Ekainaren 17an bukatuko da Iruñeko irabazi asmorik gabeko entitateek diru-laguntzak eskatzeko epea, irabazi asmorik gabeko entitateendako deialdian, 2019an gazteei zuzendutako proiektuak edo jarduerak egiteko. Laguntzek honakohelburu hauek dituzte: hiriko gazteen bizi-baldintzak eta -kalitatea hobetzea eta, antolatzeko gaitasuna zein autonomia indartuz, gizarte-bizitzan duten parte-hartzea finkatzea. Gazteei zuzendutako edo gazteek antolatutako jarduerak edo proiektuak lagun daitezke diruz, gaztetzat 14 eta 30 urte bitartekoak hartuko direlarik
Lehiaketaren oinarriak 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren osorik, 2019ko maiatzaren 16an. Eskaerak telematikoki bakarrik aurkeztu behar dira Udalaren webgunean (www.iruna.eus edo www.pamplona.es), Egoitza Elektronikoko “Diru-laguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat” izapidearen bidez. Argibide gehiago eskura daiteke Iruñeko Udaleko Gazteria Unitatean, 948420532 telefonoan.
Deialdian bi modalitate daude. A modalitatea, helburu bereko jarduerez edo ekintzez osatutako proiektuetarako; eta B, noizean behingo jarduera edo jarduera-sortetarako, 2.000 euro gainditu gabe. Entitate bakoitzak bi modalitateetan eskatu ahalko du diru-laguntza, baina eskaera bakarra aurkeztu modalitate bakoitzeko. Deialdiak 51.000 euroko zuzkidura dauka, honela banatuta: 36.000 euro A modalitaterako, eta 15.000 euro B modalitaterako. Ezarritakoarekin bat, entitate bakoitzari, gehienez, 8.000 euro –guztizko aurrekontuaren % 90ari dagokiona– eman ahalko zaizkio A modalitatean; eta 2.000 euro –aurrekontuaren % 100 estaliz–, B modalitatean.
Aisia-jarduerak, arautu gabeko irakaskuntza, boluntariotza, bizitza osasuntsua, kulturartekotasuna...
Proiektuen helburuak honako hauek izango dira: arautu gabeko irakaskuntza bultzatzea, jardueren bidez, 20 ordu gainditu gabe; aisialdiko eta jolaserako jarduerak bultzatzea; hausnarketa eta sentsibilizazio-jarrerak sortzea, hainbat balio kontuan hartuta, hala nola elkartasuna, adiskidetasuna eta konpromisoa; eta gazteen mugikortasuna hobetzeko esperientziak sustatzea, gehienez ere Iruñetik 150 kilometroko itzulinguruan. Halaber, deialdian honako helburu hauek ere lortu nahi dira: gazte-boluntariotza bultzatzea; elkartegintza; gazteen parte-hartzea; elkarbizitza; hausnarketa; gizon eta emakume gazteen arteko parekotasuna eta begirunea; ohitura osasungarriak eskuratzea; jarduera zientifiko eta berritzaileak; kulturartekotasuna eta elkarbizitza; komunitate-garapena; eta arautu gabeko jarduera fisikoa.
Gehienez 125 puntu lortu ahalko dira, honela emanda: proiektuaren edo jardueren kalitateari, 25 puntu, gehienez; 14 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta egoteari, 20 puntu, gehienez; eta, era berean, gazteen aktibazioa sustatzeari, 20 puntu, gehienez. Hurrengo kontzeptuei hamarna puntu emango zaizkie: gizonen eta emakumeen arteko parekotasunaren alde egitea; komunitate-garapenean eta entitateen arteko sare-lanean eragitea; aisialdirako aukera ezberdinak sortzea; zailtasun handienak dituzten gazteak aintzat hartzea; ingurumen-jasangarritasunaren alde egitea; eta hausnarketa eta sentsibilizazio-jarrerak sortzea. Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, A modalitatean gutxienez 60 puntu lortu beharko dira, eta B modalitatean, gutxienez 40.
Iaz Iruñeko 13 entitate izan ziren diru-laguntzen onuradun
Elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek diru-laguntza eskatu ahal dute, legearekin bat eratuta badaude eta izena dagokien erregistroan emanda edukiz gero. Gainera, Iruñean eduki beharko dute zerga-egoitza; ez dute egon behar irabazi-asmoa duten entitateen menpe; diruz lagundutako jarduerak nagusiki Iruñean egin beharko dituzte; diru-laguntza zein proiektu eskatu eta horretarako, ez dute edukiko Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmenik edo kontraturik sinaturik, eta ez dute jasoko alor honen edo Iruñeko Udalaren beste edozein alorren diru-laguntzarik; eta proposatutako helburuak betetzeko behar bezalako egitura eduki behar dute jada jardunean. Azkenik, jarduera guztiek erantzun zibileko asegurua izan beharko dute.
Iazko deialdian 13 entitatek jaso zuten diru-laguntza, honako hauek: Garaiz gazte-elkartea (5.221,12 euro), Bakearen Andre Maria (5.221,12 euro), Albatros kluba (5.221,12 euro), I Becchi gazte-elkartea (5.221,12 euro), V. Tropa Eskaut taldea gazte-elkartea (5.221,12 euro), Baracea Eskaut taldea gazte-elkartea (5.221,12 euro), Telebistaren Aurkako Aisialdi-kluba (5.128,95 euro), Nafarroako Eskaut Katolikoen taldea (4.908,50 euro), Mikael Eskaut taldea gazte-elkartea (4.666,47 euro), Dendari Izar Eskaut taldea gazte-elkartea (4.195,12 euro), Nafarroako Eskaut Katolikoen Elkarteen Federazioa (376,69 euro), Mugarik gabeko Musika gazte-elkartea (370 euro) eta Gazteak Kristoren aldeko elkartea (27,51 euro).