Iruña eta Burlata arteko lotura berrituko duen oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbidea eraikitzeko lanak astelehenean hasiko dira, 17 zuhaitz birlandatuz. Ale horiek Seminarioaren aurreko gasolindegiaren eta Amaya Kirol Hirirako sarreraren arteko zatian daude, eta kontu handiz errotik atera ondoren, Arga ibaiaren ezkerraldean birlandatuko dira, Burlatatik eta Magdalenatik gertuen dagoen aldean. Horrela, ale horien biziraupena bermatu nahi da.
Zuhaitz horien lekualdatzea Aste Santua baino lehen amaituko dela uste da, eta Udaleko Berdeguneen Zerbitzuaren irizpen batean du oinarria. Irizpen horrek zehatz-mehatz aztertu du Belosoko aldapako zuhaitzen egungo egoera, ale horiek ibilbide berrian sartzea bideragarria ote den zehazteko. Txostenean, zerbitzu horrek adierazi du gaur egun dauden 119 aleetatik 17 birlandatzen ahal direla, eta gainerakoak moztu egin behar direla balio ekologiko txikia dutelako. Hori bai, zuhaitz horiek guztiak, eta urteetan zehar desagertuz joan diren aleak (64 guztira), berriz jarriko dira obra amaitzean, ekologiaren eta ingurumenaren ikuspegitik bideragarriagoak diren espezieak erabiliz.
Borja Izaguirre Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotziak eta Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziak prentsaurrekoan azaldu dutenez, birlandaketa eraikuntza-enpresak eginen du (Excavaciones Fermín Osés SL), Lorategien alorrak gainbegiratuta, eta zirkulazioan izanen duen eragina ahalik eta gehien murrizteko plangintza egin da. Zinegotziek agerraldia egin dute Maialen Ariz Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko zuzendariarekin eta Patxi Iriarte Hiri Kontserbazioko zuzendariarekin batera, eta azaldu dute “zuhaitzez zuhaitz” jardun behar dela, errotik atera eta ondoren birlandatuz, bizirauteko aukerak handienak izan daitezen. Horri esker, zirkulazio-etenak unean unekoak izanen dira gainera, haraneko orduetan bakarrik lan eginen baita, eta ez puntako orduetan, hau da, 09:15etik 12:30era eta 15:15etik 18:30era, gutxi gorabehera.
Lorategi-zerbitzuaren gomendioa, zuhaitz-korridore berri bat egiteko aprobetxatzea
Berdeguneen Zerbitzuaren txostenaren arabera, errei berriaren obrak “aukera paregabea dira zuhaizti berde bat sortzeko eta sendotzeko”. Ez da beste birlandatzerik aurreikusi, barietate ugarienak, Ulmus Pumilak, “mantentze-arazo asko dituelako eta etorkizunera begira bideragarritasunik ez duelako”. Udal-teknikariek egindako txostenak adierazten duenez, “egonkortasun-akats ugari dituenez, espezie hori arrisku handikoa da bideko zuhaitz-txorkoetan ezarri eta kontserbatzeko". Izan ere, azken urteetan espezie horretako dozenaka zuhaitz ordezkatu ditu Udalak hiriko beste leku batzuetan.
Gainera, azterketaren arabera, "eremu horretako zuhaitzen kontserbazio-egoera estruktural, fisiologiko, patologiko eta biomekaniko orokorra oso eskasa da, leku gutxi dagoelako, ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen delako eta zoladurak berritzeko lanak direla eta, besteak beste". Lorategietako teknikariek txosten honetan diotenez, zuhaitz horiek kentzeak, “betiere moztutako aleak espezie egokiekin konpentsatuz”, “datozen laurogei edo ehun urteetarako” lerrokadura bat sortzea ahalbidetuko du.
Ildo horretan, obrak amaitu bezain laster (gutxi gorabehera urtebete iraungo dutela uste da), zuhaiztia beste “espezie egoki” batzuen bidez birjartzeko gomendatzen dute. Espezie horien artean honako hauek proposatzen dira: Ginkgo biloba, Acer freemanii october glory, Tilia cordata greenspire eta Liriodendron tulipifera.
Hiru faseko obra bat, Zirkulazioaren gaineko eraginak gutxitzeko plan eta guzti
Izagirrek eta Abaurreak azaldu dutenez, lorategien zerbitzuak uste du ezin direla zuhaitzak berehala moztu, eta Belosoko aldapan obra aurreratuta dagoenean egin beharko dela. Bi zinegotziek obren kronogramaren aurreikuspenen lehen zirriborro baten berri eman dute. Horrela, birlandatze-lan horiek amaituta (lehen fasea) eta Aste Santuaren ondoren, lanei hasiera ematea aurreikusten da. Bigarren fase horren xedea Belosoko aldaparen erdibitzailea egokitzea izanen da. Obra horiek bost aste inguruko iraupena izanen dute. Erdibitzailearen zabalera metro erdira murriztuko da, eta galtzadaren egungo zintarria mantenduko da Burlatarako noranzkoan. Obrak zatika eginen dira, eta Iruñerako noranzkoan erdibitzailearekin muga egiten duen erreia moztuko da, lanean ari diren tartean. Burlatarako erreiari ez dio eraginen.
Obraren zatirik handiena maiatzaren erdialdetik aurrera egitea aurreikusten da, hegala eraikiz, espaloia berreraikiz eta bidegorria moldatuz. Obra horiek direla eta, Iruñerako noranzkoan, galtzadaren errei bat itxita eduki beharko da etengabe, kasu honetan espaloitik hurbilen dagoena. Kalkuluen arabera, fase hori gauzatzeko epea 10 eta 11 hilabete artekoa izango da, eta Burlatako noranzkoan ere ez du eraginik izanen.
Obren azken bi fase horietan, iparraldetik Iruñera sartzen den trafiko-fluxuaren eragin zuzena, nabarmena eta jarraitua izatea aurreikusten da, eta, beraz, Nafarroako Gobernuarekin batera, kontingentzia-plan bat lantzen ari dira. Izagirrek iragarri du plan horren xehetasunak datorren astean jakinaraziko dituela, prentsaurreko baten bidez, eta bi zertzelada aurreratu ditu: Iparraldeko ingurabidetik Belosorako sarbidea mugatzea aurreikusi da, garraio publikoari eta Burlatatik datorren trafikoaren zati bati bakarrik utziz bidea, eta ibilbide alternatiboak eskainiko dira, ohar argi batekin: Labriteko aldapan eta Amaya kalean sortzen ahal direen botila-lepoak saihestea.
Tramitazio bihurria Next funtsekin finantzatutako 4,1 milioiko proiektu baterako
Korridorearen proiektua 2023ko apirilean aurkeztu zen, Enrique Mayaren (UPN) agindupean, Iruñeko eta Burlatako Udalen eta Nafarroako Gobernuaren artean hiru aldeen arteko hitzarmena sinatu ondoren. Ekainaren 12an, Tokiko Gobernu Batzarrak proiektuaren lehen lizitazioa onetsi zuen, eta irailaren 25ean bertan behera geratu zen, bi atzerapenen ondoren. Bigarren lizitazioa urrian onartu zen, Cristina Ibarrolaren (UPN) agindupean, jatorrizko proiektua aldatu gabe, eta abenduaren 18an Excavaciones Fermín Osés SL enpresari esleitu zitzaion obra 4.033.332,93 euroren truke. Obra zuzendaritza hil horretan bertan adjudikatu zitzaion (abenduaren 27an), DH Proyectos de Ingeniería SLP enpresari, 104.060 euroan.
Obren zenbatekoa honela banatuko da: 3.655.604,90 euro aurtengo urterako, eta 377.728,03 eurokoa 2025erako; zenbateko hori Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan dago.
Bizikletendako eta oinezkoendako ibilbidea galtzadatik bereizitako bi norabideko bidegorri bat da, eta, Belosoko aldaparen eskuinaldean dago, Burlatatik Iruñera doan noranzkoa hartuz gero. Bidegorri berriak 1.188 metroko luzera izanen du Beloso aldapako biribilgunetik Nafarroa Behereko etorbideko bidegurutzera arte.
Onetsitako proiektuak bi metro baino gehiagoko zabalerako hegal bat eraikitzea aurreikusten du, egungo hormaren gainean ezpondari eusteko. Azalera berri horri esker, bidearen erabileran beste banaketa bat egin ahal izanen da, oinezkoen zirkulaziorako erabilgarri dagoen espazioa handitu eta bizikleten zirkulaziotik bereizteko. Ibilgailuen zirkulazio-erreien kopurua mantendu eginen da, baina ibilgailu motordunendako erreien erdibitzailea eta zabalera murriztu eginen dira zirkulazioa baretzeko. Horrela, oinezkoendako 3,60 metroko espaloi bat eta 2,70 metroko bidegorri bat sortuko dira, oinezkoendako plataformatik eta ibilgailu motordunen erreitik metro bat bereizita.