Heldu den abuztuaren 1ean sartuko da indarrean Iruñean ibilgailu mota guztien zirkulazioa arautzen duen Mugikortasuneko Ordenantza Berria. Iruñeko Udalak informazio-kanpaina bat abiatu du, herritarrek jakin dezaten zer nolako berritasunak dakartzan arau berriak eta nola zirkulatu behar duten bizikletek, patineteek eta MPI direlakoek (Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak). Muévete bien / Ongi Ibili. Iruña, 30 hiria kanpaina kartelen bidez hedatuko da hiriko mupi eta erlojuetan, sare sozialetan eta webgunean zabalduko den bideo baten bidez eta eskuorrien bidez, horiek etxez etxe banatu edo civivox zein liburutegietan eskuragarri jarriko direlarik.
Mugikortasuneko Ordenantza berria Iruñeko Udalaren estrategiaren barnean dago txertaturik, zeinek hiria, bertan bizi direnentzat, jasangarriago, berdinzaleago eta atseginago bilakatzea xede baitu. Izan ere, estrategia horrek pertsonak jartzen ditu hiri-diseinuaren erdigunean, eta oinez egiten diren joan-etorriak eta bizikleten zein garraio publikoaren erabilera lehenesten ditu ibilgailu motordunen gainetik. Iruña, 30 hiria planaren bitartez, progresiboki aplikatuko da 30 km/h-ko abiadura-muga orokorra. Neurri horren bidez posible izango da segurtasuna lehenestea ibilgailu motordunen abiaduraren gainetik, atsegin egindako eremu gehiago edukitzea, bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak galtzadako zirkulazioan txertatzea, espaloiak bakarrik oinezkoendako eremu gisa finkatzea, mugikortasun pertsonalaren segurtasuna hobetzea, eta, hartara, hiri jasangarriago eta atseginagoa izatea.
Kanpainaren ardatzak, funtsean, gai hauen inguruko lau alderdi dira: oinezkoen mugikortasuna, bizikletaz ibiltzea, irristailu, patinete eta MPIen zirkulazioa eta, azkenik, hiri-igogailu zein arrapala mekanikoak. Horietako bakoitzari begira dauden berritasun nagusiak aipatzen dira, eta ordenantzak barne hartzen dituen xehetasunik garrantzitsuenak, kontuan hartu beharrekoak araua betetzeko. Azpimarratu egiten da bizikletek –salbu eta 14 urtetik beherakoen kasuan–, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek eta bi gurpil baino gehiagoko zikloek ezin dutela espaloietan zirkulatu.
Iruña hiriko Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza hasiera batez onetsi zen 2017ko abenduaren 13ko Osoko Bilkuran. Urtebete ondoren, 2018ko abenduaren 13an, behin betiko onetsi zen, Osoko Bilkuran ere. Ordenantzak 6 hilabeteko luzamendua ezartzen zuen indarrean sartzeko, eta epe hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera hasi zen, hots, aurtengo otsailaren 1ean.
Oinezkoen mugikortasuna
Ordenantzak oinezkoak bilakatzen ditu hiriko mugikortasunaren protagonista nagusi. Bizitegi- kaleetan (S-28 seinaledunetan), parke eta pasealekuetan oinezkoek zirkulazio-eremu osoa erabil dezakete. Gune horietan mugitzeko bestelako era batzuk ere baimenduta egon arren, oinezkoek beti edukiko dute lehentasuna.
Halaber, oinezkoen pasabideetan eragina duten neurriak ezartzen dira, seguruagoak eta errazago ikusteko modukoak izan daitezen. Progresiboki debekatuko da oinezkoen pasabide orotara iritsi aurreko 5 metroetan aparkatzea edo geldialdia egitea, zirkulazioaren noranzkoa zein eta horretan. Gainera, sortuko diren gune libre horietan bizikletek, MPIek, ziklomotorrek edo motozikletek aparkatzeko tokiak prestatuko dira.
Aulki edo trizikloetan, elektrikoak barne, zirkulatzen duten mugikortasun urriko pertsonak oinezkotzat joko dira eta lehentasuna izanen dute gainerako ibiltarien gainetik. Zirkulatzen ahalko dute, baita ere, zirkulazio motordunetik bereizitako bizikleta-bideetatik.
Bizikletan nola zirkulatu
Hirian, bizikletak ere beste ibilgailu bat gehiago dira, eta, hortaz, arauak bete behar dituzte eta begirunez tratatuak izan. Hauetan barna ibil daitezke: galtzadak, bidegorriak, bizitegi-kaleak, parkeak eta pasealekuak, ziklo-bidexkak eta Argaren Iruñeko ibai-parkea. Galtzadan, eskuineko erreian ibiliko dira ahal dela, erreiaren edo bidearen erdialdea erabiliz, posible den neurrian. Ibilgailu motordunek bizikletaren zirkulazioa erraztu beharko dute, eraso gabe, abiadura egokitu eta segurtasun-distantzia gordeta. Bizikletei aurrea hartzeko, ibilgailuek erreiz aldatu eta 1,5 metro baino gehiagoko tartea gorde behar dute. Errei bakarreko kaleetan ezin zaie bizikletei aurreratu.
Bizikletek ezin dute espaloietan zirkulatu, salbu eta heldu batez lagundurik zirkulatzen duten 14 urtetik beherakoen kasuan eta seinaleztaturik dauden espaloietan, halako kaleetan non ez baita beste berariazko aukerarik eskaintzen. Bizikletek ezin dute zirkulatu garraio publikorako erreserbaturik dauden erreietan barna.
Bestalde, oinezkoen pasabideetan, bizikletatik jaisteko gomendatzen zaie ziklistei, salbu eta bizikleten pasabideetan, horietan pedalei eraginez zeharkatu dezakete eta. Aparkatzeko, ahal delarik, bizikletetarako aparkalekuak erabiliko dira. Bizikleta beste tokiren batean lotuz gero, horrek ezin du oztopatu oinezkoen joan-etorria, gutxienez 2 metro libre utzi beharko direlarik, eta ezin da zuhaitzetan, bankuetan eta markesinetan lotu.
Irristailuak, patineteak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI)
Mugitzeko irtenbide berriak, irristailuak, patineteak edo MPI direlakoak (mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak) ordenantzan txertatutik daude, eta hori horrela, horien erabilera eta zirkulazioa arautzen du. Irristailuek, patineteek edo horrelako gailu ez-motordunek honako hauetan barna zirkulatzen ahalko dute: oinezkoendako eremuak, bizitegi-kaleak, espaloiak, bidegorri babestuak, bizikleta-espaloiak, ziklo-bidexkak, parkeak eta pasealekuak. Ezin izango dute galtzadan edo bidegorri-ez babestuetan zirkulatu. Gurpil-oholei dagokienez, ezin dute zirkulatu ez galtzadan ez ezein bidegorri motatan, babestuak izan ala ez. Aitzitik, hauetan barna zirkulatzen ahal dute: oinezkoendako eremuak, bizitegi-kaleak, espaloiak eta bizikleta-espaloiak, ziklo-bidexkak eta parkeak zein pasealekuak.
MPIek eta bi gurpil baino gehiagoko zikloek ezin dute espaloietan edo oinezkoen eremuetan zirkulatu. Horien erabiltzaileek 14 urte izan behar dituzte gutxienez, eta hala kaskoa nola txaleko islatzailea jantzi behar dituzte galtzadan zirkulatzen dutenean. Ibilgailu horien hiru mota ezarri dira, har dezaketen abiaduraren eta gehieneko masaren arabera. A motakoek (howerboard-plataformak, monozikloak eta irristailuak: 20 km/h eta gehienez 25 kg-ko masa) bizikletetarako azpiegituretan, parkeetan, oinezkoendako eremuetan eta bizitegi-eremuetan barna zirkulatzen ahal dute; ezin dute, ordea, bidaiaririk garraiatu. Horientzat ez da nahitaezkoa frenoa eta txirrina edukitzea, eta ezin dira erabili salgaiak garraiatzeko. B motakoek (segwayak eta tamaina handiko patineteak: 30 km/h eta gehienez 50 kg-ko masa) aurrekoetarako baimendutako bide berdinetan zirkulatu dezakete, eta 30 km/h-ko abiadura-muga duten kaleetan barna; frenoa eta txirrina eduki behar dituzte eta ezin dute bidaiaririk garraiatu. C motakoek (MPI eta bi gurpil baino gehiagoko zikloak: 45 km/h eta gehienez 300 kg-ko masa) galtzadan ere zirkulatu dezakete; txirrina eta frenoa eduki behar dituzte, bidaiariak garraiatu ditzakete eta salgaiak banatzeko erabil daitezke, baina ezin dute zirkulatu ez Nafarroa etorbidean ez PA-30 ingurabidean.
Bizikletak eta animaliak igogailuetan
Ordenantzak, bai eta kanpainaren materialak ere, mugikortasun bertikala delakoa jasotzen du, hiri-igogailuen eta arrapala mekanikoen erabilera arautzen duelarik. Bi azpiegitura horietan mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasuna izango dute. Igogailuen kasuan, kabinak honako hauekin sar daiteke: erosketarako gurditxoak, haurtxoak eramateko aulkiak eta etxeko animaliak, baldin eta loturik badaude eta muturrekoa jarrita, edo bestela, animaliak garraiatzeko kutxa batean sartuta. Txakur-gidariak arau horietatik kanpo daude.
Bizikletetarako honako arau hau ezarri da: igogailua guztiz betetzen den kasuetan bi bizikleta soilik joaten ahalko dira barruan, kabinaren alboetako hormei itsatsita, tolestuta edo bi gurpilak lurrean bermatuta eta erabiltzaileak helduta. Halaber, kabinaren barruan, debeku dira honako hauek: kalterik eragitea; zaborra edo gorputzaren eskrezioak botatzea; erre, edan edo jatea; behar baino denbora gehiago egotea barruan; eta eraikuntza-materialak, obra-hondakinak, makineria industriala eta bereziki handiak diren salgaiak edo elementuak garraiatzea (ez hiri-igogailuetan ez hiriko arrapala mekanikoetan).