Hainbat diziplinatako 80 artista baino gehiagok egunerokoaren eta haren garrantziaren inguruko hausnarketa egiten dute Kondestablean apirilaren 28ra arte egonen den ‘Artea Oinez 2021’ erakusketan

Hainbat diziplinatako 80 artista baino gehiagok egunerokoaren eta haren garrantziaren inguruko hausnarketa egiten dute Kondestablean apirilaren 28ra arte egonen den ‘Artea Oinez 2021’ erakusketan
Erakusketak Lorea Alfaro García artista eta irakaslea omentzen du, aurten Nafarroa Oinezen protagonista den Lizarra Ikastolako ikasle ohia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoek “Artea Oinez 2021” erakusketa hartuko dute apirilaren 28ra bitarte. Erakusketak 85 artistaren ehun lan baino gehiago biltzen ditu, baita aurtengo Nafarroa Oinez jaia antolatzen duen Lizarra Ikastolako artxiboaren materialak ere; izan ere, lanek XX. mendearen azken laurdenean eta XXI. mendeko lehenengo laurdenean sortutako arte-adierazpen askoren berri ematen dute. Edizio honetan, erakusketak Lorea Alfaro García omentzen du, artista eta unibertsitateko irakaslea EHUn, eta Lizarra Ikastolako ikasle ohia.

Aurten ikusgai dauden lanek uztartzen duten kontzeptua, hau da, erakusketaren leitmotiva, egunerokoa eta haren garrantzia dira, gogoeta eta pentsamendu kritikoa eragiten baitituzte. Lanen errepertorioak proposamen garaikideak erakusten ditu hainbat diziplinatan, hala nola eskulturan, eskulto-pinturan, pinturan, marrazketan, instalazioan, grabatuan, bideoan, argazkian, inprimaketa digitalean eta teknika mistoetan. Gehienak korronte abstraktukoak dira, baina haien artean badira ere arte figuratiboa, espresionista, hiperrealista, sinbolista, informalista, etab. Gune artistikoan artearen azken joerak eta artista gazteen proposamenak ere izanen dira.

Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak, Josu Sueskun Cabasés Lizarra Ikastolako zuzendariak eta Josu Reparaz Leiza Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendari eta erakusketaren komisarioak erakusketa aurkeztu dute gaur goizean, eta parte hartzen duten artisten gogobetetasuna eta eskuzabaltasuna eskertu dituzte, COVID-19aren pandemia dela-eta hain zaila den garai batean. Hain zuzen, pandemiaren ondorioz iaz bertan behera gelditu ziren 2020ko Nafarroa Oinezarekin lotutako jarduera guztiak. Iruñetik igaro ondoren, erakusketa Lizarrako Gustavo de Maeztu museoan ikusgai egonen da.

Jarraitutasunaren eta abangoardiaren adibideak artean

‘Artea Oinez’ erakusketak aurten ere abangoardiako kultura eta artearen aldeko apustua egiten du artista talde baten lanari eta parte-hartze eskuzabalari esker; izan ere, artistek beren lanekin gure garaiko errealitatea argitzen laguntzen dute eta horien bitartez hausnarketarako eta gizakiaren esentzia garrantzitsuak diren proposamen artistikoei so egiteko gune bat osatzen dute. Haien lanak zabalik daude etorkizunik iradokitzaileenera eta inspiratzailearenera, eta, hala, geure ikastetxeei bizitza ematen die, haietan artea ikasketa-proiektu baita, gizartearen memoria eta etorkizunera leihoa.

Kondestableko erakusketan  artearen esperientzia ugari ikus ditzakegu bertako lan zehatzetan zehar, non jarraitutasun lerroak eta berritasun lerroak nabarituko ditugun arte euskal-nafarraren agertokian. ‘Artea Oinez 2021’ erakusketa honetarako honako artistek eta egileek eman dituzte lanak, besteak beste: Faustino Aizkorbe, Pello Azketa, Néstor Basterretxea, Carlos Cánovas, Eduardo Chillida, Miren Doiz, Txaro Fontalba, Asun Goikoetxea, Carlos Irijalba, Ana Mari Marín, Xabier Morrás, Txuspo Poyo, Marijose Recalde, Juan Sukilbide eta José Luis Zumeta.

Lorea Alfaro Garcíari omenaldia

Aurtengo edizioak omenaldi xume eta hunkigarria egin nahi dio Lizarra Ikastolako ikasle izandako Lorea Alfaro García artistari. Txikitan, kulturan eta artean etorkizun bikaina izango zuela iragartzen zuen argi berezia zuen, eta denborak eta egindako lanak hala baieztatu dute. 2005ean Arte Ederretako karrera amaitu zuen eta egunerokoarekin esperimentatzen hasi zen, forma eta irudiarekin bere diskurtsoa sortzeko.

Lehen lanetan irrikak zituen aztergai, eta gogatzearekin, sedukzioarekin eta introspekzioarekin lotuta dauden komunikazio-prozesuaren alderdiak ikertzen zituen esanahiak, emozioak eta oroitzapenak bilatze aldera. 2006an, Iruñeko Udalak antolatutako Iruña eta Artista Gazteak lehiaketa irabazi zuen. Bere lanak ikusgai jarri ditu Gustavo de Maeztu museoan, Bilboko Recalde Aretoan, Gasteizeko Artiumen, Guggenheim museoan, Madrilen, Pekinen eta Ganten. Eta Artea Oinez ekimenean kolaboratu ohi duten artistetako bat ere bada.

Oteiza Museoan, Tabakaleran eta Miró Fundazioan erakutsi dituen azken lanetan, Alfarok modaren, keinu pribatu zein publikoen ikusizko ekoizpen-mekanismoak mimetizatzen ditu, publizitate-paperezko eta plastikozko edo bideozko euskarri handietan lan eginez, eta dardo zehatz batez nabarmenduz, irudiaren banaketa-moduei eta neurrigabeko kontsumoari zuzenduta. Elementu bisualak eta elementu tektonikoak bat egiten dute, eta bere lan berrienetan murgiltze-efektua sortzen dute. Bere oihalek eta olanek, azalera handietan egindako horma-irudiek (pasabideak, horma-irudiak, galeriak, sabaiak) arkitekturan eta hiri-paisaian oinarritutako mezu irmo baten indarra daukate.

¿Te ha sido útil esta página?