Antzinako musika-kontserbatorioko behearen zati bat Emakumeen Etxea izan dadin egokitzeko lanak apirilean hasiko dira

Antzinako musika-kontserbatorioko behearen zati bat Emakumeen Etxea izan dadin egokitzeko lanak apirilean hasiko dira
Lehendakaritza Batzordeak 300 m2 baino gehiagoko gunea bisitatu du, eta barnea eraldatzeko esku-hartzearen aurrekontua 142.299 euro da

Emakumeen Etxea antzinako Pablo Sarasate Kontserbatorioko mendebaldeko hegalean kokatuko da, Agoitz kaleko 9. zenbakian. Goizean Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak hirirako zuzkidura berri horretako zerbitzuak hartuko dituen 300 m2 baino gehiagoko gunea bisitatu du. Gunea behar berrietara egokitzeko lanak apirilean has litezke, behin, urtarrilean, Udaleko Osoko Bilkurak 2019ko aurrekontu luzatuari haiek gauzatzeko egindako aldaketa onetsita. 

Kontserbatorioa izandakoaren barnealdea eraldatzeko lanek, gunea Emakumeen Etxea bihurtze aldera, 142.299,16 euroko aurrekontu-partida dute. Proiektuak egungo banaketa mantentzen du, berriki British Schoolek behin-behinean erabilia; 33 eta 44 metro koadro bitarteko bost ikasgela, atseden-eremua eta, pasillo baten alboetan, komunak ditu, baita harrera-aretoa ere, argibide-gune gisa –publikoari zabalik, eraikineko sarrera nagusian, Agoitz kalean–. 

Goizean azaldu den proiektuak irisgarritasun- eta sute-baldintzak hobetzeko beharrezko jarduketak zehaztu ditu, baita Emakumeen Etxeak aurreikusiaren arabera eskainiko dituen zerbitzuak hartzeko barne-akaberak berritzea ere. Abenduaren 31n Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen haren lizitazioa; Kontratazio Atarian noiz argitaratu eta orduan hasiko da lanak esleitzeko prozesua.

Barruko eta kanpoko egokitzapena
Gunea egokitzeak eraikinaren kanpoaldean arrapala irisgarri bat jartzea hartzen du barne, Agoitz kalean dagoen sarrera nagusian, baita beste eskailera bat ere, barruan sartzerakoan dagoen 70 cm-ko aldea gainditzeko. Era berean, sartzeko dauden barruko eskaileretako jasogailua berrituko da, eta lursailak kalean duen lorategia zedarritzen duen egungo hesia kenduko da. 

Behin barruan, komunak goitik behera eraberrituko dira, emakumeendako bat eta irisgarri bat eginez, hornidura-, saneamendu- eta elektrizitate-instalazio berriez. Komunen ondoko atartea kendu, eta arotzeria, oholtza eta ateak berrituko dira. Ikasgeletako oholtza guztiak lixatzea edo bernizatzea, pasilloko eta sarrerako terrazozko zorua txartatzea, hormak eta sabaiak birmargotzea, zurezko arotzeria guztiak lakatzea, berogailuak birmargotzea, eraikineko sarreran zubi termikoaren haustura duen aluminiozko arotzeria birmoldatzea eta pasilloan arotzeria kristaldun berria egitea; horra aurreikusitako lanak. 
Proiektuak antzinako kontserbatorioa egokitzeko bigarren fasea delakoa hartzen du barne; izan ere, eraikinak duen ekitaldi-aretoan, beheko gainontzeko guneetan eta soto osoan esku-hartzea 850.000 euroan zenbatetsi du. Hemen, eraikina oro har aztertu behar dela uste da, eslei lekiokeen erabilera berriari begira.

Emakumeen Etxea
Iruñean, Emakumeen Etxea parekotasunaren aldeko programa eta ekimenak sustatu eta garatzeko topagunea izango da, baita emakumeen ahalduntzea bultzatzeko tokia ere. Parekotasunaren zein feminismoaren alde Iruñean ibilbide luzea duen lanaren aintzatespen-testuinguruan jaiota, proiektuak ikurra ere baden gunea eskaini nahi die emakumeei -bai banan-banan, bai elkarte eta kolektibo feministei-, bertan lan-sareak sendotzeko zein elkarrekiko dinamikak sortzeko bide emanez. Etxea emakume guztiei –horien aniztasunean– irekita egongo da, direla emakume-elkarteetako eta kolektibo feministetako parte-hartzaileak, direla prozesuan edo jarduera eta proposamenetan parte hartu nahi dutenak.

Emakumeen Etxea sortzea Iruñeko III. Berdintasun Planean (2016-2022) jasotako jarduketa ere bada, Partaidetza eta Eragin politikoko ildo estrategikoaren helburuen barruan. Horretarako, iazko martxoan, Iruñeko Udalak Emakumeen Etxea diseinatzeko eta abiatzeko prozesu partizipatiboa hasi zuen, eta ekainean burutu. Prozesuan parte hartu zuten emakumeek Eraikuntza Kolektiboko Taldea sortu zuten, eta, emakume guztiei irekitako 6 saiotan eta profesionalen laguntzaz, proiektua zehazteko eta diseinatzeko lanean aritu ziren. Era berean, Erabaki Pamplonan, parte hartzeko udal-plataforman, ekarpenak jaso ziren.
Prozesu partizipatiboa amaituta, agiri bat osatu zen honako alderdi hauek jasoz: helburuen inguruko proposamenak, jarduketak, Iruñean Emakumeen Etxearen kokapena behin betiko hautatze aldera landu den kudeaketa- eta finantzaketa-eredua, eraldatze-proiektuaren idazlana, lan-aurrekontuaren garapena eta 2019. urte honetan egingo diren lanen jarduketak.