Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitarioseko Zentroak 31 pertsona artatu ditu egunean batez beste, 2020. urtean

Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitarioseko Zentroak 31 pertsona artatu ditu egunean batez beste, 2020. urtean
Pandemiaren ondorioz, profil berriko pertsonak iritsi dira Iruñeko Udalaren baliabide horretara, hala nola osasun-krisiagatik enplegua galdu dutenak

 

 

Etxerik Gabekoak Artatzeko Iruñeko Udalaren Zentroak egokitu behar izan du 2020an COVID-19aren kutsadura ekiditeko neurrietara; hori horrela, jarduketa- zein garbiketa-protokolo bat abiatu du eta edukiera murriztu du erabiltzaileen arteko distantzia gordetze aldera. Batez beste, 31 erabiltzaile artatu dituzte egunean, baliabide hau inoiz erabili gabeak ere barne. Pertsona horiek zentrora jo behar izan dute osasun-krisiarengatik lanik gabe geratu ostean.

Iruñeko Udalaren baliabide honek bi programa ditu: ibiltariena, non 2020an 20 erabiltzaileri eman zitzaien zerbitzua egunero, eta erroldatuena, non batez beste egunean 12 pertsona artatu zituzten 2020. urtean. Pandemia iristearekin, eta erabiltzaileen arteko distantzia gordetze aldera, azken zerbitzu horretan plazak murriztu ziren, kontuan hartuta, betiere, Udalak berak Jesús y María aterpetxea jarria zuela halakorik behar zutenen eskura, non egunero 40 plaza eskuragarri gehitu zitezkeen. Pandemiak sortutako egoerak handitu egin du mota honetako baliabideen eskaria, bazterketa handiko pertsonen aldetik.  Gaur egun, Iruñeko Udalak 78 lagun aterpetzen ditu, horietako 42, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitarioseko Zentroan, eta 36, Jesús y María aterpetxean.

Konfinamenduan inor kalean gera ez zedin bermatzeko, are gehiago kontuan hartuta Iruñean zenbait egunetan egin zuen tenperatura baxua, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroak 198 egunean zehar luzatu zituen hotz-boladaren kontrako aparteko neurriak. Aldi hartan, eguneroko erabiltzaileak 42 izatera iritsi ziren. Aldi hartan haiekin egindako lana ohikotik haratagokoa izan da. Zentroko profesionalek jakinaren gainean eduki dituzte osasun arloko berritasunen gainean eta ikusarazi diete zer garrantzitsua den higiene-neurriak errespetatzea, kutsadura-kasurik ez egoteko. Kontzientziazio- eta akonpainamendu-zeregin horrek erabiltzaileen estresa eta antsietatea murriztea ere izan du helburu, pandemiaren funtsezko une jakin batzuetan.

Prebentzio-neurriak kutsadurarik ez dadin egon erabiltzaileen eta langileen artean

Pandemiaren hasieratik beretik jarri ziren martxan kutsadura-arriskua eta Zentroan birusa zabal zedin ekiditeko neurriak. Alde batetik, tenperatura hartzen hasi zitzaien erabiltzaile guztiei egunean pare bat aldiz-, (gosaldu bitartean eta afaldu baino lehen), bidenabar aprobetxaturik inork sintomarik ote zuen ikusteko. Logelatik kanpoan nahitaez erabili behar zen maskara, higiene-uneetan eta jaterakoan izan ezik. Hirugarren higiene-neurriak eskuak garbitzearekin du zerikusia, izan ere, eskuak garbitu behar zituzten hala Zentrora sartu eta hortik irtetean nola jantokira sartu eta hortik ateratzean. Otorduak txandaka egin dira eta mahaiak erabiltzaileen arteko distantziak gordetzeko moduan kokatuta.

Osasun-krisiaren hasieratik beretik, Etxerik Gabekoak Artatzeko Zentroan areagotu egin dira denon guneak garbitzeko lanak, halako moduz non horrela bermatu baita oso maiz ukitzen diren eremuak –heldulekuak, etengailuak, eskudelak, erakusleihoak edo komunak– egunean aldi batzuetan garbitzea eta birusa ez hedatzea. Desinfekzio-lanetan, ozono-makina bat gehitu dute, birusa erauzten dela bermatzeko. Halaber, otordu bakoitzaren ostean, jantokiko mahaiak eta aulkiak desinfektatzen dituzte disoluzio kloratu batez.

Eremu bat gerta litezkeen isolamendu-beharretarako

Horrez gain, isolamenduko gune bat prestatu zuten –hiru logela bikoitz, areto nagusia eta bainua–, behin-behinekoz, positibo emandako edo kontaktu estuetako kasuetan erabiltzeko, Plaza hotelera edo Printzearen Gotorlekua Gazte Egoitzara bideratu baino lehen. Isolamenduan zeudenak artatzeko uneetan kontaktua gutxienera murrizten zen. Kameraz hornitutako sistema bat erabiltzen zen komunikatzeko, eta elikagaiak isolamendu-eremuaren sarrerako mahai batean uzten ziren, erabili eta botatzeko plater, edalontzi eta mahai-tresnekin batera. Isolaturik dagoenaren eremura sartu behar denean, babes pertsonaleko ekipamendu osoak erabiltzen dira, eta gero ozono-makinaz desinfektatzen dituzte.

Neurri guztiak aldiro, aldaketak edo berritasunak gertatu ahala, eguneratzen den agiri batean jasota daude. Agiri horretan langileak ere aipatzen dira, eta horiek FFP2 motako maskarak erabili behar dituzte. Tenperatura ere hartu behar diete beren buruei laneko txanda hastearekin batera eta bere lantokia desinfektatu behar dute lanaldia hasi eta amaitzerakoan. Zentroak, halaber, CO2-ren neurgailu bat dauka, aireztapena egokia dela egiaztatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?