Historia
Bidea Oviedo Asturiaseko erresumako hiriburua zen garaian sortu zen. Musulmanen razzia delakoen beldur, mugako hirietako erlikia gehienak Oviedoko hiriburura lekualdatu ziren; zehazki, Alfontso II.a Kastoak horiek gordetzeko Ganbera Santua eraikitzea agindu zuen, San Salvadorreko katedral-multzoaren barruan, Erromako hiriak zuena bezain garrantzitsua zen erlikia-bilduma sortuz. Horrela, Oviedo erromesaldi-gune garrantzitsu bihurtu zen. Zehazki, meseta zeharkatzen zuten erromesak, Leónera iristean, iparralderantz joaten ziren, Pajareseko mendatea zeharkatzeko eta Oviedora jaisteko; izan ere, garai hartan adierazten zen moduan, “Santiagora doana eta ez (Oviedoko ) Salvadorrera, morroia (apostolua) bisitatzen du baina ez bere jauna (Kristo).”
Eta horrela sortu zen Salvador erromesbidea, León eta Oviedo lotzen dituena. 100 kilometro dira, gutxi gorabehera, horietatik heren bat mendikoak, gaur egun ongi seinaleztatuta eta erromes-aterpetxeak dituena. Oviedotik, ibiltariek Compostelaraino jarrai dezakete Antzinako bidetik, edo kostaldera jo Aviléseraino, eta handik, Iparraldeko bidetik jarraitu.
ERROMESENDAKO INFORMAZIOA
Salvador bidea da, ziurrenik, biderik menditsuena, eta beste batzuk baino zailtasun handiagoa dakar, Antzinako bidea barne. Gomendagarria da mendian ibiltzera ohituta daudenendako.
Kantauriar mendikatean elurra eta lainoa ohikoak dira neguan. Horregatik, komenigarria da eguraldiaren aurreikuspenen berri izatea eta ekipamendu egokia eramatea.