuak. 

MPIek eta bi gurpil baino gehiagoko zikloek ezin dute espaloietan edo oinezkoen eremuetan zirkulatu. Horien erabiltzaileek 14 urte izan behar dituzte gutxienez, eta hala kaskoa nola txaleko islatzailea jantzi behar dituzte galtzadan zirkulatzen dutenean. Ibilgailu horien hiru mota ezarri dira, har dezaketen abiaduraren eta gehieneko masaren arabera. A motakoak (howerboard plataformak, monozikloak eta irristailuak): 20 km/h eta gehienez 25 kg-ko masa) bizikletetarako azpiegituretan, parkeetan, oinezkoendako eremuetan eta bizitegi-eremuetan barna zirkulatzen ahal dute; ezin dute, ordea, bidaiaririk garraiatu. Horientzat ez da nahitaezkoa frenoa eta txirrina edukitzea, eta ezin dira erabili salgaiak garraiatzeko. B motakoek (segwayak eta tamaina handiko patineteak: 30 km/h eta gehienez 50 kg-ko masa) aurrekoetarako baimendutako bide berdinetan zirkulatu dezakete, eta 30 km/h-ko abiadura-muga duten kaleetan barna; frenoa eta txirrina eduki behar dituzte eta ezin dute bidaiaririk garraiatu. C motakoek (MPI eta bi gurpil baino gehiagoko zikloak: 45 km/h eta gehienez 300 kg-ko masa) galtzadan ere zirkulatu dezakete; txirrina eta frenoa eduki behar dituzte, bidaiariak garraiatu ditzakete eta salgaiak banatzeko erabil daitezke, baina ezin dute zirkulatu ez Nafarroa etorbidean ez PA-30 ingurabidean.

Bizikletak eta animaliak igogailuetan 
Ordenantzak mugikortasun bertikala delakoa jasotzen du, hiri-igogailuen eta arrapala mekanikoen erabilera arautzen duelarik. Bi azpiegitura horietan mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasuna izanen dute. Igogailuen kasuan, kabinak honako hauekin sar daiteke: erosketarako gurditxoak, haurtxoak eramateko aulkiak eta etxeko animaliak, baldin eta loturik badaude eta muturrekoa jarrita, edo bestela, animaliak garraiatzeko kutxa batean sartuta. Txakur-gidariak arau horietatik kanpo daude.

Bizikletetarako honako arau hau ezarri da: igogailua guztiz betetzen den kasuetan bi bizikleta soilik joaten ahalko dira barruan, kabinaren alboetako hormei itsatsita, tolestuta edo bi gurpilak lurrean bermatuta eta erabiltzaileak helduta. Halaber, kabinaren barruan, debeku dira honako hauek: kalterik eragitea; zaborra edo gorputzaren eskrezioak botatzea; erre, edan edo jatea; behar baino denbora gehiago egotea barruan; eta eraikuntza-materialak, obra-hondakinak, makineria industriala eta bereziki handiak diren salgaiak edo elementuak garraiatzea (ez hiri-igogailuetan ez hiriko arrapala mekanikoetan).
 

Documentos adjuntos