Denbora, teknologia zein grabaketa eta irudiaren ondoko proiekzio atzeratua, horra Josu Rekalderen proposamena arte-hausnarketarako, Non ote dago oraina? erakusketan

Denbora, teknologia zein grabaketa eta irudiaren ondoko proiekzio atzeratua, horra Josu Rekalderen proposamena arte-hausnarketarako, Non ote dago oraina? erakusketan
Instalazioa, Ziudadelako Laberako berariaz sortua, asteazkenetik irailaren 8a arte izango da ikusgai

Non ote dago oraina? du izenburua Ziudadelako Labean asteazkenean estreinatuko den instalazioak. Josu Rekalde artistak ikusleei denborari buruzko hausnarketa proposatzen die, teknologia erabiliz, erakusketako ikusleen grabaketa eta ondorengo erreprodukzio atzeratua egiteko metodo xume batez. Proiektua, irailaren 8a arte ikusgai, Laberako berariaz pentsatu da, gune zilindrikoan erakusteko.

Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta artistak berak, Josu Rekaldek, goizean aurkeztu dute arratsaldean bertan inauguratuko den instalazioa. Eskultura-orbita batek bezala funtzionatzen duten bost osagai ditu, aretoko zoru borobilaren gaineko instalazioak. Erdiko pieza nagusiak tokiaren gune- eta soinu-ezaugarriak ditu oinarri, egungo programazio informatikoak ematen dituen aukera teknologikoak erantsita. Zehazki, denborari buruz hausnartu nahi du, denbora-haustura sortu: segundo batzuetako aldeak eragindakoa, Labean egiten den bideo-grabaziotik irudia proiektatu arte eta, hortaz, ikusleak hori ikusi arte. 

Instalazioa biratzen den plataforma bat da; bertan, azpiegituraren bi alboetan, bata bestearen atzean (atzea emanda), bideokamera bat eta proiektagailu bat jarri dira. Ziudadelako Labeko horman proiektatzen denak 60 segundoko atzerapena du, kamerak aurrez erregistratutakoaren aldean. Gutxi gorabehera, 60 segundo horiek Labeko gune-borobilean bira baten baliokide dira. Horrela, orainaren eta berriki iragan denaren gaineko pertzepzio bitxia sortzen da, izan ere, gertatutakoaren erregistroa gertatu den lekuan bertan proiektatzen baita.

Erdiko itsasargia laguntzen duten beste lau piezek konstelazio eskultorikoa eta bideografikoa osatzen dute; hor instalazio bat nabarmentzen da, Maraten bainuontzian. Egurrezko pieza da; bainuontzi-itsasontzi bat irudikatzen du, baita ere, margolari frantziarraren koadroan ateratzen dena gogorarazten duen paralelepipedo bat. Beste hiru piezek objektu ezegonkorren sorta bat osatzen dute, eta beste pieza baterako lotura dira, Esku bakarreko hatzekin zenbatzen piezarako; horrek etengabe eraikitzen ari den historiaren gaitasuna irudikatzen du, egilearen beraren eskuen irudiak, figurak eta zalantzazko inguruneak erabilita, esku-argi batez bainaturik.

Ibilbide artistikoa
Josu Rekaldek (Amorebieta, 1959) arte-sorkuntza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle katedratikoaren zeregina uztartzen ditu. Bere lan-esparrua diziplina anitzekoa da, bere alderdi ezagunena bideoari, soinuari eta teknologia berriei lotutakoa bada ere; eta lantzen dituen gaiak intimismotik gizarte-harremanera doaz, Niregandik Bestearengana, metalinguistikotik narratibora. Euskal unibertsitatean bertan IKERSOINU ikerketako taldekoa da; soinuaren eta ekintzaren arteko harremana ikertzen dute, eta soinuaz bezainbatean dauden praktika artistikoen inguruan eta soinuzko ekintzak duen ekintza-ahalmenaren inguruan hausnartzen dute.

Rekaldek leku askotan erakutsi eta hedatu du bere lana, besteak beste: The World Wide Vídeo Festival, La Haya, Holanda (1993); Karlsruhe-ko ZKM- jaialdia, Alemania (1993); ICA. Spanish vídeo visions, Londres (1994); De rand van Europa, Videonale, Bonn (1994); Bilboko Arte Ederretako Museoa (1995); Gironako Museoa (1997); Tolouseko Espace des Arts (1998); Aix-en-Provence (1999); Sheffield-eko Mappin Gallery (1998); Saarbrucken film festival (1999); Espace d´Art Contemporani de Castelló (2000); LLeidako La Panera zentroa (2004); Romako Göete Institute (2004); Videokuns aus Spanien, Kornhaus Forun. Berna. Suiza (2005); Madrilgo Espacio Menosuno -(2006); Moskuko Na Solyanke galeria, Jokes and Nightmares, Spanish video art from Dalí to the present day erakusketaren barruan (2011); Puertas de Castilla zentroa, Miradas al Videoarte (2012); ARTISTS AS CATALYSTS, Ars Electrónica, Bilboko La Alhondiga zentroa (2013); Festival Proyector, Madril (2016); Durangoko Arte eta Historia Museoa (2018); MediaLab, Madril (2018).

Bere Anthropozulo lanak sari bat jaso zuen, ZKM jaialdian nazioarteko bideo-sorkuntza onenetako bat izateagatik, Karlsruhen (Alemania) (1993). Horren lan batzuk, gainera, honako toki hauetan dauzkate: Lleidako La Panera zentroa, Tolouse Espace des Arts eta Arteleku (Gipuzkoako Aldundia). Era berean, aipatzekoa da zuzendari artistiko gisa egin duen lana, Kaiser von Atlantis operan (2010) eta Apocalipsisen (2017).

¿Te ha sido útil esta página?