‘Iruña, pilotaren munduko hiriburuak’ mugaz gaindiko proiektu bihurtu nahi du Interreg - Poctefa programako Europako funtsak eskuratu ahal izateko

‘Iruña, pilotaren munduko hiriburuak’ mugaz gaindiko proiektu bihurtu nahi du Interreg - Poctefa programako Europako funtsak eskuratu ahal izateko
Tokiko Gobernu Batzarrak hautagaitza Europako programara aurkeztea onetsi du, 1,3 milioiko finantzazioa lortzeko xedez
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 'Iruña pilotaren munduko hiriburua' proiektua Europar Batasuneko mugaz gaindiko Interreg-Poctefa programaren laguntza deialdira aurkeztea onetsi du. Udalak erabaki horren bidez nazioarteko oihartzuna eman nahi dio ekimenari eta hura martxan jartzeko finantzazioa lortu. Proiektuaren sustatzaile eta buru den Iruñaz gain beste hainbat erakundek ere parte hartzen dute, hala nola Uharte eta Biarritzeko Udalak, Nafarroako Pilota Federazioak, Iparraldeko Pilota Batzordeak eta Euskal Hirigune Elkargoak. 

Ekimen horren xedea pilota kultura-ondare gisa babestu, sustatu eta ezagutaraztea da eta eskualdearen garapen turistikorako giltzarri bihurtzea. Ekimena joan den martxoan aurkeztu zen Nafarroan eta orain Frantzia hegoaldeko tradizio pilotazale garrantzitsuak ere ekimenarekin bat egitea nahi du. Horretarako, Europako Interreg proiektua esparru ezinhobea da, eremu mugakidearen integrazio ekonomiko eta soziala bilatzen baitu Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren arteko lankidetzaren bitartez. Europako proiektuak 227 milioi euroko aurrekontua du guztira 2021etik 2027ra bitartean eskualdeen arteko ekimenak martxan jartzeko. ‘Iruña, pilotaren munduko hiriburua’ ekimenak turismo jasangarriko eta kulturaren garapenerako proposamen gisa lortu nahi ditu laguntza horiek.

‘Iruña, pilotaren munduko hiriburua’ ekimenaren barruan hainbat ekintza aurreikusi dira, besteak beste, pilotarekin zerikusia duten azpiegitura eta baliabide guztiak inbentariatu eta aztertzea hala Nafarroan nola Frantzian, kirol horren gaur egungo egoeraren mapa bat irudikatzeko. Horrek zenbat pilotaleku eta ekipamendu dauden eta zein kontserbazio- eta erabilera-egoeran dauden jakitea ahalbidetuko du, bai eta praktikatzen diren modalitate desberdinak eta nongoak diren identifikatzea eta azpiegitura horien erabiltzaileak nortzuk diren jakitea ere. Diagnostiko hori izanen da  Mugaz Gaindiko Euskal Pilotaren Sarea sortzeko oinarria eta bertan identifikatutako eragile guztiek izanen dute kirola eta tradizioa den hori kontserbatu eta haren oihartzuna handitzeko elkarlanean eta lankidetzan aritzen aukera. 

Gainera, proiektuak kirola dinamizatzeko eta gazteenak erakartzeko hainbat proposamen aurreikusten ditu. Zehazki, ikastetxeekin elkarlanean aritzea proposatu da, kirol horretan eta bere tradizioan eta hamarkadetan barna izan duen bilakaeran sakontzeko. Baita kirol-eskolekin ere, gutxi praktikatzen diren modalitateak bultzatzeko. Horri guztiari, euskal pilotako jaialdiak antolatzea eta Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako pilotarien trukeak egiteko campus bat sortzea gehituko litzaioke. Era berean, Lehenengo Nazioarteko Pilota Biltzarra Iruñean antolatzea eta Munduko Pilota Etxea sortzea aztertu dira, kirol horren interpretazio zentro eta pilotazaleen topagune izan dadin.

Proiektuak, halaber, kirol eta kultura arloan mugaz haraindiko lankidetzarako jardunbide egokiak identifikatzea planteatzen du, gida gisa erabiltzeko. Baina, batez ere, ekimenak euskal pilota ardatz duen mugaz-gaindiko produktu turistiko bat sortzearen aldeko apustua egin nahi du, mugaren alde batean zein bestean kirol horrekin zerikusia duten interes turistikoko puntuak nabarmentzeko, bisita gidatuak, ibilbideak, erakusketak, lehiaketak etab. eginez. Turistendako interesguneen artean funtsezko rola dute, esaterako, Uharteko Euskal Jai Berri eta Biarritzeko Jai Alai pilotalekuek, bai eta Iruñeak ere, erremonte modalitatea bertan sortu baitzen XX. mendean. 

Interreg - Poctefa programaren bidezko finantzaketa lortzeak baldintzatuko du ekimen horiek gauzatu ahal izatea. Proiektuaren guztizko aurrekontua itxita ez badago ere, bi milioi euroren ingurukoa izan liteke. Iruñeko Udalaren ekarpena 528.000 euro ingurukoa izanen da hasiera batean. Interreg - Poctefa programak guztizkoaren % 65era arte finantzatu lezake, hau da, 1,3 milioi inguru. ‘Iruña, pilotaren munduko hiriburua’ proiektua hiru urtetan garatuko litzateke, 2024ko urtarriletik 2026ko urte amaierara, Udalaren nahia nazioko zein nazioarteko intereseko alternatiba turistiko gisa kontsolidatzea bada ere. 

80 ekintzatik gora
‘Iruña, pilotaren munduko hiriburua’ proiektuak Nafarroako Gobernuaren eta Foru Komunitateko pilotazaleen babesa du, eta 80 ekintza baino gehiago dituzten bederatzi jarduketa-ildotan zehaztu da. Ekintzek, besteak beste honako alderdi hauek dituzte ardatz: oinarriaren eta prestakuntza-eskolen sustapena, pilotaren modalitate desberdinen sustapena eta horiek garai berrietara egokitzea, gizarteratzeko tresna gisa eta palanka ekonomiko gisa duen indarra eta alderdi kulturala. Gainera, proiektuak erraz identifikatu eta ezagutuko den marka sortu nahi du, Iruña pilotarekin identifikatzeko eta, hedaduraz, baita Nafarroarekin ere. 

Iruñean, gaur egun, 55 pilotaleku publiko eta pribatu daude; horietako bi erreferentziazkoak dira pilotazaleen artean, Labrit pilotalekua eta Nafarroa Arena. Kirolak duen jarraipenaren adierazle dira federatuta dauden 35 klubak, 2.500 federatu-lizentziak eta baita oinarrizko mailako1.100 lizentziak ere. Nafarroan, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Pirinio Atlantikoetan daudenez gain, beste Autonomia Erkidego batzuetan ere badaude euskal pilotako federazioak, bai eta Europako beste zenbait herrialdetan ere, Grezian eta Italian kasu, eta baita Latinoamerikan, Indian eta Filipinetan ere. 

‘Iruña, pilotaren munduko hiriburua’ proiektua Iruña 2030 Hiri Agenda estrategiaren barruan dago; estrategia horrek hiri-eredu jasangarriago, berritzaileago eta inklusiboago batera bidean aurrerapausoak ematea du helburu, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen ildoan. 

¿Te ha sido útil esta página?