
Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Ezpeletaren jauregiko patioa espazio publiko gisa erabiltzeko zabalik egonen da astelehenetik ostiralera, arratsaldez, eta asteburuetan eta Iruñeko jaiegunetan, egun osoan zehar. Horrela adostu dute Hezkuntza Departamentuak –espazioaren jabea– eta Iruñeko Udalak, eta Ekintza Komunitarioko Alorraren bitartez zehaztu dituzte 1.300 metro karratuko lorategi-eremuko barruti horren erabilera-baldintzak. Akordioaren arabera, Ezpeletaren jauregiko patioa herritar guztiei zabalik egonen den plaza berri bat izanen da eta honako ordutegia izanen du: lanegunetan, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan eta Iruñeko jaiegunetan, 09:00etatik 21:00etara. Patiora San Frantzisko kaletik sartuko da.
Lortutako akordioaren arabera, Iruñeko Udalak ireki eta itxiko du barrutia, eraikina erabiltzen ari diren uneetan salbu. Garbiketa udal-zerbitzuek eginen dute, eta Hezkuntza Departamentuak jarraituko du barrutiko berdeguneen eta altzarien mantentze-lanez arduratzen.
Aste honetatik bertatik egonen da zabalik, eta urtarrilean itxiko da lan batzuk egiteko
Iruñeko Udalak patioa espazio publiko gisa erabiltzeko eskatu duen baimena berehala gauzatuko da, eta aurreikusitako obrak hasi arte egonen da indarrean; hala ere, zentroa itxi beharko da erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jartzen ahal duten esku-hartzeak egin behar badira edo ikastetxearen hezkuntza-erabilerarekin lotutako beste arrazoi batzuk direla eta. Aurreikuspenen arabera, lanak urtarrilean abiatuko dira: Hezkuntza Departamentuak jauregiko gelak klimatizatuko ditu. Patioko lanak amaitzerakoan, Hezkuntza Departamentuaren eta Udalaren artean adostutako ordutegian erabiltzen ahalko da berriz.
Akordioaren arabera, ezin izanen da erre ezta edari alkoholdunik kontsumitu ere patioaren barruko aldean, eta Iruñeko Udala arduratuko da instalazioen erabilera egokia zaintzeaz eta gaizki erabiltzeagatik kaltetutako gauzak konpontzeaz. Kalte horiek, hala badagokio, mota horretako kontingentziez arduratzen den udalaren erantzukizun zibileko aseguru baten bidez artatu beharko dira.
Ezpeletaren jauregia Hezkuntza Departamentuaren jabetzakoa da, eta egun Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko eta Departamentuko Lanbide Heziketako funtzionarioek irakasle-lanak egiten dituzte bertan. Era berean, Nafarroako Eskola Kontseiluaren eta Hezkuntza Departamentuaren menpe dagoen Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren (NUHEO) egoitza da. Orain arte, departamentuak baimena eman du patioan zenbait kultur jarduera egiteko, bai eta Sanferminetan egiten diren ekitaldi batzuk antolatzeko ere. Horrez gain, San Frantzisko ikastetxeko ikasleek jolastoki gisa ere erabiltzen dute, bertatik hurbil baitago.