Hamar kartel finalistak aurkeztu dira, eta horien artean 2022ko sanferminak irudikatuko dituen irudia hautatuko da

Hamar kartel finalistak aurkeztu dira, eta horien artean 2022ko sanferminak irudikatuko dituen irudia hautatuko da
Herritarrek herri-bozketa bidez aukeratzen ahalko dute irabazlea, pamplona.es webgunean, Civivox zentroetan eta 010 telefonoan, maiatzaren 4ra bitarte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaurtik aurrera Kondestablearen jauregian ikusgai egonen dira 2022ko sanferminetako kartel lehiaketako hamar kartel finalistak; horien artean, herritarrek edizio honetako jaiak irudikatuko dituen irudia hautatzen ahalko dute, bi urteko hutsunearen ondoren. María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak, epaimahaikideekin batera, ezagutzera eman ditu epaimahai teknikoak hautatutako hamar kartelak. Hemendik aurrera, herri-bozketa hasiko da, eta maiatzaren 4ra arte egiten ahalko da.

Apirilaren 12an jakitera eman ziren hautatutako hamar lanen plika-zenbakiak, eta gaur kartel guztiak ezagutuko dira. Kartelak honako hauek dira:

1. zk. 27. plika. Beti bezala

2. zk. 52. plika. Emoción

3. zk. 103. plika. Vuelta a la fiesta

4. zk. 132. plika. 1087

5. zk. 167. plika. (2022)

6. zk. 260. plika. Por fin de vuelta

7. zk. 326. plika. Preparada

8. zk. 469. plika. Corre San Fermín

9. zk. 500. plika. Bendice la fiesta

10. zk. 638. plika. La fiesta somos todos

Bozketak maiatzaren 4ra bitarte

Behin hamar finalistak ezagututa, herritarrek azken hautaketa eginen dute, eta maiatzaren 4ra bitarte haien botoa adierazten ahalko dute hainbat bideren bidez. Oinarrietan jasotzen den bezala, bakarrik Iruñean erroldatuek izanen dute bozkatzeko aukera. Halaber, botoa NAN-zenbaki bati lotuta egonen da, beraz, boto bakarra zenbatuko da pertsona bakoitzeko. Horretarako, bozketan izena eta lehen abizena eta NAN, AIZ edo pasaporte zenbakia eman beharko dira, datuen egiazkotasuna eta botoaren baliozkotasuna egiaztatu ahal izateko.

Hainbat dira bozkatzeko bideak. Horrela, telematikoki egiten ahalko da, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan gaitutako sarbide baten bidez. Kasu horretan, bozketa maiatzaren 4ko 23:59ean itxiko da. Beste alde batetik, 010 eta 948420100 Herritarrendako Arreta telefonoetan ere bozkatzen ahalko da. Horiek eskuragarri egonen dira maiatzaren 4ko 19:00ak arte, zerbitzu horren ohiko harrera-ordutegian (08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era). Eta, azkenik, aurrez aurre bozkatu nahi dutenek, hiriko edozein Civivoxetan egiten ahalko dute, dagokion txartela sartuz horietan jarriko diren hautetsontzietan. Kasu horretan, epea maiatzaren 4an amaituko da, zentroen itxiera-ordutegiarekin bat (astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara).

Kartelak Kondestablearen jauregiko patioan egonen dira ikusgai hautaketa-egunera arte, eta, horrez gain, Udalaren webgunean kontsultatzen ahalko dira. Maiatzaren 5ean ezagutuko da boto gehien jaso dituen kartela.

Epaimahaiaren balorazioa

Honako hauek osatu dute hamar finalistak hautatu dituen epaimahai teknikoa: Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zuzendaria; Nafarroako Komunikazio-Enpresen Elkarteak izendatutako Sergio Puertollano komunikazioan aditua; Javier Perez de Zabalza Nafarroako Komiki Azokako zuzendarikide eta ilustrazioan aditua; Concha Pasamar artista eta ilustratzailea; Kontxesi Vicente artista eta Iruñeko Arte Eskolako arte grafikoetako irakaslea; Leticia Sagredo diseinu grafikoko irakaslea eta ilustratzailea, eta Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria.

Lan finalistak hautatzerakoan, epaimahaiak lortu nahi zuen “kalitate grafiko handiko eta hura egiterakoan hainbat hizkuntza-estilo eta kontzeptu artistiko proposatzen dituen” multzoa. Horren haritik, azpimarratu dute lan figuratiboagoak eta beste lan abstraktuagoak eta kontzeptualagoak daudela. “Dibertsitate kromatikoa eta dinamikoa jasotzen da. Kartel estatikoagoak, beste batzuk dinamikoagoak. Proposamenen oreka bilatuz, herritarrek bozkatu ditzaten. Eta, aldi berean, baloratu egin da jaiari lotutako hainbat ikono eta gai agertzea”, epaimahaiak bere balorazioan nabarmendu duenez.

Epaimahaiak balorazio propioa egin du lan bakoitzari buruz. Ildo horretan, ‘Beti bezala’ kartela bere koloreagatik, dinamismoagatik eta estetikagatik nabarmentzen da, eta “30eko hamarkadako kartelen revival pertsonala da, egungo begirada batetik”. ‘Emoción’ kartelaren kasuan, epaimahaiak haren tratamendu grafikoa nabarmendu du, “abangoardiako mugimenduak gogorarazten dituena, hala nola kubismoa eta konstruktibismoa”, eta konposizioa, “oso itxia, non pertsonaren eta zezenaren arteko uztarketa hura oso bizia den”. ‘Vuelta a la fiesta’ kartelari dagokionez, epaimahaiak haren izaera “dinamikoa eta jatorra” baloratu du, baita “elkarbizitzarako, aniztasunerako eta berdintasunerako mezua ere”.

‘1087’ izeneko kartelaz bezainbatean, epaimahaikideek haren esanahia nabarmendu dute. “Barra horietan guztiok aurkitzen ditugu oinaze- eta konfinamendu-egunak. Gogora dakar egunak kontatzen dituen presoa”, nabarmendu dute, eta aldi berean, aipatu dute barra horiek hesiak gogorarazten dituztela. Bestalde, epaimahaiak esan du ‘2022’ lana “oso kartel sinbolikoa” dela, “bizi izan dugun parentesia islatzen duena eta jaiek ezabatuko dutena”. Epaimahaiak haren aurkezpen minimalista eta kalitate artistikoa baloratu ditu. ‘Por fin de vuelta’ kartelari dagokionez, epaimahaikideek baloratu dute “2 edo 3 kolore bakarrik erabiltzearekin lortutako inpaktu grafikoa” eta festa “askotariko konposizio dinamikoan” laburtzeko gaitasuna.

‘Preparada’ izenburua duen kartelean, Erregina amerikarra selfie bat egiten irudikatzen duen horretan, epaimahaiak nabarmendu ditu irudia gizatiartzeko apustua, beste ikuspegi bat emanez, eta “erabilitako elementuen, kolore eta lengoaien garaikidetasuna, begirada feminista bat ematen dutenak”. Bestalde, ‘Corre San Fermín’ kartelean, sanferminetako elementurik internazionalena irudikatzeko gaitasuna baloratu da, hala nola entzierroa, “modu dibertigarri eta inozoan”, non urteko zenbakiak zezenak diren, eta sanferminen letrak, korrikalariak, “elementuekin jolasean, indar handiz, sendotasun esanguratsuz eta formalizazio oso onaz funtzionatzen duen konposizioan”.

‘Bendice la fiesta’ lanean, epaimahaiak aitortu nahi izan du "konposizioan eta gauzatzean egindako apustu ausarta, kalitate artistiko handikoa, gauzatzean nahita egindako sinpletasunaren barruan”. Hori horrela, epaimahaiak nabarmendu du “marrazkiak klasizismoan daukan gaurkotasun handia. Oso klasikoa da baina, aldi berean, oso modernoa”. Azkenik, ‘La fiesta somos todos’ lana hautatu da "infografia modu birtuosoan maneiatzeagatik” eta irudiaren indarragatik; izan ere, “jendearen bizipenei eta emozioari buruz hitz egiten du, festaren puntu gorri horiek mapan zehar banatuz”.

Hamar 601 parte-hartzaileren artean

Edizio honetan 601 kartel aurkeztu dira guztira. Horietatik, 188 Iruñetik igorri dira, eta 192, Nafarroako beste herri batzuetatik. Beste 206 kartel Espainiako autonomia-erkidegoetatik heldu dira (% 34). Honako hauek izan dira parte-hartze handieneko probintziak: Madril (29), Bizkaia (19), Gipuzkoa (17), Valentzia (16), Bartzelona (15) eta Zaragoza (11). Halaber, beste 13 kartel nazioartekoak dira (% 3): 4 Italiatik datoz, 3 Frantziatik, 2 Estatu Batuetatik, 1 Erresuma Batutik, 1 Argentinatik, 1 Mexikotik eta 1 Japoniatik.

Kartel irabazlearendako sariak 6.000 euro jotzen du oraingoan; 2019ko azken sanferminetako saria, aldiz, 3.600 eurokoa izan zen.

¿Te ha sido útil esta página?