Iruñeko Udalak amaitu du 2006an hasitako Arrosadia-Lezkairu auzo berriko hirigintza-garapena 1.766.294 m2-ko espazioan eta 194 miloi euroko inbertsioa eduki duena, hasiera batean aurreikusitakoa (227 milioi) baino 32 milioi gutxiago.
Gasturik handienak izan dira lanen kostua, 118 milioi, eta esparruan zeuden jarduera ekonomikoendako kalte-ordainak, 57 milioi euro. Datu guztiak gaur prentsaurrekoan eskaini dituzte Juan José Echeverria Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak eta Ana García Hirigintza Gerentziako Gerenteak, horiek Hirigintza Gerentziako Kontseiluan aurkeztu ondoren.
4 parke handi eta bi plaza, guztira 300.000 m2
Hala, Iruñeak hiriko hegoaldeko fisonomia guztiz eraldatu du. Jarduera ekonomiko txikiren bat zuten lurzatietan eta hutsik zeuden orubeetan auzo berri bat gauzatu da, dentsitate ertaineko bizitegi-erabilerakoa, bi gune desberdinekin, Arrosadia eta Lezkairu.
II. Zabalgunekoaren antzeko bilbea du, eta ekipamenduak, establezimenduak, bulegoak, espazio libreak eta aisialdirako berdegune zabalak ditu, hala nola Ilargi-Enea, Iruñeko Orfeoia, Alfredo Landa eta Emakume Aintzindarien parkeak eta Pilotalekuko eta Maravillas Lamberto plazak. Guztira 300.000 m2 Aldi berean, garapenak hiriko bide-loturak hobetu ditu, ipar-hego norabidean lotura bat sortuz, II.Zabalgunearen, Mutiloaren eta Mendebaldeko ingurabidearen artean, eta mendebalde-ekialde norabidean, Milagrosarantz, Nafarroako Unibertsitate Publikorantz eta Mendillorrirantz.
6.000 pertsona baino gehiago Lezkairun erroldatuta daude
Inbertsioa lursailen jabeek ordaindutako urbanizazio kuotek ordaindu dute, eta bertan 8.000 etxebizitza baino gehiago egin dira, horietatik % 25 etxebizitza babestuak, betiere garapena bultzatu duen 2002ko Udal Planarekin bat eta Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan premiazko neurriak hartzeko Foru Legearen ondorioz 2010ean onetsitako gehikuntzarekin bat.
Iruñeko erroldaren azken datuen arabera, zeinak Lezkairu hiriko beste auzo bat gehiago gisara banatu baitu (hasiera batean Zabalgunean sartzen zen), gaur egun 6.021 pertsona daude erroldatuta, eta 2006, aldiz, 363. 6.021 horietatik, 3.154 emakumeak dira, eta 2.867, gizonak. Adinen arabera, nabarmentzen dira 36 urte (211) eta 38 urte dituztenak (202), eta baita 2 (186) eta 4 urtekoak (168) ere.
Arrosadiari dagozkion datuak Milagrosaren barruan txertaturik daude, eta garapenaren hasieran 14.800 bizilagun izatetik orain 17.822 izatera pasa da.
Arantzadiko parke berriak eta hiltegi zaharreko orubea, Arrosadia-Lezkairuri esker
Halaber, garapenari esker, hirigintza-proiektuak abian jarri dira hiriko beste eremuetan, non Udalak erabilera publikoko lurzoruak lortu baititu lurzati horien jabeek Arrosadia-Lezkairun eraikitzeko eskubideak jasotzearen truke.
Horrela, egin ahal izan dira Arantzadiko inguruneko parkea, Trinitariosekoa, Hego Txantrean egun egiten ari direnaren parte handi bat eta hiltegi zaharreko orubekoa. Halaber, Zaragozako etorbideko gasolindegia lekuz aldatu da eta Sanduzelaiko igerilekuetarako orubea lortu.
Hirigintza Gerentzian gaur azaldutako espedientea I/SI, IV/SI, XVI/SI, XIX/SI sektorearen birpartzelazio proiektuaren behin betiko likidazio kontuaren eta ARS-3 banaketa eremuari loturiko Sistema Orokorraren hasierako onespena da. Une hauetan likidazio kontua ia amaiturik dago, eta bakarrik ordaintzeke daude lurzoruaren jabe batzuen urbanizazio-kuotak, ia 4 milioi euro.
15 urteko obrak, 11 fasetan antolatuak
Ia 15 urte horietako hirigintza-garapena 11 fasetan banatu da. Joan Paulo II.aren etorbidearekin hasi zen, eta baita Adela Bazo kalearen parte batekin ere, Iruñeko hego-ekialdean zirkulazioa deskongestionatzeko asmoz, eta aldi berean eremuan oinezkoendako sarbide erosoagoak jarri zituzten. Bigarren faseak Arrosadiko lanen hasiera izan zuen ardatz, bide berri gehienak eginez, eta hirugarren fasean, aldiz, Lezkairuko bideak egin ziren.
Hurrengo faseak parkeak eta plazak egitea eduki zituen ardatz, Ilargi-Enea parkearekin hasiz, zeina Blas de la Serna kaleak, Sebastián Alberok, Hegoalde ikastolak eta Fernando Remacha kaleak mugatzen baitute. Obren kostuak 1,7 milioi euro jo zuen. Beste parke bat, laku bat daukan Iruñeko Orfeoiarena, ondoren egin zen, Arrosadian baita ere, 37.000 m2- baino gehiagoko lurzatian. Hurrengo proiektuek Lezkairuko plazak eta parkeak sortu zituzten: Pilotalekuaren plaza deitutakoa; 36.000 m2-ko Alfredo Landa parke nagusia, luzeran 800 metro dituena 2,1 milioi euroko inbertsioarekin; Emakume Aitzindarien iparraldeko parkea, luzera-ibilbide batek eta zuhaitzez betetako plazek tartekatzen duten espazio berezia, 3,3 milioi euroko kostua izan zuena, eta Maravillas Lamberto plaza nagusia.
Bederatzigarren fasean, garapen berria baino lehen Lezkairuko Zalduko etxeen ondoan dagoen mendi-hegalaren egokitzapena egin zen. Hamargarrenean, Zaragozako etorbidean eta inguruetan zegoen gasolindegi zaharraren orubea urbanizatu zen. Amaitzeko, euri-uren beste kolektore bat egiteko lanak abian dira, Arrosadiako lehen eraikinen eta NUPen ondoan zeudenak nahikoak ez zirela egiaztatu baita, sakontasun txikikoak egin baitzituzten.
Behin-behineko likidazio-kuotaren datu guztiak
Behin-behineko likidazio-kuotak 227.060.541 euroko gastua aurreikusten zuen eta azkenean 194.633.363 milioi euro izan dira, 32.427.178 euro gutxiago. Kontzeptuen arabera, urbanizazio-lanen aurrekontua 151.385.855 euro izan zen eta 118.527.234 eurotara iritsi dira, 32.858.620 euro gutxiago. Jarduera ekonomikoen –La Protectora SA-ren, Pamplonica SL-ren edo Vacuno de Navarra SL-ren– kalte-ordainetarako 56.311.693 euro aurreikusita zeuden eta guztira 57.655.328 euro izan dira, 1.343.635 euroko aldearekin. Hirugarren kontzepturik garrantzitsuena lanen zuzendaritzarako ordainsariak izan dira, 2.437.412 euro (4.280.000 euro aurreikusita zeuden, 1.842.537 euro gutxiago).
Behin betiko likidazio-kontua honako hauek osatzen dute: 3.729.103 euro, kudeaketa ekonomikoa; kopuru berdina, hirigintza kudeaketa; 2.394.305 euro, Mutiloako Lezkairuko etorbidean eraiki den azpiestazio elektriko berria; 1.798.591 euro, Arrosadiko Dorreetatik Sadar errekaraino doan kolektore berriaren kostua; 1.482.706 euro, plan partzialaren eta birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuen ordansariak; 1.246.041 euro, lurzoruak eskuratzeagatiko kostua eta kanpo afektazioak; eta, 797.276 euro, notariotzak eta erregistroak. Azkenik, 720.000 euro aurreikusten dira berankortasunari aurre egiteko eta 116.260 euro auzi-gastuetarako.
Urteka, gasturik handiena 2007an izan zen, proiektua abian jarri eta kalte-ordainen kopuruak ezarri zirenean. 2009an, lanak egitearekin bat, 32,2 milioi euro inbertitu ziren; kopuru hori gutxinaka jaisten joan zen: 2010ean, 23 milioi euro; 2011n, 17,2 milioi; 2012an, 12,5 milioi; 2013an, 8,9 milioi eta 2014an 6,5 milioi.