Iruñeko Udalaren 2018eko memoria

AHOLKULARITZA JURIDIKOA

Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoa Alkatetzari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta zuzendaritza-organoei aholkularitza juridikoa emateaz arduratzen den administrazio-organoa da. Eginkizun hauek ditu esleiturik: aholkularitza juridikoa ematea, bai eta Iruñeko Udala eta haren erakunde autonomoak epaiketetan defendatu eta ordezkatzea ere.

2018an, udalaren aholkularitza juridikoan bi administrari (osoko bilkuraren idazkariarentzat ere lan egin zuten), Zuzenbideko zazpi lizentziadun eta hamar legelari izan ziren. Hirigintza Gerentziaren aholkularitza juridikoan, berriz, bi legelari eta Zuzenbideko lizentziadun bat izan ziren, baita aholkularitza juridikoko zuzendaria ere. Halaber, aholkularitza juridikoko langileen artean zuzendaritza ere hartu behar da kontuan, organo hori beharrezkoa baita, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 130.1.B.d) artikuluaren arabera.

Aholkularitza juridikoak zeregin nagusi hauek izan zituen 2018an:

  • Iruñeko Udalak eta haren organismo autonomoek esleitutako kontratuei buruzko nahitaezko legezkotasun-txostenak egitea; kontratuen ezaugarriak idaztea; parte hartzea, idazkari-lanak eginez, prozedura negoziatuetako kasuan kasuko kontratazio-mahaietan eta negoziazio-batzordeetan.
  • Iruñeko Udalaren besterentzeak, administrazio-emakidak, erabilera-lizentziak eta ondasunen errentamenduak arautu zituzten baldintza-plegu eta kontratuak prestatzea eta txosten juridikoak egitea, eta era berean, kontratazio-mahaietan idazkaritza-eginkizunekin parte hartzea.
  • Iruñeko Udalaren besterentzeak, administrazio-emakidak, erabilera-lizentziak eta ondasunen errentamenduak arautu zituzten baldintza-plegu eta kontratuak prestatzea eta txosten juridikoak egitea, eta, gainera, kontratazio-mahaietan parte hartzea idazkaritza-eginkizunetan.
  • Lankidetza-hitzarmenen prestaketan parte hartzea, eta Iruñeko Udalak onetsi zituen hitzarmenen gaineko legezkotasun-txostenak egitea.
  • Herritarrendako lege-aholkularitzaz arduratzea emakumeendako arreta-zerbitzuan.
  • Hirigintza-lizentzien espedienteetan txosten juridikoak egitea, hirigintza-legezkotasuna babestea eta arlo horretako zehapen-espedienteak egitea.
  • Iruñeko Udaleko hiria birgaitzeko bulegoak kudeatu zituen birgaitzeko laguntzen espedienteetan aholkularitza juridikoa ematea.
  • Herritarrei aholku ematea eraikinak zaharberritzearekin lotutako alderdi juridikoen gainean, jabeen erkidegoen akordioek eraikinak zaharberritzeari dagokionez izan behar duten edukiaren gainean, bai eta akordio horiek baliozkoak izateko izan behar dituzten betebehar juridikoen gainean ere. Bestalde, hiria birgaitzeko bulegoan bertan egindako jabeen erkidegoen batzarretan ere parte hartzen du.
  • Txosten juridikoak egitea, plangintza- zein birpartzelazio-dokumentuak eta urbanizazio-proiektuak onesteko, bai eta Iruñeko Udalak onetsitako hirigintza-plangintzako eta kudeaketako hitzarmenetan ere.
  • Txosten juridikoak egitea zirkulazioko, ingurumeneko, hiri-ekologiako eta osasuneko zehapen-espedienteetan.
  • Txosten juridikoak egitea langileekin zerikusia duten gaietan, eta langileak hautatzeko prozeduretan parte hartzea.
  • Txosten juridikoak egitea ondare-erantzukizuneko espedienteetan eta udal-ondasunei egindako kalteak erreklamatzeko espedienteetan.
  • Teknikariekin elkarlanean ordenantzak idaztea, eta horiei buruzko legezkotasun-txostenak egitea.
  • Aholkularitza juridikoa ematea erroldatze, udal-erregistro, ezkontza zibil eta izatezko bikoteen gaineko espedienteekin lotuta.
  • Udal-alorretako idazkari teknikoen eta Osoko Bilkuren idazkariaren ordezkapen-lana egitea, haiek oporretan, baimen-egoeretan eta aldi baterako lanerako ezintasun-egoeretan daudenean.
  • Aholkularitza juridikoa eta idazkaritza-eginkizunak egitea Haur Eskolen erakunde autonomoarentzat, Gayarre Antzokia udal-fundazioan eta Emakumearen Kontseiluan.
  • Laguntza ematea, idazkari- eta mahaikide-eginkizunak betez, honako merkataritza-sozietate hauetako akziodunen batzarretan eta administrazio-kontseiluetan: Iruña Biziberritzen SA, ASIMEC SA, Comiruña SA, Mercairuña SA eta Asociación Navarra de Informática Municipal SA.
  • Zinegotzigoek, alorretako zuzendaritzek, idazkaritza teknikoek eta Iruñeko Udaleko langileek hitzez egindako hainbat kontsultari erantzun zitzaien.
  • Iruñeko Udala defendatzea jurisdikzio-ordena guztietako epaitegi eta auzitegietan.

2018an, zerbitzu juridikoak administrazio-fasean honako errekurtso hauek defendatzeaz arduratu ziren:

  • Berraztertzeko 1.704 errekurtso izapidetu ziren, eta 1.620 ebatzi dira.
  • Ebatzitako errekurtsoen emaitzari dagokionez, honako hauek dira xehetasunak: 38 ez dira onartu (% 2,35); 888 ezetsi egin dira (% 54,81); 652 baietsi egin dira (% 40,25); eta 42 partzialki baietsi dira (% 2,59).
  • 84 errekurtso geratu dira ebazteko.
  • Gora jotzeko 1.234 errekurtso izapidetu ziren, eta, guztira, haietako 721 ebatzi.
  • Gora jotzeko errekurtso ebatzien emaitza honako hau izan da: 33 onartu gabe geratu dira (% 4,58); 20 artxibatu egin dira (% 2,77); 2 atzera eginda geratu dira ( % 0,28); 357 ezetsi egin dira (% 49,51); 81 baietsi egin dira (% 11,23); eta 166 partzialki baietsi dira (% 23,02).
  • 83 geratu dira ebazteko.

2018an, zerbitzu juridikoak Iruñeko Udala eta haren erakunde autonomoak defendatzeaz arduratu ziren administrazioarekiko auzien ordenako, ordena zibileko, merkataritza-ordenako, zigor-ordenako eta lan-ordenako epaitegi eta auzitegietan jarraitutako 246 prozeduratan (auto nagusiak eta intzidentalak zenbatu dira).

Prozedura motaren arabera, auto nagusi eta intzidentaletako defentsa egin zen administrazioarekiko 183 auzitan, ordena zibil eta merkataritza-ordenako 32tan, zigor-ordenako 14tan eta lan eta gizarte-segurantzaren arloko 17tan.

Gainera, legelari-laguntza ere eman zen udal-langileek zigor-prozeduretan ikertu gisa emandako deklarazioetan.

Defendatutako administrazioarekiko auzien prozeduretatik, prozedura zibiletatik eta zigor-prozeduretatik 126k zenbateko zehaztugabea zuten.

Gainerako 103k zenbateko zehaztua zuten: 30.466.043,44 euro izan zen prozedura horien zenbatekoa.

2018an, administrazioarekiko auzien arloan, arlo zibilean eta zigor-arloan 120 prozedura amaitu ziren (administrazioarekiko auzietako 99 prozedura, 16 prozedura zibil eta 5 zigor-prozedura), eta horietatik 67 prozedura nagusiak izan ziren.

Amaitutako prozeduretatik, 61 (% 50,83 ) udal-interesen aldekoak izan ziren, eta gainerakoak –59 (% 49,17)–, aurkakoak.