1972ko Iruñeko Topaketen jardueren kartelak Ziudadelako Bolborategian ikusgai egonen dira azaroaren 27ra arte

1972ko Iruñeko Topaketen jardueren kartelak Ziudadelako Bolborategian ikusgai egonen dira azaroaren 27ra arte
José Luis Alexanco diseinatzaileak egindako diseinu grafikoko pieza hauek nazioarteko erakusketaren katalogoan bildu ziren, egun liburu-artearen harribitxia den horretan
Irudia
Irudia
Irudia

1972ko Iruñeko Topaketetan diseinu grafikoa arte-diziplinatzat hartu zen hasieratik. José Luis Alexanco (Madril, 1942-2021) –1965eko Grabatuaren Sari Nazionalaren irabazlea– zuzendari-lanetan aritu zen Luis de Pablo konpositorearekin batera ekitaldiaren antolaketan, zeinetan hainbat diziplinatako nazioko eta nazioarteko 300 artistak baino gehiagok parte hartu baitzuten. Horrez gain, diseinatzaile gisa, topaketen jardueren kartelak egin zituen, gero katalogo orokorrean orri-tolestu gisa txertatu zirenak; gaur egun, liburu horren aleak liburu-artearen benetako harribitxien pare estimatzen dira.

Gaurtik azaroaren 27ra, Ziudadelako Bolborategiko aretoan ikusgai egonen da 41 kartelak biltzen dituen erakusketa, zeinak jatorrizko tamainaren halako bi handiturik (44 x 100 cm) inprimatu baitira jendaurrean paratzeko. Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak eta Luis Garbayo erakusketaren komisarioak gaur goizean aurkeztu dute Udalaren ekimen hori, 1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenaren karietara. Aretora joateak aukera ematen du Huarte familiaren mezenasgoari esker hirian bildu ziren arte-abangoardien aniztasuna eta diziplina-aniztasuna ezagutzeko. Halaber, erakusketan topaketen figura ikoniko bat ikusgai dago: Equipo Crónicak egindako Ikusleen ikusle bat, publiko gisa (edo Brigada Politiko-sozial frankistaren polizia sekretu gisa) egon zena Iruñean egindako ekitaldi askotan. Bilduma partikular batetik dator obra.

Alexancoren kartelak 70eko hamarkadako teknikarik onenaren erakusgarri dira, gerora berretsiak, 1978an egile horri enkargatu baitzioten Espainiako Konstituzio berri eta desiratuaren edizio printzea diseinatzea. Aretoa ordu hauetan egonen da zabalik: asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era, eta astelehenetan ez da zabalik egonen.

José Luis Alexanco Espainiako abangoardiako sortzaile zorrotzenetako bat izan zen, eta funtsezko artista artearen eta teknologiaren arteko elkarreraginean. 1971n, Buenos Airesen zegoela, Luis de Pablorekin sortu zuen Soledad interrumpida lanaren estreinaldian, Luisek Juan eta Jesús Huarteren eskaera jaso zuen. Félix Huarteren semeek Iruñean kontzertu-sorta bat programatu nahi zuten, garai hartan hil berria zen aitaren omenez. Hasierako proposamen hori abiapuntu hartuta, elur-pilota efektua gertatu zen. Aurreikusita zegoen lau eguneko topaketa bat egitea, baina azkenean programaren iraupena bikoiztu behar izan zen, ekainaren 26tik uztailaren 3ra. 1972ko katalogoan pintoreak, arkitektoak, dantza- eta antzerki-sortzaileak eta musikariak ageri dira; dena den, zerrendan dauden artista guztiak ez datoz bat azkenean Iruñean egon ziren artistekin, hein batean ezin izan zelako egin programatutako guztia. Topaketen bigarren edizioaren prestaketa ezerezean gelditu zen 1973an ETAk Felipe Huarte bahitu zuenean.

¿Te ha sido útil esta página?