AHOLKULARITZA JURIDIKOA
Iruñeko Udaleko aholkularitza Juridikoa Alkatetzari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta zuzendaritza-organoei aholkularitza juridikoa emateaz arduratzen den administrazio-organoa da. Eginkizun hauek esleituta ditu: aholkularitza juridikoa ematea, bai eta Iruñeko Udala eta haren erakunde autonomoak epaiketetan defendatu eta ordezkatzea ere.
2017an, udalaren aholkularitza juridikoan 2 administrari (osoko bilkuraren idazkariarentzat ere lanean), zuzenbideko 6 lizentziadun eta 9 letradu izan ziren. Hirigintza Gerentziaren aholkularitza juridikoan, berriz, 2 letradu eta zuzenbideko lizentziadun 1 izan ziren, baita aholkularitza juridikoko zuzendaria ere. Halaber, aholkularitza juridikoko langileen artean zuzendaritza ere hartu behar da kontuan, organo hori beharrezkoa baita, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 130.1.B.d) artikuluaren arabera.
Aholkularitza Juridikoaren zeregin nagusi hauek izan zituen 2017an:
- Iruñeko Udalak eta haren organismo autonomoek esleitutako kontratuei buruzko nahitaezko legezkotasun-txostenak egitea; kontratuen ezaugarriak idaztea; parte hartzea, idazkari-lanak eginez, prozedura negoziatuetako kasuan kasuko kontratazio-mahaietan eta negoziazio-batzordeetan.
- Iruñeko Udalaren besterentzeak, administrazio-emakidak, erabilera-lizentziak eta ondasunen errentamenduak arautu zituzten baldintza-plegu eta kontratuak prestatzea eta txosten juridikoak egitea, eta era berean, kontratazio-mahaietan idazkaritza-eginkizunekin parte hartzea.
- Diru-laguntzetarako deialdien oinarriak idazteko lanetan parte hartzea, diru-laguntzetarako deialdien gaineko legezkotasun-txostenak prestatzea eta balorazio-batzorde batzuetan parte hartzea diru-laguntzak emateko proposamenak egiteko.
- Lankidetza-hitzarmenen prestaketan parte hartzea, eta Iruñeko Udalak onetsi zituen hitzarmenen gaineko legezkotasun-txostenak egitea.
- Herritarrendako lege-aholkularitzaz arduratzea emakumeendako udal-laguntza zerbitzuan.
- Hirigintza-lizentzien espedienteetan txosten juridikoak egitea, hirigintza-legezkotasuna babestea eta arlo horretako zehapen-espedienteak egitea.
- Iruñeko Udaleko hiria zaharberritzeko bulegoak kudeatu zituen zaharberritzeko laguntzen espedienteetan aholkularitza juridikoa ematea.
- Herritarrei aholkularitza ematea eraikinak zaharberritzearekin lotutako alderdi juridikoen gainean, jabeen erkidegoen akordioek eraikinak zaharberritzeari dagokionez izan behar duten edukiaren gainean, bai eta akordio horiek baliozkoak izateko izan behar dituzten betebehar juridikoen gainean ere. Bestalde, hiria zaharberritzeko bulegoan bertan egindako jabeen erkidegoen batzarretan ere parte hartzen du.
- Txosten juridikoak egitea, plangintza- zein birpartzelazio-dokumentuak eta urbanizazio-proiektuak onesteko, bai eta Iruñeko Udalak onetsitako hirigintza-plangintzako eta -kudeaketako hitzarmenetan ere.
- Txosten juridikoak egitea zirkulazioko, ingurumeneko, hiri-ekologiako eta osasuneko zehapen-espedienteetan.
- Txosten juridikoak egitea langileekin zerikusia duten gaietan, eta langileak hautatzeko prozeduretan parte hartzea.
- Txosten juridikoak egitea ondarezko erantzukizuneko espedienteetan eta udal-ondasunei egindako kalteak erreklamatzeko espedienteetan.
- Teknikariekin elkarlanean ordenantzak idaztea, eta horiei buruzko legezkotasun-txostenak egitea.
- Aholkularitza juridikoa ematea erroldatze, udal-erregistro, ezkontza zibil eta izatezko bikoteen gaineko espedienteekin lotuta.
- Udal Alorretako idazkaritza teknikoen eta Osoko Bilkuren Idazkaritzaren ordezkapen-lana egitea, haiek oporretan, baimen-egoeretan eta aldi baterako lanerako ezintasun-egoeretan daudenean.
- Aholkularitza juridikoa eta idazkaritza-eginkizunak egitea Haur Eskolen erakunde autonomoarentzat, Gayarre Antzokia udal-fundazioan eta Emakumearen Kontseiluan.
- Laguntza ematea, idazkari- eta mahaikide-eginkizunak betez, honako merkataritza-sozietate hauetako akziodunen batzarretan eta administrazio-kontseiluetan: Iruña Biziberritzen SA, ASIMEC SA, Comiruña SA, Mercairuña SA eta Asociación Navarra de Informática Municipal SA.
- Zinegotzigoek, alorretako zuzendaritzek, idazkaritza teknikoek eta Iruñeko Udaleko langileek hitzez egindako hainbat kontsultari erantzun zitzaien.
- Iruñeko Udala defendatzea jurisdikzio-ordena guztietako epaitegi eta auzitegietan.
2017an, zerbitzu juridikoak administrazio-aldiko honako errekurtso hauek defendatzeaz arduratu ziren:
- - Berraztertzeko 1.877 errekurtso izapidetu ziren, eta 1.831 ebatzi.
- Ebatzitako errekurtsoen emaitza hau izan zen: onartu gabe (42; % 2,29), atzera eginda (1; % 0,05), bertan behera (2; % 0,11), ezetsita (1.139; % 62,21), baietsita (607; % 33,15) eta zati batez baietsita (40; % 2,18).
- Ebatzi gabe: 46.
- Gora jotzeko 1.745 errekurtso izapidetu ziren, eta, guztira, haietako 1.662 ebatzi.
- Ebatzitako errekurtsoen emaitza hau izan zen: onartu gabe (53; % 3,19), artxibatuta (66; % 3,97), atzera eginda (1; % 0,06), ezetsita (11.017; % 66,61), baietsita (165; % 9,93) eta zati batez baietsita (185; % 11,13).
- Ebatzi gabe: 83.
2017an, zerbitzu juridikoak Iruñeko Udala eta haren erakunde autonomoak defendatzeaz arduratu ziren administrazioarekiko auzien ordenako, ordena zibileko, merkataritza-ordenako, zigor-ordenako eta lan-ordenako epaitegi eta auzitegietan jarraitutako 246 prozeduratan (auto nagusiak eta intzidentalak zenbatu dira).
Prozedura motaren arabera, auto nagusi eta intzidentaletako defentsa egin zen administrazioarekiko 184 auzitan, ordena zibil eta merkataritza-ordenako 25etan, zigor-ordenako 29tan (horietatik 2 akzio publikoak egikarituta) eta lan eta gizarte-segurantzaren arloko 8tan (lan-arloko 4 erreklamazio, eta gizarte-segurantzari buruzko 4).
Gainera, abokatu-laguntza ere eman zen udal-langileek zigor-prozeduretan ikertu gisa emandako deklarazioetan.
- Defendatutako administrazioarekiko auzietako eta arlo zibileko prozeduretatik 122k zenbateko zehaztugabea zuten.
- Gainerako 87k zenbateko zehaztua zuten, eta 29.597.789,54 euro izan zen prozedura horien zenbatekoa.
- 2017an, 99 prozedura nagusi amaitu ziren administrazioarekiko auzien arloan.
Amaitutako prozeduretatik, 63 (% 63,94) udal-interesen aldekoak izan ziren, eta gainerakoak, 36 (% 36,06), aurkakoak.
Administrazioarekiko auzien prozedurei dagokienez, nabarmendu beharra dago ezen, telefono-konpainiei likidatutako zergarekin lotuta Iruñeko Udalaren aurkako 7 epai emanda, aholkularitza juridikoak kasazio-errekurtsoa jarri zuela eta Auzitegi Gorenak onartu egin zuela, jurisprudentzia eratzeko kasazio-interesa ikusita.
2017an, arlo zibileko 9 auzi nagusi ebatzi ziren. Iruñeko Udalak horietatik 5 eskatu zituen; 3 ez zituzten baietsi, eta beste bietan Iruñeko Udalaren uziak baietsi zituzten. Iruñeko Udalaren kontra 4 prozedura zibil jarri ziren, eta baietsi egin zituzten guztiak; haietako 3 indibisoak desegiteko prozeduretan jarri ziren, non Iruñeko Udalaren jarrera prozesala indibisoa enkante bidez amaitzea den, Iruñeko Udalarenak guztiz ez diren udal-jabetzen prezioa finkatzeko erarik objektiboena horixe delakoan.
Kostuei dagokienez, Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek 34.732,37 euro jaso zituzten, eta 25.945,79 euro ordaindu.