Hezkuntza-komunitate osoaren nahia da Rochapea HLHIP ikastetxeko patio berria birdiseinatzea, naturari espazioa irekitzen dion diseinua baliatuta eta berdeguneak eta jolasguneak uztartuta, egungo hormigoizko harlauza handiak alde batera utzita ikasleen interesak barne hartzeko xedez. Helburu horrekin bat, ikasturtea hasi zenetik amestu dute 1. mailatik 6. mailara bitarteko haurrek jolasteko eta aisialdirako espazio berri horrekin, zuzendaritza-taldearen eskutik. Beren patioa nolakoa izatea gustatuko litzaieken marraztu dute, eduki nahiko lituzketen elementuak bozkatu dituzte, eta plastilinaz eman diete forma ideia horiei, patio inklusibo, jasangarri eta dibertigarri bat egiteko xedez, beren mailara egokitutako hainbat jardueraren bidez.
Zuzendaritza-taldeak, Orekari arkitektura-estudioarekin batera, prozesu guztian zehar haurrekin eta familiekin –gurasoen elkartearen bidez– egin dute lan, espazio berria diseinatzeko orduan beren ahotsak ere garrantzitsuak direla azpimarratuta. Hala, lantegiak, hitzaldiak eta lantaldeak egin dituzte, patio berrian nahi dituzten erabilerak eta espazioak lantzeko. Zehazki, parte hartzeko prozesuaren lehenengo fasean, erakusketa parte-hartzaile bat egin dute, eta ikasleek zein familiek euren proposamenak txertatzeko aukera izan dute. Maketa-lantegi bat ere egin dute Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Eta, familiekin, haien proposamenak jasotzeko hainbat lantegi egin dituzte.
Horien guztien inplikazioak birnaturalizazio-proiektu oso bat adosteko balio izan du, eta aurten ikusiko du argia, Col3natur Europako programaren eskutik. Patioa, jada eraldatuta, auzo guztiarendako plaza publiko bihurtuko da gainera.
Parte hartzeko prozesu hori guztia erakusketa bizi baten bidez jaso da, eta bertan egindako ekarpenak txertatu dira. Erakusketa ikastetxean egon da ikusgai hilabete hauetan. Aste honetan Juslarrocha Civivoxean ere bisitatzen ahalko da, bertara eraman baitute auzotar guztiak auzoa hobetzeko egindako esku-hartzearen parte izan daitezen. Civivoxeko erakusketan, halaber, Rochapea HLHIPko patiorako idatzitako aurreproiektua ere egonen da ikusgai: hezkuntza-komunitateari joan den ostegunean aurkeztu zitzaion eta ikasleen, irakasleen eta familien hainbat eskaera jaso dira bertan. Civivoxean ere ekarpenak egiten ahalko dira, patioa birnaturalizatzeko amaierako proiektua zehazte aldera.
Jarduketa horien guztien helburu nagusia patioa fisikoki eraldatzea da, hiri-espazio hori birnaturalizatzeko, eta, aldi berean, eraldaketa pedagogiko eta soziala egiteko. Azken finean, patioa kanpoko ikasgela bihurtu nahi da, ikasleek bertan ikasten jarraitu ahal izateko.
Col3natur proiektua
Patioaren birnaturalizazioa Col3natur proiektuaren barruan dago: SUDOE Europako Hegoekialdeko Espazioko Lurralde-lankidetzako programak finantzatzen du, FEDER Eskualde garapenerako funtsen barruan. Hauxe da SUDOE programaren helburua: nazioaz haraindiko garapen- eta lankidetza-estrategiak indartzea eta bizkortzea engaiatuta dauden eragileen artean (agintariak, akademikoak eta enpresak eta kidetutako bazkideak), erakusteko eraginkorra dela biztanle-dentsitate eta hiri-garapen desberdina duten eraikinen, patioen eta eskola-, landa- eta hiri-bideen naturalizazioa, betiere birnaturalizazioa bizkortzeko laguntza-tresna digitalak eta pilotu erakusgarriak ardatz hartuta.
Col3Natur izeneko proiektua ekainean abiatu zen: Nafarroako Unibertsitatea da proiektuaren burua, eta Espainiako, Frantziako eta Portugaleko kideek parte hartzen dute, Iruña kasurako. Rochapea HLHIPko obrak urte honetan zehar eginen dira. Lanak hiru zentro pilotuetako batean eginen dira; ekimena hiru herrialdeetako 15 eskola eta 6 eskolarako bidetara hedatuko da. Patioaren birnaturalizazioari esker muturreko tenperaturen eragina murrizten ahalko da, bero-boladetan edo eurite handietan, esaterako.
Col3natur proiektuaren barruan egindako jarduera hori alde batera utzita, Iruñeko Udala 2009az geroztik ari da lanean eskola-espazioak birnaturalizatzeko, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko eta hiriari bizitza itzultzeko lan-ildo gisa. Gaur egun arte, zazpi ikastetxetan esku hartu dute jada. Eta, hemendik aurrera, urtero deialdiak eginen dira, urtean bi ikastetxetan jarduketak egin ahal izateko.
