Hirigintzak Txantreako hegoaldeko parkearen proiektua eta 1. fasearen separata onetsi ditu; finantzaz bezainbatean jasangarriak diren 2019ko inbertsioetan txertatuta, lanak Irubide parkearen eta Magdalena zubiaren ondoan hasiko dira

Hirigintzak Txantreako hegoaldeko parkearen proiektua eta 1. fasearen separata onetsi ditu; finantzaz bezainbatean jasangarriak diren 2019ko inbertsioetan txertatuta, lanak Irubide parkearen eta Magdalena zubiaren ondoan hasiko dira
Saio berean, bizitegi-eremu berria urbanizatzea xede duen proiektua eta horren 1. fasearen separata eguneratzeko idazketa esleitu da

Gaur Hirigintza Gerentziako Kontseiluak Txantreako hegoaldeko parkea urbanizatzeko proiektua eta lehen faseko lanak gauzatzekoa onetsi ditu; parkeko oinezko sarrera zein hiriko erdialdetik Txantrearako sarrera den Magdalena zubitik eta Arga ibaitik hurbilen dagoen eremuan abiatuko dira lanak. Hor berrantolatuko da Caparrosoren Errotako bideko eta ibai-inguruneko elkargunea, begiratoki eta jarduera-agertoki izango den plaza txiki bat sortuz. Gainera, Arga ibaiko ertzean esku hartuko da, bertara hurbiltzea ahalbidetuz.

Fase honetako lanek Irubide parkea –Done Jakue elizaraino– eta  Josefina seroren komentua ere hartuko dute barne, azken horren harresia gordez baina parkearekiko lotura hobetzeko irekiz. Tokiaren izaera eta oroipenak gorde nahi dira. Josefina seroren komentuko baratzeak nekazaritza-izaera mantenduko du, baina janari-lorategia bilakatuko da, fruitu txikiak, sendabelarrak eta bertoko sagarrondoak edukiko dituela.

Lanak aurtengo udal-aurrekontuan sartu dira, finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioen bidez, 363.000 euroko partidaz; hortaz, aurtengo amaiera aldean has litezke. Separatan zenbatetsitakoaren arabera lanen 1. fasearen jarduketa-kostea 1.950.000 eurokoa izango da (BEZa kanpo).

Parkearen diseinu berriari begira 2018an irabazle izan zen Begibistan aurreproiektuan jasota daude ideia horiek guztiak, eta osagai hauek aurreikusten ditu, besteak beste: belardi zabalak, eskola- zein komunitate-baratzeak, bertoko espezieak izango dituen basotxoa eta elkarbizitzarako zein egoteko eremuak.

2013ko urbanizazio-proiektua 2018ko proiektu irabazleaz eguneratzea
Hirigintza Gerentziako saio berean, Magdalenako ARS-1aren S-1 unitatea urbanizatzeko proiektua eguneratzea esleitu da. Hura 2013ko urtarrilean onetsi zen; eta orain eguneratuko da, parkearen proiektua aintzat hartuta, eta, baita ere, auzoko erakunde zein bizilagunekin egin den prozesu partizipatiboan herritarrek egindako ekarpenak. Halaber, proiektua indarreko araudira egokituko da; eta prezioak, egungo merkatura. Hauxe da txertatu beharreko alderdietako bat: bizitegi-eremu berriaren eta parkearen artean aurreikusitako ertz-bidea moldatu behar da, auzo izaerako kalea eta abiadura txikikoa izan dadin.

Proiektuaren eguneraketa ondoko kaleak berrurbanizatzeko proiektuekin koordinaturik egin beharko da; badauden kaleen eta berrien arteko loturak berraztertuko dira –Mendigorria, San Kristobal, Milagro eta Torralba kaleetan–; eta Udalak kale horiek berrurbanizatzeko dituen irizpideekin bat koordinatuko. Gainera, kaleen artean egoteko eremuak sortuko dira; eta Burlata (Ezkaba kalea) eta Magdalena kale ondoko eremuen urbanizazioa berriro zehaztuko da. Loturak bai oinezkoei bai ibilgailuei begira hobetuko dira. Halaber, txirrindulariendako lotura bat marraztuko da, auzoko eremu hau ekialdetik mendebaldera lotuko duena.

100.000 metroko parkea
Parke berria, ia kilometro bateko luzera eta 100 metroko zabalera izango duena, erabilera anitzeko belardi-sorta izango da, luzeran elkarlotuta, Magdalena zubiko eremutik Burlata ondoko muino txikiraino. Belardiak luzeran banatuko dira parkean, zeharkako bide batzuek zeharkatuta. Erabilera anitzeko eremuak izango dira. Parkea naturalizatzeko estrategiaren barruan, belardi naturalak erabiltzea proposatzen da –zopizarra ekidinda–, kolore-oparotasuna eman eta bioaniztasuna handitzen dutelako, eta gutxiago ureztatu behar direlako. Diseinuak eta kudeaketak % 50ez murriztuko dituzte mantentze-lanen kostua.

Parkearen iparrean, auzoko ertz-kale berriaren ondoan, egoteko, jolasteko eta, honela eskatuta, zehatzagoak zein berariazkoagoak diren beste erabileretarako eremuak izango dira (parkour, skate...). Hegoaldean, eskola- eta komunitate-baratzeak jarriko dira, eta osagai hauek: lanabes-etxola komunitarioak, ureztatzeko uraskak eta baratzetan sortutako hondakinak konposta bihurtzeko eremuak, besteak beste. Era berean, zakurrendako bi eremu ere aurreikusi dira.

Burlatako bidetik, parkera sartzeko hiru gune aurreikusi dira; eta egun bideratuta dagoen Iturriapuria ubidea naturalizatzea, parkearen eta Burlataren arteko muga denez gero. Ubidearen ertza leheneratzean datza, zuhaitzak zein ibaiertz-landareak landatuz. Azkenik, parkearen alde garaienean, ekialdeko muturrean, ondoko mendietako eta Iruña zein Burlatako meseta-ertzeko ikuspegi zabalari begira egoteko behatoki bat sortuko da. Gainera, oinezkoen ibilbideak eta bidegorriak sortuko dira.

Urbanizazio berri bat, parkean sartzea ahalbidetu eta bertan sartuko dena
Parkeko eremu guztiak mota ezberdinetako bideek lotuko dituzte. Belardi-sorta urbanizazio berriak eta badagoen hiri-bilbeak mugatuko dute iparrean. Diseinuak auzo izaerako kale berria aurreikusten du, abiadura txikikoa (30eko kalea), urbanizazioarekin batera parkean bertan txertatzen dena. Horretarako, kalearen mendebaldean proposatutako biribilgunearen tamaina murriztea proposatzen da; halaber, iparrerago kokatzea –motelago sartzeko eta Irubide parkeko eremuan eragina ahalik eta txikiena izateko–, eta erdibitzailea kentzea ere bai.

Era berean, kalearen alboetan jarduketak egingo dira, Done Jakue elizako plazan eta urbanizazio berriko plaza nagusian zoladurak maila berean uzteko. Azken batean, bizikidetza-eremuak sortuko dira, non, ibilgailu pribatuaren aldean, oinezkoek lehentasuna edukiko baitute. Aparkatzeari dagokionez, zeharka aparkatzeko tokiak egongo dira, berdegune zuhaiztuak tartekatzeko. Bidegorria galtzadaren parean luzatuko da, bi metroko zabalerako berdegune batek bereizita.

Pasealekuan, Done Jakue plazatik hurbilen dagoen eremuan belaunaldiarteko eta haurrendako jolasetarako lehen eremu bat sortuko da. Ondoan, bigarren jolas-eremu bat ere kokatuko da, adin-tarte zabalago baterako pentsatuta. Ekialderago, eremu bilduago batean, parkour-era bideratutako eremua kokatuko da, eta, auzokideek honela proposatuta, skatepark-a ere hartuko du barne. Hiru eremu horien artean egoteko gune-sorta sortuko da.

Ideia hauek guztiak gaur Hirigintza Gerentziak hizpide izan duen espedientean jasota daude, zeina, Txantreako hegoaldeko parkea izenburupean, V-Txantreako U.I.ko GSA-2 ri atxikita dagoen Sistema Orokorreko Urbanizazio Proiektuari eta 1. faseko separatari baitagokie. Gai-zerrendako puntu honetan Begibistan lantaldeko kideek aurkeztutako ordainsarien fakturak onestea ere aurreikusten da: 100.800 euro guztira, (BEZa kanpo). Hirigintzako saio berean, bizitegi-eremu berria urbanizatzea xede duen proiektua eta horren 1. fasearen separata eguneratzeko idazketa esleitu da; eta, hori horrela, lanen zuzendaritza ere bai, Cima Ingenieros S.L.U. eta Sergio Murillo Saldíasen alde, guztira 269.600 euroan (BEZa kanpo).

¿Te ha sido útil esta página?