Uztailaren 11n, asteartearekin, ospatuko da Jotaren Eguna. Iruñeak, berriz ere, egun bat eskainiko dio musika-genero tradizionalenetako bati eta sanferminekin lotura gehien duenari. Iaz ezarri zen Jotaren Eguna eta bigarren urtez jarraian aitortuko du adierazpen kultural eta artistiko horren balioa, duela egun batzuk Espainiako Ministroen Kontseiluak Kultur Ondare Inmaterialaren Adierazpen Esanguratsu izendatu zuena.
Egun hauetan hiriko erdigunean barna entzun diren jota-errondek asteartean hitzordu bikoitza izanen dute. 11:00etan, Nafarroako Jota Eskolako hainbat jota-kantari Chapitela kaletik abiatuko dira eta hiriko Alde Zaharra musikaz blaituko dute. Arratsaldez, 18:30ean, Navarjota elkartea, jotaren eta jota nafarraren aldeko elkarterik aktiboenetako bat, Udaletxe plazan hasiko da kantatzen. Uztailaren 13an, 13:00etan, beste jota-erronda bat eginen da, Karlos III.aren etorbidetik abiatuko diren hainbat talderen eskutik. Proposamen egonkor horren barruan, Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartearen (AMUDISNA) eskutik emanaldi berezi bat egonen da 19:00etatik 20:00etara. Emanaldia ekitaldi artistikoa izateaz gain dibertsitate funtzionala duten emakumeen egoera ikusarazteko eta haren inguruan sentsibilizatzeko espazioa ere bada.
Asteartean ere ez da faltako ‘Jota-soinuak’ zikloko kontzertua, eguerdiro, Sarasate pasealekuan, jota nafarra genero tradizionalaren bilakaera erakusten duena. Egun berezi horretan Alegría Ribera taldea igoko da taula gainera. Festen azken txanpan, Jus La Rocha eta Yoar errondailak ere arituko dira uztailaren 12an, asteazkenarekin; Tuterako Raimundo Lanas Jota-eskola 13an eta, Aires Navarros taldea uztailaren 14an.
Kultur Ondare Inmaterialaren Adierazpen Erakusgarria
Uztailaren 4an Ministroen Kontseiluak jota Kultur Ondare Inmaterialaren Adierazpen Esanguratsu izendatu zuen. Herrialdeko musika-genero tradizional hedatuen, anitzen, dinamizatuen eta berrinterpretatuena baita. Kultura eta Kiroleko Ministerioak koordinatu duen adierazpenean Autonomia-erkidego guztiek parte hartu dute, Nafarroa barne.
Jota, gaur arte garatu den musika-, kantu- eta dantza-genero oso herrikoia da. Oinarrian patroi orokorra du baina dituen berezitasun eta espezifikotasunak direla eta komunitate eramaileek etengabe eta dinamikoki birsortu eta berrinterpretatzen duten adierazpen anitza da. Jotak genero tradizional gisa dituen kultura-balioen artean, nabarmentzekoak dira, norbanakoek zein komunitateek barneratzen dutela eta eta Espainia ia osoko herri-adierazpenen parte dela, gizarte-kohesiorako eta nortasun-ezaugarriak identifikatzeko elementu indartsu bihurtuta.
2018ko abenduan dagoeneko, Iruñeko Udalak jota Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasun Inmaterial izateko adierazpen instituzional bat onetsi zuen “haren berezitasunagatik eta gure folklore aberatsaren adierazpenik garbienetako bat izateagatik”. Adierazpen instituzional hori jota nafarraren ondarea defendatu eta aitortzeko ildoari jarraitzen zion.