Sanduzelaiko patinodromoaren ingurunea berrurbanizatzean plaza zabal handi bat sortuko da, eta, auzo-kolektiboen ekarpenei esker, bertan kokatuko dira hiriko lehen parkour-eremua, haurrendako bi jolasgune, kirol anitzetako eremu bat eta atari zabaleko gimnasio bat. Urbanizazio berriak, aurreikusitakoaren arabera, 10.300 m2-ko azalera izango du (5.600, zoladuraz, eta 4.700, berdegunez); Salva Doktorearen kalea eta Arga ibaiaren parkea lotuko ditu, egungo mailakatzeak leunki zein era osatuan saihestuz eta berdeguneak, parterreak, lorategiak eta igarotzeko zein egoteko lekuak ere barne hartuz. Proiektua Erdigune komunitate-partaidetzako prozesuaren emaitza da, eta elkarte-ehunarekin eta auzokideekin elkarlanean garatu da.
Goizean, Joxe Abaurrea Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariak eta Amaia Anaut Hirigintza Gerentziako Hirigintza Kudeaketako zuzendariak aurkeztu dute proiektua, otsail honetan behin betiko idazketa izango duena, horrela, martxoaren amaieran lanak lizitatu ahal izateko. Berrurbanizatzean –atzo Erdigune Proiektuaren Mahaian dauden kolektiboen aurrean aurkeztu zen gauzatze-proiektua–, barne hartzen dira bai plaza berria eta horren diseinuko osagaiak, bai Gridillas direlako etxeen eraisketa eta planeamenduak aurreikusitako erabileretarako lursailen egokitzapena. Lursaila bizitegi-erabilerakoa da, eta, hortaz, aurreikusten dira apartamentu babestuak edo alokatzeko Babes Ofizialeko Etxebizitzak. Eremua berrurbanizatzeko lan zehatzen hasiera abuztuaren amaierarako edo irailaren hasierarako aurreikusi da, eta 8 hilabeteko gauzatze-epea; hortaz, 2020ko bigarren seihilekorako burututa egon litezke.
Proiektuaren kosteak 1,5 milioi euro jotzen du, eta urte askoko finantzaketa jasoko du, lanen garapenak bi aurrekontu-ekitaldi hartuko baititu. 2019ko lanak aurtengo finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioez finantzatzea aurreikusita dago; bigarren fasea, aldiz, 2020ko aurrekontuei lotuko litzaieke. Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza CIMA Ingenieros eta Sergio Murillo Saldíasen esku dago, kontratua esleitu baitzitzaien, 56.000 euroan. Proiektuak barne hartzen duen eremuan badaude udal-biltegiak diren eraikinak, kirolgune eta patinodromo gisa erabiltzen den atari zabaleko gune publikoa eta txalet txiki bat, auzo-elkartearen gune osagarria izandakoa eta parkeko berdegunean txertatuko dena.
Haur, gazte zein adinekoendako eremuak eta osagaiak
Abenduan, Sanduzelaiko auzo-eztabaidagunean, proiektuaren zirriborroa aurkeztu zen, eta aurkezpen horretan auzokoek egindako eskaerei esker, berritasun nagusi hauek txertatu dira: gazteendako parkour-eremu bat, kirol anitzetako bat eta atari zabaleko gimnasio bat. Instalazio horiek guztiak ibai-parkearen ondoan kokatuko dira, oinezkoendako eremua den aldean, Sanduzelai kaleko ibairanzko luzapen naturalean. Parkour-eremuak 180 – 200 m2 edukiko ditu, eta hormigoizko eta altzairuzko geometriak, birziklatutako kautxuzko zoru malguaren gainean kokatuta. Auzoan gazteendako guneen beharrak hartaraturik, Iruñean aitzindaria den instalazio horren alde egin da, Gasteizen edo Bartzelonan halakoek izan duten arrakasta ikusita. Atari zabaleko gimnasioak mugikortasun-gailuak eta osagai bio-osasungarriak edukiko ditu, batez ere, adinekoei zuzenduta.
Proiektuak haurrendako bi jolasgune sortzea ere hartzen du barne. Handienak gutxi gorabehera egungo kokapen bera edukiko luke, eta 300 m2. Salva Doktorearen kalean mugakidea den eremu horren ondoan, kirol anitzetako gune bat jarriko da, erabilera askotarikoa, besteak beste saskibaloian, areto-futbolean eta boleibolean aritzeko osagaiez. Haurrendako bigarren, azalera txikiagokoa (100 m2 inguru), Sanduzelai eta Santa Bizenta Maria kaleetako elkargunetik hurbilago dagoen eremuan egongo litzateke. Haurrendako bi eremuek jostailu dinamikoak eta igotzeko, kunlunkatzeko edo biratzeko soka-osagaiak edukiko lituzkete.
5.600 m2-ko plaza handia hiru koloretako hormigoizko lauzez estaliko da, erritmo eta graduazio ezberdinez gune dinamikoago bat sortzeko. Parterreak eta lorategiak 2,4 x 10 metrokoak izango dira, zuhaitzez, zuhaixkez eta tapiz-landareez. Landare-irlak sortuko dira plaza berrira eta parkera Labayen Doktorearen eta Santa Bizenta Maria kaleetatik edo ibai-pasealekutik bertatik joaten direnen arreta eskatzeko. Zuhaitz handienak eta parkearen ondoko txalet txikia ere mantenduko dira, eta horren inguruan egonleku zabala sortuko da. Plaza honek etorkizunean egingo den –eta laster aurreproiektua eskatuta izango duen– eremu estalirako beharrezko zerbitzuak ere edukiko ditu. Azkenik, eremu publiko handi honen Nafarroako etorbidearekiko lotura bermatzen da, Salva Doktorearen kaletik edo plazatik bertatik, hiri-gune ezberdinak lotze aldera mailadiez eta arrapala irisgarriez eraikitako multzo baten bidez.
Hiru urte Erdigune partaidetza-prozesuan
Proiektua Erdigune komunitate-partaidetzako prozesuaren ondorioa da, eta auzokideekin, elkarte-ehunarekin, Iruñeko Udalarekin zein NUPeko ikertalde batekin elkarlanean garatu da Sanduzelain, orain dela ia hiru urte hasita. Bertan gizarte- zein hirigintzako-proposamenak eta ekimenak bilduz joan dira, horiek auzoko alde zaurgarrien eta zaharrenean gauzatze aldera, betiere hiria zaharberritzeko jarduketa integralen esparru baten barruan.
Erdigunek aztergai izan duen eremuak alde hauek hartzen ditu barne: Labayen, Juaristi, Simonena, Nicasio Landa, eta Lucea Doktoreen kaleak, Sanduzelai kalea eta Sanduzelaiko etorbideko hegoaldea, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran eraikitakoa.
Patinodromoaren ingurunea berrurbanizatzean zonaldea biziberritu nahi da, balio handiagoa emateko, auzoa berpizteko, erabilera publikoko eremu berri hobetuaz hornitzeko eta hala sortuko den plaza berria nola Gridillas etxeen eraisketaren ondorengo lursail berria lotzeko Salva Doktorearen eta Santa Bizenta Maria kaleekin zein ibai-parkearekin.
Proiektuak Erdigune prozesuaren behin betiko txostenaren ondorioei ematen die erantzuna, erabili gabeko patinodromoa oinezkoendako eremu handi batek ordeztu beharra bertan jaso baitzen; hark belaunaldiartekoa, adingabeendako lehentasunekoa, urte osoan erabilgarria eta ibai-parkean barna hiriko erdialdearekiko lotura izan behar zuen, Sanduzelairekiko erakargunea sortuz.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Auzokoei esker eta patinodromoaren ingurunea eraldatu ostean, Sanduzelaik haurrendako bi jolasgune, kirol anitzetako eremu bat eta hiriko lehen parkour-eremua edukiko ditu