Garaikidek aste honetarako euskarazko ibilaldi bat proposatzen du Ziudadelan barna, itxuren azpian dagoen dardarari antzemateko, bai eta poesia eta arte eszenikoetako ikuskizun bat ere

Garaikidek aste honetarako euskarazko ibilaldi bat proposatzen du Ziudadelan barna, itxuren azpian dagoen dardarari antzemateko, bai eta poesia eta arte eszenikoetako ikuskizun bat ere
Biharko ‘site-especific’-erako izen-ematea doan da, 010 edo 948420100 telefonoetara deituta, eta Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek ostegunean eskainiko duten obrarako sarrera librea da
Garaikide

 

Garakide 2020 euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakusketak ibilaldi bat proposatzen du Ziudadelan barna, itxuren azpian dagoen dardarari antzemateko, bai eta eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerbe protagonista dituen arte eszenikoetako ikuskizuna ere.  Otsailaren 4an abiatu zen zikloa eta otsailaren 20ra arte iraunen du; sei ikuskizun programatu dira eta hamar artista baino gehiagok aurkeztuko dituzte euren proiektu berriak.

Natura eta Dardara du izenburu Idoia Zabaletak astearterako, otsailaren 11rako prestatu duen ekintzak. 18:00etan izanen da hitzordua.  ‘Site-especific’ motako esku-hartze mekanismo bat da, Ziudadelako Mistoen eraikinetik abiatuz errealitatera ibilaldi-bisitaldi pausatu bat proposatzen duena, antzerkia, gorputza, pentsamendua eta zinema direla tresna. Pieza hau soinu-paseoa da: ikusleei errealitateari antzemateko halako pertzepzio-jolas bat proposatzen die, behaketatik eta entzungailuen bitartez aditzen dutenetik abiatuta.

70 minutu inguru iraunen duen ibilbideak zentzumenak zorroztera gonbidatzen du, itxuren azpian dagoen dardarari antzematera. Proposamen bat, Ziudadelako parkean paseoan ibiltzeko; gonbit bat, aditu, begiratu eta filosofatzeko. Ekintza honetarako lekuak mugatuak dira, horregatik aurrez izena eman behar da 010 edo 948 420 100 telefonoetara deituz.
Xedea da hausnartu eta kolokan jartzea zein lausoguneren bitartez birsortzen eta biderkatzen diren bisibilitatea nahiz irudikapena, eta kontsumitzen den informazioa eta esperientzia gaur egun.  Proiektu honen egileen arabera lausogune opakuak dira, trinkoak, haien atzean bizitza imajinatzea bera ukatzen dutenak. Ikuskizunak beste errealitate bat argitu nahi du, ikuslearengan hautemateko beste aukera batzuk esnarazi, beste modu batez begiratu, deszifratu eta ulertzera eramateko. Ibilbidean zehar geldialdiak eginen dira aurrez zehaztutako kanpoko naiz barneko zenbait gunetan. 


Mende honetako mamu eta itxaropen-seinaleei eskainitako irakurraldi poetiko-eszenikoa
Aste honetako bigarren proposamena poesia eta arte-eszenikoekin lotuta dago; biak batzen dira otsailaren 13an, ostegunarekin, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko areto gotikoan ikusi ahal izanen den Högeitavåt ikuskizunean.  Iñigo Astizen Analfabetoa liburuaren amaierako testutik abiatuta, Iñigo Astizek berak eta Mikel Ayerbek mende honetako mamu eta itxaropen-seinaleei eskainitako  irakurraldi poetiko-eszeniko bat landu dute:   Högeitavåt. Irakurraldian alde intimoa eta soziala uztartzen dira. Poesia da ikuskizun honen funtsa, baina egileek jantzi eszenikoz jantzi dute proposamena, antzerkia, hitza eta performancea uztartuz. Jarduera hau Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatu da.

Iñigo Astiz (Iruña, 1985). Baita hondakinak ere eta Analfabetoa poema-liburuak argitaratu ditu, baita Kixotenean kronika-bilduma eta haur eta gazteentzako Joemak eta Polasak poesia-lana ere. Berak euskaratuak dira Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk testuak eta Farmazia Beltza eta Efi Sandro Pennaren poemen laburbilduma.  Horiez gain, Alberto Barandiaran eta Miren Rubiorekin batera argitaratu du Ez duzu abusatuko, pederastia kasuak Euskal Herriko elizan ikerlana. H28 aldizkari satirikoaren sortzaileetariko bat izan zen eta kazetari lanean dihardu Berria egunkarian, kultura atalean. Rikardo Arregi kazetaritza saria ere irabazi du.  Ostegunean Kondestablen Mikel Ayerberekin batera aurkeztuko duen ikuskizunaz gain Hondakindegia, ikuskizun poetiko EZ musikatura proiektua ere abiatu zuen.

Mikel Ayerbe (Azpeitia, 1980), Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuko Lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Euskal Filologian lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun euskal literaturako eskolak ematen ditu Gasteizko Letren Fakultatean.  Gerra Zibilari eta gatazka soziopolitikoari buruzko Our war: short fiction on basque conflicts ipuinak argitaratu ditu, eta horiekin batera, Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat lana, Berria egunkariko literatur kritikak eta haur eta gazte literaturako hainbat lan.